Literary Figures

Testamentu Berria (1571). Joannes Leizarraga

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Luther-ek alemanierarekin egin zuenari jarraiki, gainerako herri protestante bihurtuek ere bertako hizkuntzetara itzuli zuten Testamentu Berria. Hala nola, frantses erreformatuek Olivetan Kalbinoren lehengusuaren eskutik, Bearnon Armand de Saletten eskutik, eta Nafarroan Joannes Leizarragaren eskutik. Baina Luther-ek alemaniera literarioaren oinarriak jarri bazituen bere Bibliaren itzulpenarekin, ezin esan daiteke beste horrenbeste Leizarragaren itzulpenaz. Izan ere, erreforma protestantea galtzaile gertatu zen Nafar erresumaren hondamendian eta Leizarragaren ahalegin eskerga oinordetza literariorik gabe geratu zen betirako. Halere, literaturarik ez dagoenean testu oro izaten da "literario", eta Leizarragaren testua gure literaturaren historietan hutsik egin gabe agertzen da beti.

Bi arrazoi nagusik bultzatzen zuten eliza erreformatua itzulpenak sustatzera. Lehenik protestantismoaren ideologiarekin koherenteak izateko beharrak: Erreformaren dogma nagusienetako bat zen, hain zuzen, Eliza katolikoak Bibliaren mezu jainkotiarra gezurtatu zuela eta benetako erlijioaren egiara itzuli nahi bazen, fededun bakoitzak mezu hori bitartekaririk gabe jaso behar zuela, Biblia irakurriz. Bibliaren eta beste hainbat testu erreformisten itzulpenak eragin zituen bigarren arrazoia ez da hain ideologikoa. Maila praktikoan erraz uler daitekeenez, arte katolikoak izan ziren herrietan laster eta ongi inplantatzeko beharrezkoa zen biztanleei beren hizkuntzetan zuzentzea.

Euskal literaturaren historiagileek maiz ohartarazi duten bezala, idazle beraskoiztarraren euskara mailegu latin, greko eta ebraieraz josia da. Nola ulertu hizkuntzaren ez-jatortasun hori eta ez-garbitasun hori? Alde batetik egia da euskara idatzia hastapenetan dela, eta lehen euskal idazleek (Etxepare, Leizarraga edota Axularrek berak ere) hizkuntza literario bat asmatu behar dutela ia ezerezetik abiatuz. Axularrek, kasurako, esaldi luzeak egin behar dituenean, hein handi batean, latinaren periodo luzean inspiratutako sintaxia eta joskera elementuak ("ezen eta", "zeren" etab.) darabiltza. Leizarraga, aldiz, hiztegian dugu maileguetara emana. Labastide Clairenceko artzain euskalduna ongi ohartzen da egin duen lanaren hobegarritasunaz:

[...] badaquigu ecen demborarequin anhitz hitz eta minçatceco manera, eridenen dela obra hunetan bercela hobequi erran çatenic: halacoetan [...] orhoituren da, othoi, ecin behingoaç halaco perfectionetan jar daiteçquela, nola behar bailicateque.

Baina euskararen pobrezia literarioaz gain bada doktrina-arrazoi bat latinismo, ebraismo zein helenismoak zilegiztatzen dituenak, eta hau da doktrina kalbinistaren arabera Eliza katolikoaren mendetako glosak estali duen Jainkoaren Hitzak (Bibliak, beraz) ez duela parafrasirik ez eta gutxi-gora-beherazko itzulpenik jasan behar. Protestantismoa mende hasierako Humanismoaren jarraipentzat badaukagu, ez da harritzekoa testuari -jatorrizko testuaren irakurketari, jakina- halako garrantzia ematea. Bide batez, eta adierazgarria da datua, esanda gera bedi Leizarragak Rotterdameko Erasmus humanistak argitaraturiko Testamentu Berria erabili zuela euskarazko bertsioa egiteko. Protestateentzat, bizimodu desbideratua testu desbideratuaren eratorpena baino ez da. Hortaz, jatorrizko testura itzultzea da bizimodu giristino jator batera itzultzeko bide bakarra. Itzulpenaren aitzin-solasean Leizarragak Erreforma mugimenduaren arrazoi eragile den katolizismoaren usteltzearen berri ematen digu honakoa aitortuz "Iaincoaren templeco [temploko] gauça gaizquituen dreçatze [ko]" asmoz egin duela bere lana, alegia. Leizarragaren hitzak 1571koak dira eta garai hartan borroka ideologiko nahiz militar latz bezain bortitza darama botere nafarrak bere lurraldeetan aldaketa inposatzeko.

Testamentu Berriaren itzulpenaren aitzin-solasa eta gero testu labur bat bada "Heuskaldunei" titulu esanguratsua daramana. Bertan Leizarragak dio une oroz saiatu dela testua "sensu egiazcotik aldaratu gabe" itzultzen. Euskal literaturaren historiagileetarik batzuk diote, aita Villasantek kasu, Lizarragaren joera latinizanteak euskarari zientzietarako gaitasun handiagoa eman ziezaiokeela, eta haren eredu linguistikoak ez segidarik ukatea aukera galdu bat izan zela euskara arlo guztietara hedatzeko asmoari begira.

Mailegu horiez gain, badu Leizarragaren hizkuntzak beste ezaugarri ohargarririk idazkeraren testu-inguru soziologikoaren berri ematen digutenak. Leizarraga lapurtarra da eta Nafarroako erreginaren sujeta. Zein euskalki erabili itzulpen lana burutzeko? Ez bat ez bestea, biak aldi berean baizik. Eta bien arteko nahasketari zubererako osagaiak gaineratuz. Zergatik egiteko manera hau? Berak ongi azaltzen duen bezala:

[...] batbederac daqui heuscal herrian quasi etche batetic bercera-ere minçatçeco maneran cer differentia eta diversiatea den: raçoin hunegatic [...] lengoageaç den becembatean ahalic guehiena guciey adi eraciteari iarreiqui gaitzaitza, eta eç choil edocein lecu iaquineco lengoage bereciri [...]

Euskarazko itzulpenaren izateko arrazoi nagusia ez baita euskal kulturarekiko maitasuna, baizik eta Erreformaren hedapena eta Erreforma horren gibelean den Nafar erresumaren biziraupen eta burujabetasun politikoa. Horren froga dugu noblezia nafarrak itzulpen lan horri ematen dion garrantzia Leizarraga eginezina dirudien lan horren burutzera bultzatuz. Banan-banan aipatzen ditu aitzin-solasean "cargu hunen hartzera incitatu ukan" dutenak: hala nola Agramonteko jauna (orduan Joana erreginaren Loctenant general zena) eta Belzunzeko zein Meharineko jaunak.

Hortaz, Leizarragak, protestantismo nafarraren irudi, ekintza proselitaren eraginkortasuna du helburu. Eta hori dela-eta, ez du bere lana Testamentuaren itzulpenera edota erreformisten doktrina testuen itzulpenera mugatuko. Bere kabuz "Euscal-Herrian gaztetasunaren iracasteco cargua" dutenentzat klase liburu bat idazten du (ABC, edo christinoen instructionea othoitz egiteco formarecin) non irakurketaren eta kontaketaren oinarriak azaltzen diren. Orotara Leizarragak 12 liburu (gehienak erlijio gerletan galduak) argitaratu zituen Pierre Hautin argitaldariaren La Rochelleko inprimategian. Horrek guztiak frogatzen du kalbinismoak Baxe Nafarroan euskara bertako botere-hizkuntza eta jendea alfabetatzeko tresna egoki bihurtzeko ahalegina egin zela. Protestantismoak nagusitu den bazter guztietan sustatu duen irakurketa indibidualaren praktika hemen ere hedatu eta demokratizatu balitz, ziur egon gaitezke gure literaturaren bilakaera historikoa hagitz ezberdina izango zatekeela. Aski eta nahikoa "izan zitekeen euskal hizkera literarioaren arbaso" modura ikusteko testu hau, eta beraz gure historia literarioan toki erreserbatua eskaintzeko.