Culturales

Haritz Euskal Dantzari Taldea

Haritz Euskal Dantzari Taldea 1973. urtean sortu zen Elgoibarren, San Bartolometan egin ohi zen soka-dantza mantentzeko helburuarekin. Geroztik Elgoibarko tradizioen eta ondarearekiko ardura eta dantza-errepertorioan sakontzea izan ditu xede nagusi.

1950eko hamarkadatik aurrera zenbait talde desberdinen bidez plazaratu izan ziren dantzak eta San Bartolome festa nagusietan ohikoa izaten zen soka-dantza edo aurreskua Elgoibarren: elizaren inguruko kongregazioak hasieran, Baltasar elkartea ondoren eta Ongarri kultur elkartea 1961etik aurrera. Elgoibarko Izarra elkarteak umeen lehen dantza taldea 1964an plazaratu zuen, eta urte berean Elorra dantza taldea sortu zen. Elorrak plazaratu zuen soka-dantza San Bartolome jaietan harik eta 1972 taldea desegin zen arte. Elorran dantzari, eta Elgoibarko Izarran umeak prestatzen ziharduen taldeak, Ion Arrieta eta Lurdes Odria buru zituztela, San Bartolome eguneko soka-dantzari eusteko asmoz abiatu zuten Haritz Euskal Dantzari taldea.

Lau hamarkada pasata, San Bartolome jaietako soka-dantza plazaratzen segitzen du Haritz euskal dantzari taldeak, eta horixe du urte osoan egiten dituen saioen artean kuttunenetakoa. Herriko auzo eta festetan parte hartzen du, Aiastian San Migel festetan, Idotorben San Pedroetan eta baita Galiziako Etxeak antolatzen dituen festetan ere. 2009tik aurrera Errosarioko Amaren ezpata-dantza dantzatzen du Haritzek Elgoibarko kaleetan.

Horrez gain aipatzekoa da uztailean Portugaleteko Elai-Alai elkartearen laguntzaz antolatzen den Nazioarteko folklore jaialdia, 1987tik gaurdaino atzerriko hamaika talde Elgoibarren ikusteko aukera zabaldu duena. Haritzek beste hainbat herritan ere eskaini izan ditu emanaldiak, bai eta Europako zenbait herrialdetan (Katalunia, Austria, Belgika...) ere.

Donostiako Argia dantzari taldea eta bere zuzendari Juan Antonio Urbeltz-ekin lankidetzan dihardu Haritzek azken 25 urteetan, eta 1988an Confolens-eko Nazioarteko Jaialdian Zortziko ikuskizuna estreinatu zenetik Argiak sortutako ikuskizun guztietan parte hartu dute Haritzeko dantzariek: Zortziko, Muriska, Alakiketan, Kondharian, Pas de Basque, Axeri-boda, Axuri-beltza, Aunitz urtez eta Besta Berri, hain zuzen ere.

Eibarko Kezka eta Debako Gure-Kai dantza taldeekin elkarlanean aritzen da, eta baita Galdakaoko Andra Mari, Portugaleteko Elai-Alai, eta Iruñeko Duguna taldeekin ere.

Inazio Bereziartua musika eta dantza eskolaren baitan haurren dantzako prestakuntza bere gain du Haritz euskal dantzari taldeak, ehunka ikasleri dantzarako oinarrizko hezkuntza eskainiz bertan.