Architecture

Torre de Donamaría

Ver versión en euskera.





Donamariako gotortutako dorrea, XIV. eta XV. mendeen artean egin zena, talaia bakun batean altxatzen da, leku pribilegiatuan, ibaia eta bide baten ondoan, eta isolatua edo bereizita dago. Oinplano angeluzuzena, ia karratua, dauka eta lau solairu ditu. Lehenengo bi solairuak harrizkoak dira; eraikuntza materiala kareharria eta harlanduzkoa da. Goiko partean agertzen den materiala, aldiz, egurra da, pagoa eta haritza, hain zuzen. Erremate gisa, lau isurialdeko teilatu batek koroatzen du multzoa.

Beheko pisuan, hau da, zoru mailan, sarbidea irekitzen da; erdizirkulo arkua dauka eta baogunea dobela handiekin inguratuta dago. Horretaz gain, gezi-leihoak, defentsarako, eta hainbat leiho angeluzuzen, ondorengoak direla dirudi, agerian daude. Gorputz honen izaera itxia da, irekidura gutxi baitauka eta, lehen aipatu den bezala, Erdi Aroko dorreen babes-egitura gordetzen da.

Harrizko gorputz honen gainetik nagusitzen den multzoa oholtza edo zurezko egitura da. Dorrearen osagai nabarmenena eta garrantzitsuena da, antzeko beste multzo batzuekin konparatuta hobeto gordetzen baita eta antzinako tradizioari, XV. mendearen aurrekoa, jarraitzen baitu.

Lehen esan den bezala, defentsarako izateaz gain, etxebizitxarako, hau da, bizileku izaera nabaria zuen eta, nahiz eta jatorrizko antolamendua ez mantendu, funtzio hau sumatzen da barruko partean.

Antzinako barneko antolamendua aztertzen bada, nekazari-zereginak bete dituela baiezta daiteke. Beheko solairua ukuilua edo abererako gunea zen. Lehenengo pisuari, solairu nagusia zena eta etxebizitzarako asmatuta zegoena, kanpoko eskailera gehitu zitzaion XVI. edo XVII. mendean, sarrera nagusia sortuz. Bigarren eta hirugarren pisuak, jatorrizko oholtza zegoen gunea, garautegia eta lastategia ziren.

Gaur egun, jatorrizko osagai batzuk, zurez egindakoak gordetzen dira, hainbat habe, oholtzaren armazoi atal bat eta lurra.

Jatorrian, eraikuntzaren jabegotza Ochoa de Donamariari lotuta omen zegoen, eta, dirudienez, XVI. mendean Tristan de Donamaria eta Isabel de Cruzaten eskutan egon zen. Gainera, jakina da 1745 urtean Joaquin Francisco de Ursuara pasa zela. XIX. mendean Gongora markesak izan zuen eraikuntzaren eta jaurerriaren titulartasuna eta, multzoaren jabetasuna banatuta egon ondoren, Gongora markesen senide batek, Conde de Barrot, berreskuratu zuen jabetza osoa, nonbait. Azkenenan, XIX. mendearen bigarren erdialdean, Conde de Barrotek, Miguel Barberenari, gaurko jabeen birraitona, saldu zion. Gaur egungo jabeak dira Carmen eta Angeles Peralta aizpak.

Eraikuntza hau, babestuta dago, Interes Kulturaleko Ondasuna izendatu zuten, eta 2000. eta 2001. urteen artean zaharberritzeko prozesu garrantsitzu bat egin dute, arkitektura zibilaren adibide onenetako bat mantentzearen helburuz.

Zaharberritu baino lehen, hainbat urtetan hutsik egon zen eta jauregiaren kontserbazio egoera txarra zen bai kanpotik, bai barrutik. Zaharberritzeko prozesua bi fasetan egin zen. Lehenengo fasean harrizko gorputza landu zuten eta gero egurrezko atala eta barneko gunearen lanak burutu ziren.

Gaur egun bisita daiteke eta bi erakusketa daude. Bata, beheko solairuan dagoena, non zaharberritzeko prozesua begira daiteke, bestean, lehenengo pisuan, dorretxe baten ezaugarri nabarmenenak adierazten dira.

Nafarroan, antzeko eraikuntzak mantentzen dira, adibidez, Jauregizarrea jauregia, Arraioz herrian.

  • ECHEVERRIA GOÑI, Pedro Luis. El arte de Navarra. Del arte prehistórico al Románico, Gótico y Renacimiento. Tomo I. Diario de Navarra: 1994.
  • LAMPEREZ ROMEA, Vicente. Arquitectura civil española de los siglos I al XVIII. Volumenes I y II. Madrid: 1922
  • LLANOS, Armando. Defentsarako arkitektura-Una arquitectura defensiva.Euskal Herriko Gazteluak eta Dorre Gotorrak-Castillos y Torres Fuertes de Euskal Herria. Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia-Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco, 2006.
  • MARTINENA RUIZ, Juan José. Navarra. Castillos y Palacios. Pamplona: CAN, 1980.
  • URANGA, J. E.; IÑIGUEZ, F. Arte medieval navarro. Iruñea: Nafarroako Foru Aldundia, 1973.