Literaturaren historian Michel Montaigne (1533-1592) izendatu ohi da saiakeragintzaren aitzindaria eta, ildo horretatik, XVI. mendearen bukaeran hedatutako kultur giroan kokatu beharra dago literatura genero horren abiapuntua.
"Ni naiz, ni neroni, nire idazkien funtsa" adierazi zuen Michel Montaignek 1580an bere Entseiuak (Klasikoak, Gil Bera, E, Entseiuak I, II eta III, 1993) argitaratzearekin batera. Egia da saiakeraren literatura ez zuela Montaignek bakarrik hasi. Ildo horretatik, adibidez, idatzi zuen John Lockek bere Giza adimenari buruzko entseiua(Klasikoak, A.Gabikagogeaskoa, I eta II, 1999). Egia dugu, halaber, entsegugile adina saiakera mota badagoela. Ezin dira alderatu, esaterako, erortzear zegoen Austria-hugriar inperioko Vienaren berri eman zigun Kral Krausen izkribuak eta Alejandro Magnoren garaiko Sexto Enpirikoren zirriborroak, baina, historia nahiz kultur desberdintasunen gainetik, antzerako idazkera esparruari antzematen zaio haietan guztietan, arlo berezituren bat non literatura eta gogamena elkartu egin ohi diren: Saiakera.
Aipatu guztiek, bakoitzaren sasoian gaurkotasuna zuen kultur gai jakin bati heldu nahi izan zioten norberaren eskarmentutik abiaturik eta liburuen erreferentzietatik harago. Ahalegin horretan, ordea, beren buruak ere, iheskor bezain aldagaiak, ezagutarazten joan ziren. Saiakerak ez baitu azalpen sistematikorik eskatzen idazkeraren bidez gogamenari bidea ematea baizik. Arazo jakin bati buruzko disgresio dugu beste edozer baino gehiago, ez hurbilpen zientifiko edo filosofiko hertsirik. Saiakera da, jakin gabe, eguneroko bizitzak ekartzen dizkigun enbarazuen aitzina hartzen dugu jarrera intelektuala, baina, izkiribaturik azalduta. Ez dugu liburutegien premiarik entseguak idazteko. Horretarako gogoa besterik ez baitu behar, eta gogamena, bada.
Joseba Sarrionandiak Ni ez naiz hemengoa kartzelako egunerokoa idatzi zuenean (1985), dietario horren bidez, dudarik gabe, literatura egin zuen, baina saiakera egin izan zuen neurri berean. Hartan, Puerto de Santamarian giltzapetua eta isolaturik, liburua nahiz aipuak eskuratzeko aukera handirik gabe, soilik bere gogoa zein pentsamendua dela medio eta idazketa euskarri, orduko estetika, etika edo kulturari buruzko hausnarketa eskainiz saiatu zen. Horra hor saiakera literarioa.
Literatura, mundua ezagutzeko bidea izateaz gain, balizko ekintza ereduak aurreikusteko ere tresna badugu. Hau da, munduan aritzeko, eta bide batez mundua birmoldatu ahal izateko, lanabesa da idazkera, besteak beste. Saiakera hori besterik ez litzateke izango, literaturaren bidezko ezaguera. Horregatik, Montaigne edo bere garaikide izan zen Joanes Uharte (1530tik 1660ra), bakoitza berean, garaiko dogmatismoaren aurkako etsenpluak dira, entsegugileak direlako, hain zuen. Zeren eta norbera mundua ezagutzen saiatzen denean besteengandik jasotako iritziak ezin dira soilik bere hartan onartu. Saiogileak jakin nahi du mendebaldeko kulturaren hastapenetan filosofoak jakintza bilatzen zuen modu berean. Hau da, lehenengo eszeptiko helenistikoek egiten zuten gisan, bilaketari ekin nahi dio entsegugileak. Izan ere, grekoz Skepsis-ek gogoetaren bidezko ikerketa esan nahi du. Jakintzaren peskiza, berez. Eta hura da, bide batez, filosofiaren esangura: sofos-a (jakinduria) maite eta bilatu nahi izana (filos). Ez, ostera, betirako aurkitu eta eskuratu ahal izatea. Azken hau lortzen dutena jakintsuak lirateke. Besteak, filosofoak, nolabaiteko saiogile eszeptikoak besterik ez.
Baina saiakera, berez literatura bada ere, ezin da filosofiaren sinonimotzat hartu. Bestela, Sokratesek zioen moduan: "Benetako pentsamendua al da inora eramaten ez duen bilaketa?". Guk baietz erantzungo genioke: hori da entsegu literarioaren funtsa.
XVIII. mendeko aldizkarietan, Ilustrazioaren argitan, entsegua gorpuzten eta zabaltzen hasi zen gero eta indar gehiago hartuz.
Bestalde, egilea, sortzaile gisa, irudi erromantikoa dela esan ohi da eta, askotan, Goetheri leporatu izan zaio balizko jarrera artistiko indibidualista hura baina, aitzitik, Goethek berak herri literatura erabili zuen neurri berean, egilea gizabanako isolatutzat ezin dela har azaldu izan du. Horra bere hitzak:
"Beti aipatzen da originaltasuna, baina, hitz horrekin zer esan nahi dugu?
Jaiotzatik bertatik munduak eragiten gaitu eta horrela segitzen du hiltzeraino.
Benetan gurea bakarrik den zerbait badagoela esan al daiteke?
Agian egin nahi duguna egin ahal izateko indarra edo gogoa soilik!
Nire aurrekoei zor diedana esaterik banu, ez zen egin dudanaz nirea denik asko geratuko..."
Azurmendi, 1999
Areago, jakina denez, idazterakoan aurrekoei zor zaiena, baina, era berean, sortzerakoan norberaren gogoa aldarrikatuz, Goethek "literatura nazional-unibertsalaren" kontzeptua utzi zigun (Weltliteratur). Beraz, zorrak zor, egileari dagokiona eman behar zaio, irakurleari bezainbeste, bestalde.
Horixe izan zen, bere garaian Montaignek berak egin zuena. Ikasle txarra izan zen horrek, idazkuntzaren bidez, irakurketa eta idazketa pertsonala onduz, idazle bihurtuz, berreskuratu ahal izan zuen eskolak berak ukatu ziona. Ildo horretatik, entsegu testuen ezaugarri zehatzetan sartu aurretik eta haiek nola landu azaldu baino lehen, Michel Montaigne, saiakeragintzaren balizko sortzaileari buruz gauza pare bat argitu ditzagun (Zweig, 2008).
Michelen aitak bere haurra txikitatik behar bezala hezia izan zedin lehenengo latin hizkuntza ikas zezan deliberatu zuen. Horretarako frantsesez ez zekien irakasle alemaniarra ekarri zuen semearen irakaskuntzaren arduradun izateko. Familiaren etxeko batimenduetatik at hasi zen, bada, Montaigne gaztearen latinezko hezkuntza. Ez zuen inork berarekin latinez besteko hizkuntzarik erabiltzen eta, horretarako, bai gertuko zerbitzariek hasieran, baita bere gurasoek ondoren, adinez handituz zihoan neurrian, latinaren hastapenak ikasi behar izan zituzten. Horrela, orduko okzitaniera eta frantsesa bigarren eta hirugarren hizkuntzak izan ziren berarentzat eta etxean eta kalean ikasi bazituen ere, latina izan zuen jatorrizko hizkuntza eta irakurtzeko nahiz idazteko lehenik erabili izan zuena.
Ibilbide rousseautar horrek ekarri zuen, besteak beste, Bordeleko jesuitengana eramana izan zenean, Michel Montaignen isolamendua eta, halaber, kultura klasikoa ikasteko erraztasuna.
Izan ere, bera bakarrik egoten ohituta, ez omen zuen inguruan bere parekoen gertutasuna onartzeko gaitasunik eta, aldiz, latinezko irakurketa eta idazketetan aise aurkitzen zuen bornutik zetorkion desatsegina baretzeko parada.
Michel Montaignen eskola porrot nabarmen horretatik, jakina, latinarekin zerikusia zuenak salbatu zuen. Horrela, ikastegian obra klasikoak antzezteko usadioan Montaignen protagonistarena egiten ohituta egon zen, baina, oro har, ezin esan bere ikasketa arautuak batere arrakastatsuak izan zirenik.
Alderantziz, gizabanakotasunean hezia, Michel gaztea ez zen irakasleen aurrean isiltzen eta bere iritzia defendatzen ez zuen batere beldurrik jesuiten diziplina handia izan arren.
Halaber, klasiko latindarrak bere kasa irakurriz aurkitzen zuen eskolak eskaintzen ez zion interesa.
Eskola taldetik bereizita, gizabanako gisa eraikiz joan zen Montaigne gaztetan, beraz, protestantismoari zegokion kultur jarreran sakonduz (irakurketa indibidualizatua, norbanakoaren kontzientziari Elizaren iritziari baino garrantzia gehiago emanez, etab...) bere inguruan katolikoen eta kalbinisten arteko erlijio gerrak pizten ari ziren garaian.
Horrela, ofizialki papista izan arren, izaera guztiz protestantea garatu zuen txikitatik.
Horrela hasi zen orduan argitaratu berriak ziren "Sexto Enpirikoren" Pyrrhoneiai Hypotyposiseis irakurriz, non, horretan ere jesuiten izpirituari ihes eginez, antidogmatismoarekin batera erlatibismoaren ildoa urratu zuen. Hura izan zen skepsisaren abiapuntua. Hau da, irakurketa idazketa bilaketa bihurtu eta, beren bidez, mundua ikertu eta ulertu ahal izateko erabili zituen.
Bere orduko irakurketak, kaleratu berriak ziren Pirronen idazki helendarrenak izan ziren, Erdi Aroan ezezagunak zirenak eta greziar kulturan, estoikoen aurka, zurruntasun morala gaitzesten zutenak. Ez ziren eskola jakin baten emaitzak ezizenez "enpiriko" deituak eta, ustez, sendagile baten iritziak eta galderak zirenak. Eta horiek ez ziren, bada, ez ortodoxoak eta ez heterodoxoak, autodoxiaren aldarri baizik.
Izkribu haien edukiaz nahiz formaz eraginda hasi zen Montaigne idazten. Haiek izan ziren, nolabait esanda, bere eredu genero berpiztu bati jarraipena emateko: saiakerari.
Gauza bertsua esan genezake Joanes Uharteri buruz, zeina Montaignen garaikidea izanik antzerako kultur giroan izkiriatu zuen bere Zientzietarako Argimenen Azterketak (klasikoak, Xabier Kintanaren itzulpena-1996) ohiko dogmatismo eskolastikotik ihesi nahian.
Ikuspegi anglosaxoi batetik saiakera fikzioa erabiltzen ez duen literatura omen da. Irizpide hori, halere, merkatuari men egiten dio literaturari baino zeren Tomas Morok zer iritziko ziokeen horri ezin da jakin baina, zalantza izpirik gabe, bere Utopia, era berean, saiakera eta fikzioa bada, adibidez.
Alemaniar literaturan Hans Markus Enzenbergen edo Peter Weis idazleak eleberrigintzan edo antzerki munduan ezagunak izan arren, saiogiletzat jotzen dira gehien batean. Frantziar literaturak berarentzat aldarrikatzen du J.P.Sartre filosofoa baina, aurrekoen antzera, nobela nahiz antzezlanak idazteaz gain ( bide batez, Literatura Nobel saria eman zioten nahiz eta berak eskuratu nahi ez...) saiogintzan ere aritu zen. Espainierazko letretan, demagun, Alfonso Sastre da, antzerkigile eta poeta, nobelagile bezain beste entseguak izkiriatzeagatik ezagun.
Gurera etorrita, adibidez, inork ez luke dudan jarriko euskal letretara Txillardegik eginiko ekarpen mamitsuenak ez direla izan eleberria berriztatzen soilik saiakera idazten baizik. Muga lausotuak ditu entseguak. Literatura arloan genero desberdinak landu dituztenak saiatu ohi baitira saiakeragintzan ere. Honako lerro hauen bidez saiatze hori ezagutu ahal izateko bidea argitu nahi dugu. Izan ere, arestian esan bezala, saiakera ez baita akademikoa izan behar. Joseba Zulaika antropologoak idatzitako Bertsolariaren jokoa eta jolasa (Baroja, 1980) saiakera da, bera Unibertsitateko irakaslea eta ikerlaria bada ere, aipatu izkribuan bere esperientzia pertsonaletik sortutiko hausnarketa bati era labur baina zorrotzean heldu ziolako. Koldo Izagirreren Gure Zinemaren historia petrala (Susa, 1996) ere saiakera dugu, Izagirre gure literaturaren poeta jorietako bat izan arren, zeren eta, akademizismotik at, euskal filmagintzaren gaia jorratu zuen bere hizkuntzaren jarioari mugak ezarri gabe eta gainera, horretarako emaniko datuen aurrean inoiz makurtu gabe. Ildo berekoa daukagu Joxe Azurmendiren Espainolak eta euskaldunak( Elkar, 1992). Filosofia edo ikerketa sistematikoa izatetik harago, entsegu literario luzea bezain bortitza.
Haiek denak, funtsean, iritziak besterik ez dira. Aburu fundatuak. Edonork prentsarako irizpide testu batean azalerazi zezakeena. Edo hitzaldi xume baterako prestaturiko aurre-eskeman, besterik gabe, biltzen dituen hausnarketarako gogamen solteak idatzita. Honi egin behar diogu kasu.
Eguneroko bizitzak edonori etengabe eskatu ohi zaion iritzi duina idatziz finkatzea dugu entseguaren funtsa. Goian esan bezala, askotan saiakera filosofiarekin batera bide beretik badoa ere, ezin da filosofiarekin guztiz bateratu.
Ikerketa filosofikoak, besteak beste, xedea edo ikergaia argi eta garbi mugatu behar du. Honen arabera, zeregin horretarako erabili beharreko metodoak ere guztiz zehazturik egotea ezinbestekoa da. Eta gainera, lortutako ondorioak orain arte zientzia desberdinek emaniko emaitzekin alderatzea ere premiazkoa izaten da aipatu ondorea ontzat eman ahal izateko.
Saiakeraren ezaugarriak, berriz, guztiz bestelakoak dira. Filosofiaren idazkerak helburu zein metodologian zehaztasuna eskatzen badu ere, entseguak malgutasuna nahiago du. Pentsaera zientifikoak analisirako joera hobetsi arren, saioak iritzia emateko jarrera sintetikoa maiteko du. Nahiz eta Epistemologiak metodologia konbergentearen aldeko hautua ezinbestekotzat jo (hipotesi-dedukzio bidezko arrazonamendua) entsegugintzan dabilen idazleak pentsaera dibergentea landuko du (ondorio aniztasunera eramaten gaituena). Saiakera originala behar du izan, ez, doktorego ikerketetan bezala, gai jakin bati buruz dagoen informazio guztia bildu behar duena, gogoetagaiari ohiko ikuspuntutik heltzearen ordez beste hurbilpen berri bat proposatzen duena. Metodo filosofikoak premiazkotzat hartu ohi duen hizkera unibokoa eta berezitua erabili beharrean mintzaira joria baina literario bezain arrunta aukeratuko du saioen arloan dabilenak. Saiakera sortzailea behar baitu izan, ez jakintzaren metaketa antzua. Eta, guztiaren gainetik, entseguak hizkuntzaren jariotasunari bidea eman behar dio idazkeran filosofiak eskatuko lukeen hizkuntza zurrunaren partez.
Saioa iritzi duina dela aipatzen genuen ataltxo honen hasieran zeren eta "duintasun" kontzeptuaren atzeak grekozko dokein (itxura) eta doxa (iritzia) batu egiten baititu. Hau da, iritzia emateko euskarria (gure kasuan erabilitako hizkera, alegia) itxurazkoa izan behar duen hein berean, irizpidea plazaratzeko kemena ere funtsezkoa da. Aburu polemikoek eta berezko usteak ditugu saiakera egokien oinarria eta, egia esanda, hori egunero ogia daukagu gure gizartean. Edozein gizataldean, edonon, edonork egiten duena.
Jorge Luis Borgesen saiakera luzeenak hamasei orri besterik ez ditu eta Betiereko Historia izenburua dauka (Historia de la Eternidad). Euskaraz, Literatur aldizkarietan, Maiatz-en 1985ean -Beste buruz-buruko gudua- eta Txistu & Tambolin-en 1992an -Deutsches requiem- ekarri ziren gurera haren ipuin bi. Juan Garziak 1998an Pamielarako atondutako antologian, ipuin batzuk soilik hautatu bazituen ere, Borges saiakera egilea bazterrean utzirik.
- Ohiko erreferentzia akademikorik gabeko idazkia, gaiaren inguruan peskiza egin ahal izateko. Ez da hedakuntzarako testu-liburua ezta ikerketaren berri emateko komunikazio idatzia ere. Genero artekoa da, berez.
- Saiatuk haztatu edota probatu esan nahi du ( ez frogatu). Ez da, beraz, monografia, testu didaktikoa edo tratatua.
- Errenazimenduaren garaiko literatura giroan sortutako generoa XVIII. mendeko aldizkarien ondorioz zabaldu dena, Ilustrazio eta modernitatearen arteko loturaren erakusle (nitasunaren adierazlea)
- Izaera komunikatiboa duena, idazlearen eta irakurlearen elkarrizketaren bidez ohiko ikuspegiak eta gizarte balioak kolokan jartzeko joeraz idatzia.
- Edozein kezka gaitzat hartzen duena.
- Pasarteka adierazten dena, egilearen eskarmentuetatik abiatu eta garatzen dena.
- Nora doazen ez dakiten "a priori"-zko gogoetak. Hausnarketarako idazkiak.
- Ohiko ez denari erreparatu eta kasu egiten dion begirada diferitua ( Derrida, J, 1996).
- Filosofoak edota zientzialariak ikertzen duena saiogileak azaldu edota argitu nahi izaten du.
- Saiogilea kritiko sortzailea da. Gertuko laguna. Bere iritzia osatzeke dago beti.
- Bapatekoa izan gabe, berezkotasunaren jarioa dagokio entseguari.
- Saiakerak ez du barne koherentziaren beharrik, ez eta datu zehatzik ere, hausnarketarako bideak ireki nahi duela baizik. Antzerkiaren antzera, irakurleriarik gabe entsegua ez dago bukaturik.
- Diskurtsoa baino digresioaren modua da saiakeraren jarioa.
- Egilea dugu saiakeraren ardatza.
- Informatzailea baino gehiago iradokitzailea behar du, sedukzioa da saiakeraren portaera.
- Ez du emaitzak bilatzen irakurleekiko elkarrizketa baizik.
- Egunerokotasunarekiko lotura entseguaren oinarria da. Entsegua ez da zabal izaten laburra eta sakona baizik
Badira urteak Claude Mauriac literatur kritikari frantziarrak bere Aliteratura Garaikidea argitaratu zuela (1966). Liburu horretan Samuel Beckett, Georges Bataille, E. M. Cioran, Jorge Luis Borges, Roland Barthes, Claude Simon, Natalie Sarraute eta beste askoren emaitza literarioak aztertuz, haiena guztiena "aliteratura" zela zioen, saiakeragintza, alegia.
Gurean, aldiz, Jean Etxeparerenak, Etienne Salaberryrenak, Joxe Azurmendirenak ezpala horretakoak ere izaten dira ..., zeren eta kontatzen dutenaren azpian begi-bistan uzten dituzte ez ohiko juzguak plazaratzen.
Idazketaren bidez kalerarazten den pentsamendua da aipatu guztien emaria nahiz eta, "aliteraturaren", saiakeraren, ildokoak, hona etorrita, Joseba Sarrionaindia, Andu Lertxundi, Harkaitz Cano, Markos Zapiain edo Tere Irastortza... izan zitezkeen.
Eta entsegu testuak sortzeko, berriz, norberaren eskarmentutik eratorritako iritzia behar bezala azaltzeko, gogoetagaia da funtsezkoena. Hori, eta duintasunari muzin egin gabe, bera garatu ahal izateko taxuzko hizkuntzari kasu egin behar baitzaio.
Arestian esan bezala, saiakerak ez baitu akademikoa izan behar. Jurgi Kintana historialariak idatziriko Urre urdinaren lurrina (2008) saiakera da, izan ere, egilea unibertsitateko irakaslea eta ikerlaria izan arren, bere esperientzia pertsonaletik sorturiko hausnarketa sasi fikzionatu bat labur eta zorrotz eman baitzuen izkribu horretan. Saiakera da, oro bat, Tere Irastortzaren Izendaezinaz (2008). Izan ere, Irastortzak, gure literaturako poeta jorietako bat izan arren, izendapenen gaia jorratu zuen, akademizismotik at, bere hizkuntza-estiloari oztoprik ezarri gabe. Ildo berekoa daukagu Imanol Galfarsoro ikerlariaren Kultura eta identitate erbesteratuak (2004) edo Joxe Azurmendi filosofoaren Barkamena, kondena, tortura(2012). Izan ere, filosofia edo ikerketa sistematikoa baino gehiago, entsegu literario sakon eta bortitzak dira aipatutako horiek guztiak.
Saiakeraren hastapenak, XX.mendean, hiru gerratek markatu zituzten. Lehenengo Munduko Gerraren aitzin Jean Etxepare medikuak (1877-1935) argitaratu zituen bere Buruxkak (1910), gogoeta solteak, Montaignen antzera. Pierre Xarritonek atondutako argitalpenari esker Pierre Laffitek lehenengo argitarapena zentsuratu zituela badakigu. Izan ere, 1980.ko argitalpenean Nor eskolemaile, zer irakats eta Amodioa izeneko testuak agertzen dira, jatorrizkoan ez daudenak.
Espainiako Errepublikaren aurkako estatu kolpeak eragindako gudaren aurretik, Eusko Ikaskuntzak bultzaturik, "Euskalzaleak" taldeak euskararen erabilera arlo guztietara zabaltzen hasi zuen (1926), orduko idazle/ideologo sonatuak Emeterio Arrese (Txindor), Jautarkol (Luis Jauregi), Orixe (Nikolas Ormaetxea) eta Aitzol (Jose Ariztimuño), besteak, beste, izan zirelarik. Garai haietan gogoeta literatura argitaratu ez arren, gerra zibilaren ondoren kaleratu ziren Aitzolen Estetika (1955), Orixeren Eder eta antze; On eta eder; Egi eta Eder saiakerak, Paulo Iztuetak ikertuta (2002). Garai hartakoa da (1931) Jean Etxepareren Berebilez. Aitzolen Estetikaren garikidea dugu Salbatore Mitxelena (1919-1965), Baionan zegoela (1958) eta Iñurritza ezizenez Unamuno eta Abendats. Bilbotar filosofuaren eta Euskal-Animaren jokerei antzemate batzuk testua. Handik aurrera hasiko dira kaleratzen gero famatuko ziren idazleen baina, halaber, saiakera egileen testuak (Koldo Mitxelenarenak, F. Krutwigtenak, Txillardegirenak...).
Badira, ordea, euskal letretan, saiakera egile peto-peto izan direnak eta haien berri. aldizkarietan, ohi bezala, loratu da gehien haien emana, hara non Euzko-Gogoan, Jakinen, Eganen, RIEVen, Euskeran, Euskal Esnalean, Yakintzan, Elgarren, Gernikan edo Brankan..., esaterako, euskal saiakeragintzak argitara eman dituen orririk jorienak izan ditugu (Andima Ibiñagabeitiarenak edota Jokin Zaitegirenak ...).
Hirurogeigarren hasieran Txomin Peillenen Giza gaindikoa Nietzscheren arauera, eta Miranderen Jakintza berri bat: psikologi gaindikoa agertu ziren eta, Igela aldizkariaz gain, bere saiakera estilo berria helduz eta zabalduz joan zen.
Joan zen mendean, laurogeigarrenetan, eta Jokin Apalategiren zuzendaritzapean, Udako Euskal Unibertsitatearen Uztaro aldizkariak unibertsitate mailako arloz arloko saiakera argitaratu izan ditu. Lan horren fruituaren ondorioz daukagu egun Inguma (kontsultagarri dagoen euskal saiakera egileen katalogo informatizatua). Mende honetan segitzen dute Eganek, Jakinek, Hegats eta Euskal Idazleen Elkartearen aldizkariak. Sortu dira, Erlea, Bazka eta hAUSNart, besteak beste.
XX. mendearen bukaeran, aurreko hamarkadetan bezala bestalde, euskarari buruzko saiakeragintzako etengabeko idazle zerrenda osatuz joan da: Piramidearen erpinean Joxe Azurmendi eta Jose Luis Alvarez Enparantza (Txillardegi) egonik (ikus Rodriguez, F. Hegats 45/46), ezin dira alboratu Imanol Mujika, Bittor Kapanaga edo, bereziki, Joxemanuel Odriozola (hizkuntzaz eta politikaz...). Gizarte arazoaz erlijioaren ikuspuntutik Nemesio Etxaniz, Setien Gipuzkoako gotzaina ohia edo Pagola teologoa daude, besteren artean. Literaturaz eta kazetaritza-hizkuntzaz jardun dute, beste askoren artean, Jean Casenave, Joserra Gartziak, Iñigo Aranbarrik, Ur Apalategi, Josu Amezagak eta Txema Ramirezek. Euskal nortasunari buruzko idaztien egileetan, Josu Naberan edota Alfontso Martinez Lizarduikoa ditugu adibide. Saiakera filosofikoan, aldiz, Eduardo Gil Bera (besteak beste, Klasikoak sailerako Montaigneren obren itzultzailea), Jon eta Pako Sudupe (Kant, Marx, E.Salaberryz etab...), Ander Iturriotz (Platon eta heroiak), Agustin Arrieta (Egia motak...), Julen Zabalo eta Andoni Olariaga (Nazionalismoa), Ekai Txapartegi (Intsumisioaz), Juan Bautista Bengoetxea (Teknologia berriez) edo Markos Zapiain (Kojeve, Foucault, Deleuze edo euskal literatura gaitzat harturik), Imanol Galfarsoro, Joseba Gabilondo, eta Jose Angel Irigaray aritu izan dira. Horiez gain, Jon Alonso, Joseba Sarrionaindia, Patziku Perurena, Joxemiel Bidador edo Joakin Balentzia euskal idazleak literaturaren beste genero batzuetatik saiakeraren muga lausoetara hurbildu dira. Ekonomia-arloan saiakera loratu dute Joseba Tobar Arbuluk edota Baleren Bakaikoak. Politikagintza aztertzen saiatu dira Emilio Lopez Adan ("Beltza"), Joseba Arregi, Mikel Urkola edo Imanol Murua Uria. Historian, Josu Chueca, Pruden Gartzia, Iban Zaldua eta Erlantz Urtasun aritu dira. Antropologiaren eremua sakon landu dute euskal saiakeragintzaren barruan Anuntxi Aranak, Joxemartin Apalategik, Mikel Azurmendik, Aizpea Leizaolak eta abarrek. Soziolinguistikan ere uzta oparoa bildu du euskal saiakerak, Kike Munarriz, Iñaki Larrañaga, Iñaki Gaminde, Xabier Isasi eta abarren eskutik. Azkenik, baina ez garrantzian hala delako, sareari buruzko entsegua argitaratu zuen Luistxo Fernandezek (Etxepare porno-1998) eta gaur egun, eztabaidako plaza irekiak dauzkate sarean (Blogak) Patxi Gaztelumendik, Iban Arantzabalek, Julen Gabiriak edota Amatiñok, adibidez. Katalogo labur moduko honetatik kanpo asko eta asko gelditu dira, jakina..., baina hor aipatutako denak ausartu dira beren ikuspegiak eta usteak letren bidez plazaratzen eta euskaraz eztabaidatzen, saiakera literarioa eginez, alegia.
- ALDEKOA, I. Historia de la literatura vasca. Donostia. Erein. 2004, 206. orrian, euskal saiakera egileen artean E. Gil Bera, Jon Sudupe eta Jon Alonso, besterik ez dira aipatzen.
- ALONSO, Idurre. Euskal Literatur sistema eta literaturaren didaktika aztergai. Labayru. 2008.
- AZURMEDI, Joxe. "Goethe: literatura nazional unibertsala" in Jakin 111,1999ko martxoa-apirila, 63-99. or. "Goethe literatura unibertsalaren kontzeptuaren sortzailea da (Weltliteratur)
- AZURMEDI, Joxe. "Euskarazko saioa XX. mendean", Hegats, 4, 1991.
- AZURMENDI, Joxe. Espainolak eta euskaldunak.Donostia. Elkar. 1992.
- AZURMENDI, Joxe. "Barkamena, kondena, tortura" Elkar 2012.
- CASENAVE, Euskal literaturaren historiaren historia. Utriusque. 2011.
- DENIZOT, N. Genres littéraires et genres textuels en classe de français. Scolarisation, Thèse de doctorat,Université de Lille 3. 2008.
- DERRIDA, J. Le Monolinguisme de L'autre ou La Prothese D'origine. Galilée 1996.
- DIDEROT, Denis. "Lettres sur le commerce de la librairie" in Oeuvres complètes. VIII. liburukian.. Hermann. 1976,
- MARGHESCOU, Mircea. Le concept de littéralité. Essai sur les posibilités théoriques d?une science de la littérature.. Mouton. 1974.
- MAURIAC, Carles. L?Alittérature contemporaine.Albin Michel. 1969.
- GALFARSORO, Imanol. Kultura eta identitate erbesteratuak.Iruñea. Pamiela. (2004)
- RODRIGUEZ, Fito/ IRUSTA, A. Saiakeran saiatzeko gida. EIE. 2005,
- RODRIGUEZ, Fito..Entsegu literarioaren bidean. Delta. 2012.,
- UHARTE, J. Zientzietarako Argimenen Azterketa (Xabier Kintanaren itzulpena-1996) Klasikoak.
- VALVERDE, Jose. M. La literatura. Barcelona. Montesinos. 1984.
- WEBER. Max , L?ethique protestante et l?esprit du capitalisme. Plon. 1964, Euskaraz,"Etika protestantea eta kapitalismoaren izpiritua" Donostia.. Gaiak.
- ZWEIG, Sthepen . Montaigne.Madrid. El Acantilado. 2008.
Beste zenbait lotura batzuk
- Altzibar, X. "El ensayo en legua vasca". basqueliterature.com [Web] [Kontsulta data: 2013-02-18].
- JAKIN aldizkaria. [Web] [Kontsulta data: 2013-02-18].
- UEUko inguma datu basea (euskal saiakera-egileen katalogoa) [Kontsulta data: 2013-02-18].
- Armiarma. literaturaren zubitegia [Web]. Klasikoen gordailua [Kontsulta data: 2013-02-18].