Ver versión en euskera
Etxaleku hau Elorrioko hirigune historikoan kokatzen da, lehen zabalgunean, Balendin Berriotxoakoa kalean, hain zuzen ere. Erresidentzia erdi-urbano motako jauregien artean sailkatzen da eta herriko eraikin noble eta zaharrenetakotzat hartzen da. Leku pribilegiatu batean proiektatu zen, ez bakarrik Suso auzo historikoan kokatzeagatik eta hiribildura irekita egoteagatik baizik eta izugarrizko lorategi bat eta ingurune natural batekin harreman zuzena izateagatik ere.
Estiloari begiratuz gero, bi korronte artistiko biltzen dira. Multzoaren eraikuntza XVII. mende erdiko estiloan agintzen zuten joeren arabera sortuta dago, estilo barrokokoa, alegia. Azpimarratzekoa da Berriotxoa kalera ematen duen aurrealdean neoherreratar korrontea sumatzen dela baina gaur egungo fatxada nagusia, herriko plazarantz orientatuta dagoena, ostera, berria da. 1934 urtean Joaquin de Yrizar arkitektoak jauregiaren handiagotze lana zuzendu zuen pizkundetar estilo berriari jarraituz. Hortaz, barroko eta historizismo estiloak topatzen dira eraikuntza honetan non klasizismoa eta zorroztasuna dira ezaugarri nabarmenenak.
Jatorriz, kantauri aldeko probintzietako tradizioari jarraiki, oinplano laukizuzen gainean eraikita dago, ez dauka barruko patiorik, hiru solairu ditu (hauetako bat, lursailaren maldaren ondorioz, ia lur azpitik dago) eta teilatua hiru isurialdekoa da. XX. mendean, Yrizar arkitektoaren zuzendaritzapean jatorrizko eraikuntzari gorputz bat itsatsi zitzaion eta hor bertan gaur egungo fatxada nagusia antolatu zen.
Eraikuntzako materialari dagokionez, harriz egina dago eta harlandua ondo eskuairatua du. Aipatzekoa, Yrizaren handiagotzeak, nahiz eta berria izan, antzinako multzoarekin ez daukala inolako desegokitasunik, erabilitako aparailua eta harlandua antzekoa baita eta bi zatiak ondo integratuta daudela.
Antzinako aurpegi nagusia, Berriotxoa kalerantz, hegoaldera dago eta baoek hiru bider hiruko erretikula zehatz-mehatz osatzen dute. 1934. urtean, lan handiagotzearen ondorioz, aldeetako bi gorputz itsatsi zitzaion. Solairuak, plaka lauzko inpostaz bereizten dira. Beheko solairuan, sarbide ateburuduna urratzen da, eta alboetan, bi leiho belarriz errematatutako inpostaz markoztatuta irekitzen dira. Solairu nagusian, aldiz, hiru balkoi zabaltzen dira eta hutsuneak beheko plantako tipologiakoak dira. Elementu hauetan forjazko lana nabarmendu behar da bereziki, errepikatutako motiboa Elorrioko herrian askotan agertzen baita. Hirugarren pisuan, aipatutako morfologiari jarraituz, bi balkoi zabaltzen dira alboetan eta erdian, armarriaren gainean, leiho bat. Bukatzeko planta honekin aipatu sarbidearen gainean dagoen armarriak erdiko ardatza azpimarratzen duela. Armarri honetan agertzen diren leinuak, Zearsolo, Mendrakabeitia, Berriozabal eta Etxebarria, jauregiaren eraikuntzaren sustatzailearen leinuak dira, nahiz eta XVIII. mendean Casajara familia elkartu zitzaien.
Mendebaldeko aurpegitik aparteko galeria edo loggia zabaltzen da. Osagai bereizgarri honek, planta noblean urratzen dena, erdi-puntuko hiru arku ditu eta egitura toskanar estiloko zutabeen gainean mantentzen da. Aurpegi honek Berriozabal sendien armak ditu. Atal honen aurrean jauregiko lorategi nagusia hedatzen da, barroko garaiko arauari jarraituz.
Yrizarrek antolatutako fatxadak gaur egungo aurpegi nagusia hartzen du eta, aipatu den bezala, historizista estiloan diseinatu zen. Beheko solairuko erdian sarbide ateburuduna zabaltzen da eta hainbat elementuak osatzen dute atal hau, korintoar estiloko pilastrak, arkitrabea, doriar estiloko frisoa, frontoi triangeluarra eta lau pinakulu. Solairu noblean lau balkoi urratzen dira eta erdian armarria nabarmentzen da. Fatxada honetako ateburuan agertzen den inskripzioan SOLI DEO HONOR ET GLORIA irakur daiteke (Gipuzkoako jauregi askotan agertzen dena) eta ez dago apaingarri gehiagorik.
Goiko pisuan, berriz, bost leiho irekitzen dira. Bao guztien angeluetan errepikatzen da aipatutako motibo arkitektoniko berdina, hau da, belarrian hausten dira. Jatorrizko multzoan bezala, atal honetako solairuak plaka lauzko inpostaz definitzen dira. Bukatzeko fatxada honekin, azpimarratu Erdi Aroko dorretxetan jatorria duten angeluetan kokatutako bi garitoi zilindrikoak. Elementu arkitektoniko hau ez da oso ohikoa baina Tola jauregian, adibidez, Elorrion bertan, agertzen da.
Barrokoko eraikuntza askotan gertatzen den bezala, jauregiaren barruan, erditik gora hiru solairuetara igotzen den eskailera da osagai bereizgarria eta barnealdeko gelak antolatzen dituen elementua. Horretaz gain, goiko solairuan urratzen den argizuloa aipa daiteke. Hirugarren plantako areto nagusia argitzen du eta era berean areto honetako espazioa definitzen du. Gainerako gelak eta aretoak zabalak izateaz gain arauzkoak eta argitsuak dira, izan ere, jauregiak hiru alde libre dauzka eta hutsunei esker argi naturalaz argiztatzen da.
Gaur egunean, Jara edo Zearsolo etxalekuaren kontserbazio egoera, bai kanpotik, bai barrutik ona dela esan daiteke. XX. mendean, 1934. urtean, Yrizar arkitektoak handitze lana begirunez gauzatu zuen. Gero Unzueta-Urigoitia familiaren eskutara pasa zen eta gaur egun modu onargarrian kontserbatzen da.
Elorrion bertan ere beste jauregi-erresidentzia batzuk kokatzen dira, eta Jara jauregiaz gain, Tola, Arespakotxaga-Mendibil, Urkizu, Araio, Lekerika, Lariz, Arriola eta Iturri, besteak beste, osatzen dute zerrenda. Arkitektura zibil eta jauregi-arkitekturari esker, Monumento Multzo Historiko Artistikotzat jo zen 1964an.
- BARRIO LOZA, J. A. (dir.). Bizkaia. Arqueología, Urbanismo y Arquitectura histórica. 3 volúmenes. Bilbao. 1989-1991.
- BARRIO LOZA, J. A. (dir.). Monumentos nacionales de Euskadi. Tomo III: Vizcaya. Zamudio: Departamento de Cultura del Gobierno Vasco. Ed. Elespuru, 1985.
- FERNÁNDEZ ALATUNA, José Javier. Euskal Herriko Arkitektura. Bilbao: Ibaizabal, 2004.
- LEIS ÁLAVA, Ana Isabel. "Arquitectura residencial culta en la villa de Elorrio". Ondare, 24, 2005, ppg. 57-82.Eusko Ikaskuntza.
- VV. AA. Guía del patrimonio histórico artístico y paisajístico. Editorial ETOR.