Arquitectura

Arrasateko udaletxea

Euskal Herriko botere munizipala Aro Modernoan indartu egin zen eta horrek zenbait aldaketa ekarri zituen arlo guztietan, bereziki, hiribilduetako gobernuan eta antolamenduan. Aurreko garaietan kontzejuen batzarrak, hau da, auzotar eta bizilagun guztiak biltzen zituen batzarra, elizetako barrualdean, arkupeetan edo eliz aurrean antolatzen ziren. Denbora joan ahala, antzinako batzar edo kontzeju irekiaren indarra galdu egin zen, edo kasu batzuetarako baino ez ziren mantendu. Horien ordez, zuzendaritza batzordeak izendatu ziren. Horrela, kontzeju itxiak ziren horiek orokortu egin ziren eta, horrekin batera, zenbait kargu izendatzeko beharra sortu zen, esaterako, alkateordea, erregidore ahalduna, eskribaua, prokuradorea, epaimahaia eta etxezaina. Batzorde horietako kideek biltzeko leku berri baten premia zeukaten eta testuinguru horretan sortu ziren udaletxeak.

Udaletxeen tipologia XVII. eta XVIII. mendeetan zehar garatu zen eta, adituen ustez, baserritik eta, batez ere, jauregiaren tipologiatik eratorritako eragina dauka. Eraikin horien egitura eta antolamendua ez ziren konplexuak izaten eta, udalerriko behar berriak estali behar zituzten heinean, funtzionaltasuna zen horien ezaugarri esanguratsuenetakoa.

Kontzeju etxeak normalean herriko plazan zeuden, lekurik aproposenean, herriko elizaren ondoan edo multzo horren aurrez-aurre. Horrela, herriko bi botere nagusien indarra eta burujabetasuna azpimarratzen zen.

Arrasaten lehenengo Kontzeju-Etxea Iturriotz kaleko 21.ean zegoen, baina XVIII. mendean, 1749. Urtean alegia, udalak eraikin berria gauzatzeko erabakia hartu zuen.

Kokapenari dagokionez, herriko enparantzan eraiki zen, San Juan Bautista parrokia elizaren aurrean. Jakina da Erdi Aroan herri sarearen egitura partzela estuetan antolatzen zela, eta gaur egungo udaletxeko orubea horietako bi partzela elkartzearen emaitza dela. Horrela, alboetako fatxadek Iturriotz kalera eta Erdiko kalera ematen dute eta fatxada nagusia herriko plazara.

1755. urtean trazaren arduraduna Martin de Carrera izatea erabaki zen, baina hamaika tirabira sortu zirela eta, udaletxearen hasiera 1758. urtera arte atzeratu zen. Nolanahi ere, obra osoa 1764. urtean bukatu zuten.

Eraikuntzan erabilitako materiala Galarrako harrobitik ekarritako kareharrizko harri grisa da, eta harlanduz eta harlangaitzez landuta dago. Beste osagai batzuk, ordea, molduroiak eta armarria adibidez, Aguraingo harrobitik ateratako hareharriz landu ziren.

Barroko estiloan nagusi ziren joeren arabera diseinatuta dago eraikina. Beronen oinplanoa ia angeluzuzena da, hiru solairu dauzka eta lau isuriko teilatuz estaltzen da, gure lurraldeko udaletxe tipologiara egokituz. Hormaren artikulazioak eta baoen banaketak aparteko oreka islatzen dute, nahiz eta apaindura orokorrean rokoko estilokoa izan, frantses jatorrizkoa. Horretaz aparte, eraikina erlaitza eta teilatu-hegal zabala batez dago apainduta.

Fatxada nagusiak arkupe bat dauka beheko solairuan. Gorputz horrek bost arku karpanal dauzka eta arku bana ditu alboetako fatxadetan. Barruko horman eta pilare karratuetan oinarritzen da arkupearen egitura, ertz-gangaz estaltzen da eta horren sakontasuna solairuaren heren batekoa da.

Lehenengo pisuan solairu noblea aurkitzen da eta bost baogune irekitzen dira. Erdiko balkoiak hiru atedun jarraia dauka eta honek potentziatzen du erdiko aldea. Albokoetakoak, berriz, ate bakarreko balkoiak dira. Balkoi guztien barandilak Rafael de Amezolaren lanak dira; burdin forjaz egina daude eta kalitate aipagarrikoak dira.

Bigarren pisuan, Manuel Marin de Carrerak -arkitektoaren semea- egindako armarria aipatu behar da. Arrasateko armarria da, erdian kokatuta dago eta gorputz honen osagaia nabarmenena da. Elementu honek estalkiaren horizontaltasuna hausten du eta frontoi taxua hartzen du. Armarriaren alde banatan bi baogune dinteldun eta bi idibegi agerian daude.

Fatxada honen bertikaltasuna azpimarratzeko pilastra erraldoiez baliatzen da arkitektoa; elementu itsatsi hauek erlaizaraino heltzen dira. Horretaz gain, dekorazio barroko eta rokoko agertzen dira aurpegi honetan. Honela, banda horizontalak eta inpostak, balkoi irtenak mantentzeko modiloiak, balkoietako frontoi kurbatu hautsita, moldurak, sartu-irten edo kurba eta kontra-kurba ugari, eta argi-ilunen kontrasteak biltzen dira atal honetan.

Ezker aldeko fatxada paramentua harlangaitzezkoa da eta zarpeatuta dago, baina hertzeak, baoen markoak eta platabandak, hau da, banda horizontalak pisuak bereizten dituenak, silarriz landuta daude. Beheko, lehenengo eta bigarrengo solairuko baoguneak lau ardatzetan daude antolatuta. Lehenengo solairuan agerian dauden balkoi irtenak nabarmendu behar dira. Eskuin aldeko fatxadan antzeko eskema errepikatzen da, baina balkoiak ez dira irtenak eta goiko pisuan leiho gehiago irekitzen dira. Atze aldeko aurpegia gaur egun ez da ikusten, baina jakina da zenbait hutsune ere bazeuzkala.

Udaletxearen barneko aldean, beheko pisuan, estilo inperialeko eskailera nagusia aipatu behar da. Horren mailak harrizkoak eta pieza bakarrekoak dira. Lehenengo pisuan batzar-aretoa dago. Arkupeko erdiko atalaren gainean kokatuta dago, aurpegi nagusiaren paraleloan, alegia. Kasu honetan aipagarria da Mateo Arrasateko artisauaren batzar-aretoko lana, bai sabaian, kasetoiz hornituta, bai eserlekuetan, mihiztadura-lana dela eta. Amaitzeko, goiko partean eskailera nagusiaren hutsunea azpimarratzekoa da, lau ganga eta obalatu batez estaltzen baita.

Inolako zalantzarik gabe, Arrasateko udaletxea XVIII. mendeko azken barroko erako multzorik deigarrienetakoa bilakatu da Gipuzkoan. Eraikuntzaren arduradunak eta traza eman zuenak, hau da, Martin de Carrera arkitektoak, beste udaletxe batzuen traza burutu zuen, besteak beste, Oñatikoa, Alegikoa eta Albizturkoa.

Horiez gain, beste eraikin batzuen diseinuaren arduraduna ere izan zen, hala nola, Eskoriatzako San Pedro eliza eta Orendaingo eliza eta Zabildegoitiako jauregia.

  • ASTIAZARAIN, M. I.: Arquitectos guipuzcoanos del siglo XVIII. Manuel Carrera, Manuel Martin de Carrera. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia. Kultura, Hezkuntza, Kirol eta Turismo Departamentua, 1991.
  • CENDOYA ECHANIZ, I.: Arkitektura eta hirigintza Gipuzkoan. Bilbo: Ortzadar Bilduma. Gero-mensajero, 1995.
  • ISASA, P.; LINAZASORO, I.: Gipuzkoako udaletxeen marrazkiak. Dibujos de las casas consistoriales de Gipuzkoa. Donostia: Kutxa Gizarte eta Kultur Fundazioa, 1995
  • SAÑUDO-LASAGABASTER, B.: Estudio histórico y arquitectónico de las casas consistoriales guipuzcoanas de los siglos XVII y XVIII. Donostia: Colección Estudios e informes. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1985.
  • YRIZAR, J.: Las casas vascas: torres, palacios, caseríos, chalets, mobiliario. Bilbo: Libreria Villar, 1980.