Architecture

Palacio Insausti

Ver versión en euskera.

Ezaugarriei begiratuz gero, barroko garaian kokatzen dugu. Eraikina XVIII. mendearen erdialdean altxatu zen, Azkoitian, antzinako Intxaustiko lurretan hain zuzen ere. Nahiz eta agirietako ziurtasun handirik ez aurkitu, zaharberritze lana sakona izan zela jakina da. Xabier Maria Munibe, Peñafloridako kondea, bere sustatzailea izan zen, eta bai eraikuntzan, bai kanpoko antolamenduan parte hartu zuen. Horretaz gain, Italiatik dekoratzaile maisu bat ekarrarazi diola frogatuta dago.

Garai hartako estiloaren interpretazio landua da eta ilustrazioaren pentsamendu berria erakusten du. Izan ere, Ensayo de la Sociedad Bascongada de los Amigos del Pais liburuan, 1768 urtean Tomas Roblesek argitaratuta, agertzen diren printzipio eta irizpideak ondo islatzen dira jauregi honetan.

Lurralde honetako eraikin noble eta dotoreen eraikuntza materiala harlandua izaten da eta, Insaustiaren kasuan, aipatutako materiala ertzetan eta baoen markoetan agertzen zen, gainerako paramentua, berriz, zurituta zegoen. Hala eta guztiz ere, gaur egun, zaharberritzeko lan ugari egin eta gero, kanpoko paramentu guztiak zurituak dira.

Tipologiari dagokionez, oinplano laukizuzena dauka, patiorik gabekoa eta dorreduna da. Izan ere, fatxada nagusiaren alboetan bi dorre agertzen dira eta hauen erdian eta atzera kokatuta gorputz nagusia aurkitzen da. Bi dorreak, Gipuzkoako dorretxeak gogora ekartzen digutenak, Lazkaotarren jauregiko bi dorreetan oinarrituta egon daitezke baina ez dago agiririk susmo hori ziurtatzeko. Atzealdean, elementu nabarmenenak dira lorategia eta terraza, plataforma baten gainean altxatuta dagoena.

Fatxadetako antolamenduan, birgaitzeko lana egin ondoren, eskema simetriko, orekatu eta erregularra mantentzen da. Bao gehienen hutsuneak angeluzuzenak dira, bai lehioen kasuetan, bai ate edo sarbideen kasuetan. Hala ere, fatxada nagusian, sarbidearen alboetan bi idibegi urratzen dira eta atzealdean, terrazaren azpian irekitzen diren baoek, jatorrizko diseinuari jarraituz, erremate kurbatua daukate.

Eraikuntzak, lau solairu ditu: beheko pisua, lehenengo pisua, bigarren pisua eta goiko solairua. Lehenengo pisuan, balkoiak irekitzen dira eta gainerako solairuetan agertzen diren hutsuneak, tamaina ezberdinetako leihoak dira. Lau fatxadak soilak eta zorrotzak dira, apaingarri elementurik gabe. Alde honetan, bakarrik, sarbide nagusiaren gainean kokatzen den armarria aipatzekoa da.

Jatorriz, barruko antolamenduak ilustrazioaren pentsamolde berritzaileari jarraitzen zion, erosotasunerako pentsatuz. Gainera, garai hartako joeren eraginez, izadiarekin eta ingurumenarekin gozatzeko asmatu zen. Beheko solairuan, sukaldea eta beste zerbitzu gelak kokatzen ziren. Solairu nagusian, jabearen gelak eta areto nagusiak aurkitzen ziren, goiko solairuan, aldiz, zerbitzarien logelak zeuden.

Izpiritu Santuaren ermita, jauregiaren ondoan dagoena, Jose de Lizardi arkitekto asteasuarrari (1680-1751) zor zaio.

Aipatu den bezala, Xabier Maria Munibe Peñafloridako kondearen sortetxea izan zen. Topaketak, hitzaldiak, solasaldiak eta kultur ekintzak antolatu eta ospatu ziren jauregian, ilustrazioaren ideiak eta pentsamendua zababaltzeko helburuarekin. Adibidez, eraiki honen aretoetan "El borracho burlado" euskaraz sortutatako lehenengo opera entseiatu zen. Gainera, Euskal Herriko lehenengo laborategi experimentalaren egoitza izan zela jakina da. Xabier Maria Munibe eta Azkoitiko Zalduntxoek Bergarako Errege Mintegia bultzatu zuten, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea 1776an sortu zuten eta, azkenenan, Insausti jauregia erakundearen egoitza nagusia bihurtu zen.

2006. urtean, zaharberritzeko lanak egin ondoren, jauregia berriro ireki zen eta gaur egun, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen egoitza izateaz gain, Xabier Maria Munibe Institutoaren egoitza da, eta Memoria Historikoaren eta Urola Erdiaren Bultzatze eta Garapenerako Elkartearen aretoak eta bulegoak barne hartzen ditu.

  • BARRIO LOZA, Jose Angel (dir.). Monumentos nacionales de Euskadi. Tomo III: Guipúzcoa. Zamudio: Departamento de Cultura del Gobierno Vasco. Ed. Elespuru, 1985.
  • FERNÁNDEZ ALTUNA, José Javier. Euskal Herriko Arkitektura. Bilbao: Ibaizabal, 2004.
  • LAMPÉREZ ROMEA, Vicente. Arquitectura civil española de los siglos I al XVIII. Volúmenes I y II. Madrid: 1922.
  • ORELLA, José Luis: ESTÉVEZ, Xosé (coord.). Casas Torres y Palacios de Gipuzkoa. San Sebastián: Colegio oficial de aparejadores y arquitectos técnicos de Gipuzkoa, 1996.