Ondarroa, 1978.
Zuzenbide ikasketak ditu eginak eta kolaboratzaile moduan aritu da zenbait komunikabidetan, hala nola Euskadi Irratian eta Deia eta Berria egunkarietan edo Karmel, Bolo Bolo, Linterna gorria, aldizkarietan. Bertsolaritzarekin estuki erlazionatuta gazte denboratik, hainbat txapelketatan eta plazatan aritu da bertsotan hasiera batean eta ondoren gai-jartzaile lanetan. Bertso idatziak ere idatziak ditu.
Literaturaren munduan, baina, helduentzako poema liburu batekin hasi zen, Susa etxeak plazaraturiko Ezkatak (2006) poema liburuarekin, hain zuzen. Iratxe Retolaza kritikariak, honako hau zioen Berrian lehen obra horri buruz:
"Poesia liburu honen lehen parteak poetika berria jaso duelakoan nago, eta alde horri erreparatuz egin dut liburu honen alde. Lehen parte horretan, Bilbaok ezin(ar)en poetika bat abiatu du, baina, are aipagarriago dena, ezin(ar)en poetika hori subjektutasun jakin batetik abiatu du, euskal poesian hain jorratua ez den subjektutasun jakin batetik, emakumearenetik alegia. (...) eta horrekin batera, emakume-identitateak sorturiko ezintasuna, identitate horrek berak sorturiko mugak agerraraziz (izan muga fisikoak, izan muga psikologikoak, izan jendarte mailako mugak)."
Jon Kortazarrek dioenaren arabera idazle honen lehen lanean Jean Michel Maulpoix, Joseba Sarrionandia, Wislawa Szymborska, John Berger edo Elfriede Jelinek idazleen eragina nabaria da obran eta
"Leire Bilbaok badu dohain berezi bat ikusitakoa irudi eder bihurtzeko, eta egunerokotasunaren -ezkataren- dirdira berezia antzemateko.
Badu, neurri berean, poemak mezu indartsuaz bukatzeko, gramatikarekin eta aditzekin jolasteko eta hizkuntza haratago bidaltzeko gogoa. Ez dira dohain txikiak poeta berri batentzat."
Ez dut nahi
Ez dut lurperatuko nauen aberririk nahi,
izan nahi genuena ahora ekarriko didanik.
Ez dut nekatuko nauen maitasunik nahi,
lepora igoko zaidanik mendeku hartzeko ez bada.
Ez dut babestuko nauen amarik nahi,
alboan izango ez badut denbora badoanean.
Ez aberri, ez maitasun, ez amarik
ez badut, nora itzuliko naiz?
2006 urte horretan bertan ekin zion Leire Bilbaok haur eta gazteentzako liburuak idazteari. Eta urte horretan kaleratutako Amonak nobioa du, eta zer? (Elkar) lanarekin ibilbide emankor eta aberatsari ekin zion. Hurrengo urtetan etengabe plazaratu ditu Haur eta Gazte Literaturako idazlanak: Komunean galtzen naiz (Elkar,2007), Markel gelazikin (Elkar, 2008), Garazi gerezi (Mezulari, 2009), Teresa Cereza (Mensajero, 2009), Martin, egon geldi (Elkar, 2009), Armairu barruan ipuinak irakurtzen zituen neska (Erein, 2010), Olagarro bat bainuontzian (Elkar, 2010)eta Oihana hirian (Elkar, 2011).
Bilbaoren lanetan nabaria da testuen lanketa, era sinplean irudi ederrak sortuz sentimendu, egoera eta istorioak kontatzeko gogoa. Garazi gerezi liburua zela eta, honako hau zioen Xabier Etxanizek eginiko kritika batean:
"Narrazioa, ikusi ahal izan den bezala, esaldi laburrez osaturik dago. Egoera, sentimendu, ideien deskribapen labur eta zehatzak. Haur baten narrazioa, haur baten kontakizuna.
Fantasia, konplizitatea eta feminismoa (protagonista guztiak emakumezkoak, liburuaren tonua, irudien eta testuarena,...) azaltzen zaizkigu Garaziren ikuspuntutik narraturiko istorio honetan. Irudietan ere, idatzikoan bezala, nabaritzen da hori guztia."
Eta Armairu barruan ipuinak irakurtzen zituen neska ipuinaren harira idazleak irakurlearekin duen konplizitatea, bilatzen duen identifikazioa ere agerian dugu, Haur eta Gazte Literaturan hainbestetan bilatzen dena irakurketa biziagoa eta hunkigarriagoa bilatuz. Ane, ipuineko protagonista bera dugu narratzailea eta horrela irakurleak neskatilaren begiradaren bidez ikusten du guztia, neskatilaren sentimenduen bidez sentitu, Aneren beldurren, jakin-minez edo lasaitasunez (denetarik baitu istorio honetako protagonistak) bizi.
2011n, berriz, helduen literaturara bueltatuz bere bigarren poesia liburua plazaratu zuen Leire Bilbaok: Scanner (Susa, 2011). Liburua sei ataletan dago banatua, haurtzaroari begira, emakumeen gorputza, garraiobideak... liburuan zehar Iban Zalduak (Gara, 2011-12-10) Joseba Sarrionandiaren edo Bernardo Atxagaren oihartzunak ikusten dituelarik, obra osoa eta landua izanik:
"Liburu osatua da, beraz. Idazlearen foku hori erakusteaz gain, badu hertsitasuna, badu umorea ere lerroalde batzuetan, poema biziak ere tartekatzen dira, hitz-jokoak eginez eraikitako bat ere bai, esaldi fin baina kargaz beteak ez dira falta. Bost urte joan dira lehen liburua kaleratu zuenetik eta denbora ez da alferrik igaro, hau lasaiago idatzi duelakoan nago."
Behinola aldizkarian 2010eko maiatzean eginiko elkarrizketa batean aitortu bezala egia da "euskal idazleen lanetik edoski dudala, eta gerora egarri horrek kanpoko iturrietara ere eraman ninduela", izan ere Bilbaoren obran euskal iturriak bezala atzerriko idazleen eragina ere nabarmena da.
- BILBAO, L. Ezkatak. Donostia: Susa, 2006.
- ETXANIZ ERLE, X. "Gerezi ipuina", Behinola 21, 49-50.
- KORTAZAR, J. "Txikitasunaren isladak", El País, 2006-08-07
- RETOLAZA, I. "Ezinaren poetika", Berria, 2006-04-18
- ZALDUA, I. "Barrutik kanpora", Gara, 2011-12-10