Novela

Baleen berbaroa (1997). Edorta Jimenez

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Trilogia baten hasierako liburua da Baleen berbaroa abentura nobela, Sukar ustela eta Azeria eta lehoia liburuekin osatzen dena. Euskal irakurleen artean oso harrera ona izan duen eleberri hau gaztelaniara (Voces de ballena) nahiz italierara (La Voce delle Balene) itzuli da.

Kontakizunak XVI. mendeko Euskal Herrira hurbiltzen gaitu, hain zuzen ere, Bizkaiko kostaldean dagoen -eta Edorta Jimenezen (1953) jaioterria den- Mundatxa (Mundaka) herrira. Literatur kritiko batzuek nobela historikoen sailean kokatu izan dute; izan ere, eleberria egiazko gertaera historikoetatik abiatuta sortua da. Balearen ehizak, kofradiek, katolikoen eta higanoten arteko liskarrek eta Inkisizioaren mehatxuak garrantzia berezia hartzen dute eleberrian zehar. Horiek guztiak biziko ditu eleberriko pertsonaia nagusiak, Mundatxan 1571n (Testamentu Berria euskaraz kaleratu zen urte berean) jaiotako Sebastian Zubiletakoak. Lehenengo pertsonan kontatuko dizkigu Sebastianek, zahartzarotik, gaztea zela gertatutako hainbat pasadizo.

Goiz batean, Mundatxako talaiari den Simonek balea bi ikusi ditu Izaro uhartearen inguruan. Herritarrei berria emanda, itsasgizonak baleak ehizatzeko prestatuko dira, protagonista tartean. Bi baleetatik handiena ehizatzea lortuko dute, baina ura porturatzeak zoritxar ugari ekarriko dizkie aurrerantzean. Herritarren arteko liskar eta ezinikusiak sortuko dira balea dela kausa, Felipe II.aren aginduz ordura arte ehizatutako baleekin egindako banaketa egitea debekatu egingo baitzaie itsasgizonei.

Balearen zatirik preziatuena omen zen mihiaren erdia edo balearen erdia eskatuko die prebosteak (erregearen ordezkariak) mundakarrei. Gertaera horrek sortuko ditu eleberriko pasadizo ilunenak, eta apurka-apurka baleak sortutako ezinikusiak Inkisizioarekin eta gudu erlijiosoekin korapilatuz joango dira. Hala, abentura, intriga eta benetako gertaera historikoak biltzen dira eleberrian zehar.

Fikzioa eta historia maisuki harilkatuz, Edorta Jimenezek kontatzen du Armada Garaiezinean erroldatzera behartu zituztela hainbat eta hainbat euskaldun, eta amodio istorio bat tarteko, Sebastian Zubiletakoak ere armada horrekin bat egin beharrean ikusiko du bere burua.

Beste gertaera historiko batzuei dagokienez, Baleen berbaroa garatzen deneko parajeak garrantzia berezia dauka, batik bat Izaroko uharteak. Kontuan hartu behar dugu eleberria XVI. mendean dagoela kokatuta, eta mende hartan, San Bartolome gauez, Erromako Aitaren zaleek hamaika mila higanot hil zituztela. Hilketa haiek erlijio gerra garrantzitsua piztu zuten, eta erlijioen arteko borrokaren ondorioz, 1596ko irailean higanotek su eman zioten Izaroko komentuari. 1979an Izaron aurkitutako eskuizkribu bati esker dakigu bertako uretatik ez oso urruti zigortu zituztela Izarori eraso egin zioten higanot guztiak, bizirik higanot bakarra utziz, zigorraren berria eman zezan.

Edorta Jimenezek bere Urdaibaiko ipuin eta kondairak (1996) liburuan dio Fray Juan Zabalak idatzia dela eskuizkribua, hain zuzen ere, Baleen berbaroa eleberrian Sebastian Zubiletakoari Izaroko komentua ikusteko gonbitea egiten dion fraide berberak.

Izarori eraso egin zioten higanoten buru itsasgizon mitikoa eta katolikoen etsai porrokatua zen Sir Francis Drake zegoela esan izan dute batzuek (hain zuzen ere, gorago aipatutako Armada Garaiezinaren kontra aritu zena), baina Izaro: historia y tradiciones liburuan Anton Erkorekak dioskunaren arabera, Labayruk zein beste historialari garrantzitsu batzuek horren ezinezkotasuna azpimarratu dute. Sir Francis Drake 1596ko urtarrilaren 28an hil zen Portobelon, eta Izarori urte bereko irailaren lehenengoan egin zioten eraso.

Baleen berbaroa gertaera horiek baino urte batzuk lehentxeago kokatutako istorioa da, baina pertsonaiak behin eta berriz egiten die erreferentzia gertaera horiei, bere etorkizuna erabat baldintzatuko dutelako (trilogiaren jarraipenak erakutsiko duen legez).

Istorio benetan erakargarria dugu Baleen berbaroa, eta idazlearen dokumentazio lan handiak irakurleak istorioarekin gozatzearekin batera XVI. mendeko itsas herrietako usadioen berri izatea ere ahalbidetzen du. Horrez gain, eleberriko euskara bizi eta aberatsak are atseginagoa egiten du irakurketa; batetik, bizkaieraren kutsuak bikain girotutako eleberriari errealismo berezia ematen dio, eta irakurlea guztiz barneratzen du Bizkaiko kostaldean. Bestetik, nabarmena da idazlearen lan handia arrantzaren ofizioari dagokion lexikoa biltzen. Edorta Jimenezen hitzetan, itsasoari buruzko hiztegi ugari dugu euskaldunok, eta horiek literaturan sartzea erronka handia da. Horretan saiatu da idazlea, eta lexiko hori bildu eta inolako teknizismorik gabe era natural eta ulerterrazean txertatu du eleberrian.