Culturales

Kezka dantza taldea

Euskal dantza tradizionala landu, ikasi, sustatu eta hedatzeko helburuarekin lan egiten duen Eibarko dantza taldea da Kezka. 1957an sortu zen Eibarko Klub Deportiboan dantza jorratzeko batzordea eta 1958ko apirilaren 13an egin zuen lehen emanaldia Arrateko zelaian. Gregorio Santa Cruz dantza-maisua izan zen taldeko lehen zuzendaria.

Eibarko festen egutegian dantza tradizionalak eskainiz eta sustatuz parte hartzen du Kezka dantza taldeak. 1967 arte San Joan eguneko aurreskua edo soka-dantza egiten zuen Udaletxe aurrean, eta 27 urteko hutsunearen ondoren, 1994an berreskuratu zuen soka-dantza, Usartza txistulari taldearen laguntzarekin. Azaroaren 30ean, San Andres nekazal azokaren baitan Plazara Dantza erromeria antolatzen du 1993. urtetik.

Arrateko santutegian, irailaren 8an egin ohi den erromerian ohikoa izan da Kezka dantza taldearen parte hartzea bere historian, eta 2005. urtetik aurrera Arrateko dantzen errepertorioa eskaintzen du bertan. 1930eko hamarkadan, inauterietan, Eibarren ospatu izan ziren kaldereroen konpartsak gogoraraziz, Eibarko kaldereroen festa berreskuratu zuen Kezka dantza taldeak 1991. urtean. 2008ko neguan Koko-dantzak eta koko-eskea izeneko inauteri dantza eta eske ohitura berrantolatu zuen Eibarko baserri eta kaleetan. Harrez gero, koko-jantzitako (mozorrotutako) segizio zaratatsuak musika, dantza eta festa eramaten ditu baserrietara, eta iluntzean herriko kaleetan ospatzen du aratustea.

1965ean antolatu zen lehen aldiz Euskal Jaia Eibarren, eta urtero-urtero ospatu da harrezkero. Arrate Kultur Elkarteak eta Eibarko Klub Deportiboak parte hartu dute festa honen antolaketan luzaroan, herriko beste hainbat elkarteren laguntzarekin. Euskal Jaiaren baitan, Ezpalak, dantza tradizionaleko nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezka dantza taldeak Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean. Maiatzeko azken asteburuan Iruñean eta Eibarren ospatzen den jaialdi hau gai zehatz baten inguruan egituratzen da. 2006an antolatu zen lehen jaialdian ezpata-dantzak jorratu ziren, eta ondoko urteetan makila-dantzak (2007), arku-dantzak (2008), karaktere dantzak (2009), dantza-jauziak (2010), dantza soltea (2011), zinta-dantzak (2012) eta sorgin-dantza eta enbor bereko ezpalak (2013) jorratu dira. Euskal Herriko dantza taldeekin batera Katalunia, Gaztela, Galizia, Portugal, Okzitania, Flandes, Italia, Ingalaterra, Transilbania eta Norbegiako dantza taldeek parte hartu dute orain arte Ezpalak jaialdian.

Kezka dantza taldea 30 dantzari, 5-6 musikarik eta zenbait laguntzailek osatzen dute 2013. urtean. Dantzari eta laguntzaileen artean Kezka dantza eskola kudeatzen dute. 6 eta 16 urte bitarteko 150 ikasle ditu dantza eskolak, eta 50 ikasle heldu. Eibarko Portalea Kultur Etxeko dantza-gelan eskaintzen dira dantza-eskolak eta bertan egiten dira entseguak baita ere.

1990. urtetik aurrera Debako Gure-Kai eta Elgoibarko Haritz dantzari taldeekin harreman estua izan du Kezka dantza taldeak, elkarrekin hainbat jarduera, jaialdi eta dantza-saio antolatuz. Haritz dantzari taldearekin eskutik Donostiako Argia dantzari taldearekin harremanetan jarri zen Kezka dantza taldea, eta 1994tik Juan Antonio Urbeltzen zuzendaritzapean Argiaren hainbat ikuskizunetan parte hartu dute Kezkako dantzariek: Alakiketan (1991), Kondharian (1997), Pas de Basque (2002), Axeri-boda (2008), Axuri-Beltza (2009), Aunitz Urtez (2011) eta Besta Berri (2012).

  • ARAOLAZA, Oier. Gregorio Santa Cruz dantza-maisua, 1989-1980. Eibar: Ego-Ibarra, 1998.