Kristau ez den pertsona, batez ere, Euskal Herria kristautu aurreko euskalduna, herri-oroitzapenean kontaera ugariren bidez gelditu dena.
- Aholkua ematen: Baserritar batek gurutze bat zeukan mugarria behar ez bezala kendu eta leize-zulo batera bota zuen. Beste baserritar batzuk txarkeriaz ohartu eta mugarria lehengo lekuan berrezartzera behartu zuten. Orduan baserritar hura leize-zulora jaitsi zen mugarriaren bila eta bertan jentilak aurkitu zituen. Haiek esan zioten: "hartu harria bizkarrean gurutzea aurrera duela, bestela ezingo duzu garraiatu". Eta jentilek esandakoa egin eta baserritarrak mugarria lehengo lekuan berriz jartzea lortu zuen.
- Seme jatun eta indartsua: Ama-seme jentilek hamalau morroi zituzten, jentilak haiek ere. Behin amak semeari morroientzako bazkaria eman zion eta seme honek bidean zihoala hamalauen anoak jatea erabaki zuen, eta halaxe egin zuen. Morroiak kexatu zitzaizkion semearen amari, baina hark erantzun zien berak bidali ziela jatekoa. Semeari galdetzean, hark goseak akabatuta zegoela eta jan egin zituela hamalau bazkariak, erantzun zion. Orduan amak jaten eman zien morroiei. Ondoren semea morroiek zenbat lan egin zuten ikustera joan zen, eta seme jentilak, bi orduan egin zuen hamalau morroiek egun guztian egin zuten adinako lan saila.
- Jentil balankariak: Kontaera batek baino gehiagok adierazten du jentilak balankari bikainak zirela eta mendi gailur batetik besteraino jaurtitzen zutela.
- Jentilak beren burua defenditzen: Jentilak mendian bizi ziren, eta kristauek, kaletarrek harrapatu egin nahi zituzten. Jentilek beretako bat zelatan jartzen zuten eta kristauak hurbiltzean hark adarra jotzen zien bere lagunei. Jentilak mendi-gailurrean biltzen ziren eta kaletarrak igotzen hastean, prest zeuzkaten harri handiak piririka maldan behera bota eta kristauak hil egiten zituzten.
- Jentila eta lehoia: Jentil bakarti bat animalien artean bizi zen eta animalia horien artean lehoi bat zegoen. Lehoiak arantza bat zeukan hankan eta jentilak sendatu egin zuen. Jentilaren inguruko animaliek artaldeak jaten zizkieten kaletarrei eta horregatik, animaliak harrapatu eta kanpora bidaltzea erabaki zuten. Halaxe egin zuten. Jentila ere harrapatu eta plazara eraman zuten, lehoiak jan zezan. Lehoia jentilak hanka sendatu ziona bera zen eta ezagutu egin zuen eta inguruan bi bira egin zituen eta jentilak eskua ezarri zion bizkarrean. Hori ikustean ezagutzen al zuen galdetu zion, eta berak erantzun zien bizia salbatu ziola. Orduan bizirik eta libre utzi zituzten biak.
- Jentilak eta Martin Txiki: Jentilek bakarrik zekiten artoa ereiten eta Martin Txiki, haiekin tratatzen zuen bakarrak, apustu egin zien arto pila handi baten gainetik baietz salto egin. Martin Txikik abarka handi batzuk jantzi zituen saltoa egiteko. Jentilak aise salto egin zuen metaren gainetik, baina Martin Txiki piloaren erdian erori zen, eta abarkak artalez beterik zituela gelditu zen. Gero ihes egin zuen, baina jentila konturatu zen Martin Txikiren amarrukeriaz eta atzetik esan zion: "Hazia badaramak, baina noiz ereiten den ez dakik". Andre zahar jentil bati galdetu zion noiz ereiten zen, baina hark ez zion erantzun nahi izan. Emakumearen leiho ondoan zelatan jarri zen eta orduan entzun zuen: "San Isidrotan ereiten baduk, artoa jango duk, bai". Eta hala ikasi omen zuten euskaldunek artoa ereiten. Artoa erein eta hartu zuten, baina ez zuten ehotzen asmatzen, ez baitzekiten nolako ardatza egin behar zen. Orduan Martin Txikik joan eta esan zien: "Ez zaukagu errotarekin burukomin handirik, ondo ari gaituk errotarekin ". Eta orduan jentilek esan omen zioten: "Haltzarekin egindako ardatza jarriko zenioten-eta". Horrela jakin omen zuten kristauek haltza zela errota-ardatzak egiteko zurik egokiena.
- Jentil gizajaleak: Ataungo basoetan jentilak bizi ziren; jende gaztea eta haurrak harrapatzen zituzten eta ez ziren gehiago agertzen. Herrian jan egiten zituztela esaten zen. Jendea oso beldurturik zegoen eta indar militarra ekarri zuten, eta jentilak suntsitu ondoren etorri zen bakea herrira.
- Jentil on indartsua: Ataunen jentil indartsu eta zintzo bat bizi zen. Egun batean herrira jaitsi zen, herrian indarrik gehiena zeukana nor ote zen galdezka. Patxi Errementaria zela erantzun zitzaion. Jentila Patxi Errementariarengana joan zen eta hark itxaroteko esan zion, eta sutan goritutako orrikak atera, atzean gorde eta jentilarengana hurbiltzean kolpe batez sudurra moztu zion. Jentil zauritua errementariaren atzetik abiatu zen, baina ez zuen harrapatu. Aurrerantzean jentila lotsaz ez zen herrira jaisten sudurra moztua zuelako, eta herritarrak basora joaten zitzaizkion bisita egitera.
- Jentila eta Kristoren jaiotza: Garai batean lainorik ez zen baina bat-batean, mendian bizilekua zuten jentilek hodei bat ikusi zuten. Burutzat jentil zahar bat zeukaten, betazalak erorita zeuzkalako ezer ikusten ez zuena. Adineko horri galdetu zioten zer gertatzen zen eta hark betazalak altxatzeko eskatu zien. Horretarako laurogei arrobako palanka erabili behar izan zuten, eta jentilak hodeia ikustean esan zuen. "Kixmi, Kristau Tximua jaio duk, ahal dena ahal den tokira ezkuta dadila".
- Jentilak txakurra eta zezena akabatu: Haragi gordina janez mendian bizi zen jentil bati galdetu zioten ea gauza izango ote zen herriko baten txakur indartsua menderatzeko. Jentilak erantzun zien berak egingo zuela txakurrarekikoa, baina ez zeukala herrira jaisteko jantzirik. Orduan, txiki bazeukan ere, fraide-jantzi bat eman zioten eta hala jaitsi zen herrira. Plazan aulki bat eskatu eta bertan eseri zen, belaun bat doblatua eta aurrealdera zuela. Hala zegoela txakurra bota zioten eta belaunetik heltzeko kolpea bota eta ahoa irekitzean, jentilak atzaparrez heldu eta ahoa txikitu zion eta txakurra akabatu zuen. Gero zezena bota zioten, eta gauza bera egin zuen harekin ere.
- Ormaiztegiko zubia: Herri honetan zubi bat egiteko jentilak aukeratu zituzten, baina lana gau batean, eguna zabaldu aurretik bukatu behar zuten. Jentil asko omen ziren, Tomas izenekoak gutxienak izanik ere, hiru mila ziren. Ilaran jarri eta harria eskuz esku ekartzen zuten Aralartik, batak besteari izenez deituz. Eguna zabaltzearekin, bat-batean lanari utzi eta guztiak beren bizilekuetara joan ziren, zubia bukatzeko harri bakarra falta zutela.
- Ezkurrako jentila: Ezkurrako beheko aldean, Errotalde izeneko parajean jentilak bizi ziren. Egunez zulo horietan gordetzen ziren, eta gauez lapurreta egitera irteten ziren. Noizbehinka eguzkitan ageri ziren binaka elkarri burua garbitzen. Gauez tximinian barrena sartu eta haurrentzat prestaturiko ahia jaten zuten. Baina etxe batean etxekoandrea horretaz ohartu eta zartaginean zeukan olio frijitua bota zion jentil haietako bati, eta bere bizitza guztirako markaturik utzi zuen. Aurpegia ikusi ziotenean beste jentilak haserretu egin ziren, eta etxe hartara gauez itzuli, sarrerako atea jo eta atean esku-marka utzi zuten. Amarrandegi da etxearen izena.
- Neska jentilarekin izandako haurra: Herriko mutil batek haurra izan zuen jentil batekin, eta hori jakitean apaizak esan zion mutilari haurra kentzeko amari. Jentilak lotan zeudela mutilak haurra kendu zien, baina berehala konturatu ziren eta harrapatu nahian atzetik jarraitu zioten mutilari. Baina ez zuten lortu, mutilak ihes egin baitzien haur eta guzti. Orduan etxeko ateari sastakaia sartu zioten, jentilak ez baitziren etxeko sarreratik aurrera sekula pasatzen.
