Arkitektura

Jara jauregia. Elorrio

Bizkaiko lurraldeak, Euskal Herriko gainerako lekuek bezalaxe, arazo handiak izan zituen XVII. mendean. Besteak beste, arazo erlijiosoak, ekonomikoak eta sozialak. Hala eta guztiz ere, hainbat herritan oparoaldi uneak bizi ziren eta aldi barrokoko tipologia duten jauregi garrantzitsuak eraiki ziren.

Elorrio herrian, adibidez, zenbait faktore parte hartu zuten gozatutako oparoaldia adierazteko. Besteen artean, Austrien administrazioaren barruan ondo kokatuta zeuden familien kasua eta Ameriketatik ekarritako ondasunei esker aberastea aipatzekoak dira.

Horretaz aparte, hirigintzaren aldetik, nahiz eta hiri askok Erdi Arotik hiri sare berarekin jarraitu zuten, garai honetan hirigintzaren garapena hasi zen eta honekin batera, harresiez kanpoko hirigune berriak agertu ziren.

Elorrioko kasuan, bi alderdi hauek, ekonomikoa eta arkitektonikoa, elkartu ziren eta arkitektura zibilaren esparruan sumatzen da. Herri honetan eraiki ziren hainbat jauregi eredutzat har daitezke eta Jara edo Zearsolo jauregia adibide nabarmenetako bat da.