Arkitektura

Arrasateko udaletxea

Euskal Herriko botere munizipala Aro Modernoan indartu egin zen eta horrek zenbait aldaketa ekarri zituen arlo guztietan, bereziki, hiribilduetako gobernuan eta antolamenduan. Aurreko garaietan kontzejuen batzarrak, hau da, auzotar eta bizilagun guztiak biltzen zituen batzarra, elizetako barrualdean, arkupeetan edo eliz aurrean antolatzen ziren. Denbora joan ahala, antzinako batzar edo kontzeju irekiaren indarra galdu egin zen, edo kasu batzuetarako baino ez ziren mantendu. Horien ordez, zuzendaritza batzordeak izendatu ziren. Horrela, kontzeju itxiak ziren horiek orokortu egin ziren eta, horrekin batera, zenbait kargu izendatzeko beharra sortu zen, esaterako, alkateordea, erregidore ahalduna, eskribaua, prokuradorea, epaimahaia eta etxezaina. Batzorde horietako kideek biltzeko leku berri baten premia zeukaten eta testuinguru horretan sortu ziren udaletxeak.

Udaletxeen tipologia XVII. eta XVIII. mendeetan zehar garatu zen eta, adituen ustez, baserritik eta, batez ere, jauregiaren tipologiatik eratorritako eragina dauka. Eraikin horien egitura eta antolamendua ez ziren konplexuak izaten eta, udalerriko behar berriak estali behar zituzten heinean, funtzionaltasuna zen horien ezaugarri esanguratsuenetakoa.

Kontzeju etxeak normalean herriko plazan zeuden, lekurik aproposenean, herriko elizaren ondoan edo multzo horren aurrez-aurre. Horrela, herriko bi botere nagusien indarra eta burujabetasuna azpimarratzen zen.