Arquitectura

Bilboko Udaletxea

Ikuspegi demografiko eta ekonomikoari so eginez gero, Euskal Herriko hiriek hazkunde berezia izan zuten XIX. mendean. Gogora dezagun, mende horretako bigarren erdian gure lurraldean industrializazio prozesua barreiatu zela. Hori dela eta, zabalgune egitasmoak antolatzeaz gain, garai honetan eraikinak eta azpiegiturak premia berriei erantzuteko diseinatu eta gauzatu behar izan ziren.

Bilboko kasuan, aipatutako mendearen azken herenean, Alde Zaharreko muga gaindituta eta Abando eta Begoñako elizatearen lurrak erantsi ondoren, Abandoko Zabalgunea zelakoak onespen ofiziala jaso zuen, 1876. urtean alegia. Karlistada amaitu eta gero hasi ziren Zabalguneko lanak.

Testuinguru horretan, San Agustin komentuaren orubean, gaur egungo Udalaren zubiaren eta Campo Volantin pasealekuaren ondoan zegoen esparruan alegia, Bilboko udaletxea eraiki zen. Komentu zaharraren orubea, Mendizabal ministroaren desamortizazio prozesuaren ondorioz, Estatuaren eskutara pasatu zen hasiera batean. Hala ere, hainbat egitasmo -Ofizio eta Artearen Eskola eta erakusketarako Pabilioia, besteak beste- atzera bota ondoren, Bilboko errejidoreek hiribilduko etxea eraikitzeko aukeratu zuten.

Jakina denez, Bigarren Karlistadan, San Anton elizaren parean zegoen hiribilduko antzinako udaletxea suntsitu egin zuten. Beraz, udaletxea Estufa kaleko etxe-jauregi batean, San Nicolas elizari erantsita, ezarri zuten. Hala ere, eraikin berri baten beharra sortu zen berehala.

Joaquin de Rucoba udal arkitekto izendatu zuten 1883. urtean eta garai hartako Bilboko alkateak, Eduardo Victoria de Lecea y Arana, haren izena proposatu zuen udaletxearen traza eta eraikuntza burutzeko. Rucobak Malagako udaleko arkitekto izan zuen 1870. urteaz geroztik 1882. urtera arte eta ospetsua zen arlo horretan. Izan ere, arkitektoak aparteko eskarmentua zeukan, zenbait lan publiko egin baitzituen Andaluziako hirian.

Beharrezko izapideak bete ondoren, 1884. urtean hasi ziren eraikitze lanak eta 1892. urtean inauguratu zuten.

Rucoba arkitektoak diseinatu zuen eraikina joera eklektikoan kokatu daiteke. Izan ere, hainbat erreferentzia -neobarrokoa, neoerrenazentista, neoarabiar-, osagai artistiko -erromatarrak, rococoarrak- eta Frantziako III. Errepublikaren korronte klasizista konbinatu zituen.

Udaletxe gehienetan funtzionaltasuna da lehentasuna baina horretaz gain, Bilboko kasuan edertasunaren bilakaera eta arranditasuna nabaritzen dira, baita monumentaltasuna erdiestearren nahia ere. Hori guztia kontuan hartuta ez da harritzekoa eraikin hau Bilboko arkitekturaren historian eginkizun deigarria eta aipagarria izatea.

Eraikinak angeluzuzeneko oinplanoa dauka eta lau solairukoa da. Zinegotziek eta alkateak eskatutakoari jarraituz, Rucoba arkitektoak fatxada nagusiari eman zion garrantzi handiena. Fatxada horren erdiko atala tamaina handikoa da eta alboetan bi gorputz aurreratzen dira. Eraikin honetan horizontaltasuna gailentzen da.

Beheko pisuan leiho txikiak irekitzen dira eta bertako aretoek, beste bulego edo areto batzuekin konparatuz, altuera txikiagoa daukate. Badirudi, gorputz horren funtzioa solairu nagusia itsasadarraren uholdetik babestea zela.

Lehenengo pisuan, sarrerako eskailera eta terraza, balaustradaz hornituta, aipatu behar dira. Sarrera nagusiaren alboetan agertzen diren marmolezko mukulu biribileko eskulturak alegoriazko irudiak dira: Legearena Vicente Larreak egina eta Justiziarena Serafin Basterraren lana. Horretaz aparte, gorputz horretan agertzen diren hutsuneek eta apaingarriek joera neorrenazentistari jarraitzen diote: arku erdizirkularrak dituzte eta errenazimenduaren berezkoak diren maskaroiak eta beste zenbait osagai erabiltzen dira.

Bigarren solairuaren bereizgarririk deigarriena arkuteria da. Loggia bezala ulertuta, Rucoba binakako zortzi zutabez eta hiru arku peraltadunez baliatzen da gorputz honen konposiziorako. Dagokien hormarteak aurreratu eta udal balkoi guztia estaltzen dute. Goiko partea frontoi erdizirkular batez osatzen da, non erlojua kokatzen den. Pisu honetan tamaina handiko bao angeluzuzenak agerian daude, zirkuluerdi-formako frontoiez errematatzen direnak. Hainbat joera eta erreferentzi artistiko sumatzen dira atal honetako apainduran. Aipatzekoak dira zutabe eta pilastra korintoarrak, errenazimenduko eta barroko garaiko motibo zizelatuak (geometrikoak zein begetalak) eta alboetako mukulu biribileko irudiak.

Hirugarren pisuan hainbat motako baoak agerian daude, zirkularrak, idi-begiak izenekoak, eta angeluzuzenak. Alboetako gorputzetan eta erdiko partean daude idi-begiak. Bilboko historiako pertsonaien irudiez eta pilastra binakatuez hornituta daude. Angeluzuzenak diren leihoek, berriz, txirikordak eta girlandak aurkezten dituzte. Horretaz gain, aurreratzen diren gorputzak frontoi zirkuluerdiz koroatzen dira eta tinpanoak, erdiko ataleko tinpanoa bezala, landare-motibo zizelatuez apainduta daude.

Eraikinak estalki handia dauka eta, erdialdean, dorre altu bat nabarmentzen da. Hau da, arkuteriaren arku peraltadunekin batera, eraikinaren ardatz bertikala indartzen duen elementua, orokorrean nagusi den horizontaltasuna hautsiz.

Barruko partean, kanpoan bezala, lengoaia eklektikoaz baliatzen da Rucoba arkitektoa handitasuna, oparotasuna eta luxua islatzeko. Lehenengo pisuan, atartea eta marmolezko eskailera nagusia eta haren balaustrada nabarmentzen dira. Bigarren pisuan, ordea, harrera-ospakizunetarako aretoa da deigarriena. Rucobak diseinatuta, estilo neoarabiarrean sortuta dago, garai hartako ekialdeko eta exotikoaren aldeko modaren arabera.

Gaur egun, Bilboko udaletxeak hiriko funtzio kudeatzailea betetzen du baina, premia berriei erantzuteko eta herritarrek eskatutako informazioa eta zerbitzuak modu berritzaile eta hurbilago batean eskaintzeko, udal egoitza berri bat sortu da.

San Agustin eraikin izenekoa, Bilboko udaletxe nagusiaren atzean dago. 2008. urtean hasi ziren eraikitze lanak, IMB Arkitektoek bururatuta, eta 2012. urterako amaitutzat eman ziren.

Eraikinaren oinplanoak, hiru gorputzek osatzen dutena, U forma dauka eta guztira ia 13.000 metro kuadro ditu. Lau solairuko egoitza berri honetan zenbait sailetako bulego teknikoak biltzen dira, herritarren hainbat eskari eta izapide kudeatzeko.

Amaitzeko, eraikin berriaren iraunkortasun joera ere aipatu behar da, berritasun nabarmenak aurkezten baititu, bai argien eta poluzioaren eremuan, bai euri-urak erabiltzeko orduan.

  • ASTIAZARAIN, Maria Isabel. Arquitectos guipuzcoanos del siglo XVIII. Manuel Carrera, Manuel Martin de Carrera. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia Kultura, Hezkuntza, Kirol eta Turismo Departamentua, 1991.
  • BASAS, Manuel. Casa de la villa de Bilbao: Primer Centenario 18921992. Bilbo: Bizkaiko Gaiak. Temas Vizcainos. Bilbao Bizkaia Kutxa, 1992.
  • PALIZA, Maria Teresa. "Joaquín de Rucoba y el salón árabe del Ayuntamiento de Bilbao". Kobie Bellas Artes V. 1988, 4757.
  • PALIZA, Maria Teresa. "La importancia de la arquitectura inglesa del siglo XIX y su influencia en Vizcaya". Kobie Bellas Artes IV. 1987, 65100.
  • YRIZAR, Joaquin. Las casas vascas: torres, palacios, caseríos, chalets, mobiliario. Bilbo: Libreria Villar, 1980.