Architecture

Palacio Gebara. Segura

Ver versión en euskera.






Kronologiaren aldetik, XV. mendearen bukaeran eraiki zuten. Aipatu dugun bezala, klase sozial berriaren eskakizunei erantzuteko hizkera berria sortu zen eta testuinguru honetan koka dezakegu Gebara jauregiaren eraikuntza. Bere sustatzailea, Nikolas Gebara, trantsizio-momentuan bizi izan zen eta egoera hori gehitzen da jauregian.

Alde batetik, Nikolas Gebararen familia Erdi Aroko dorretxe baten jabea zen eta bere leinua ezaguna eta garrantzitsuenetako bat zen. Gainera, Errege-Erregina Katolikoen gortean hainbat kargu izan zituen sustatzaileak, hau da, nobleziaren eremuan murgilduta zegoen eta gorte-bizitza ezagutzen zuen. Beste alde batetik, Segura hiribildu komertzialean altxatu zen jauregia, behar berriei erantzuteko eta egoera berriari moldatuz. Hortaz, jabearen jatorria, bizitza eta jauretxea bi esparrutan garatu ziren.

Jauregia kale nagusian lerrokatuta dago eta tipologiari begiratuz gero, oinplano laukizuzena eta aglomeratua dauka, lurraldearen klimatologiari egokituz. Antzinako dorretxe baten materiala eraikuntzan erabili zela jakina da. Lau fatxada ditu. Aurrealdea eta alde bateko fatxada, izkina osatzen dutenak, harlanduz eraiki zituzten. Bestalde, atzeko parteko aurpegia erabat aldatua dago eta beste alde batekoa ondoko eraikuntzarekin mehelina betetzen du.

Fatxada nagusian hiru gorputz bereizten dira. Erdiko partea nagusia da eta multzoan lehentasuna hartzen du. Sarbidea azpimarratzekoa da berpizkundeko elementuak agerian baitira, adibidez, baoaren erdi puntuko arkua, ingurututako moldura eta markoztatzen duten dobelak, luze eta handiak direnak. Horretaz gain, alboetako zutabe eta kapitelen lana nabarmendu eta gogoratu behar dugu. Atal honen gainean, erdiko partean, Errege-Erregina Katolikoen armarria ikus daiteke eta albo banatan, neurri txikiagokoak, Gebaratarren eta Larristegirren armarriak agertzen dira. Gainetik, apaindurazko osagai gisa, moldura bat bereizten da.

Bestalde, alboetako gorputzetan irekitzen diren hutsuneak neurri eta tamaina ezberdinekoak dira. Batzuk jatorrizkoak dira, baina beste batzuk, berriz, ondorengoak dira eta behar ezberdinen arabera ageri dira. Horren ondorioz, antolamendua alde batetik bestera aldatzen da.

Hala ere, solairu nagusian, bi baoen aztarnak azpimarratu behar dira, bikiak eta hirulobulatuak izateagatik. Bukatzeko, goiko partean, erlaitz batek hartzen du multzo osoa non hiru gargola ateratzen dira.

Barruko aldeari dagokionez, beheko solairuko ataria eta eskailerak goiko solairuetara igotzeko aurkitzen dira. Dena den, jatorrizko antolamenduarekin konparatuta, gaurkoa ez dauka zerikusirik, erabat aldatuta baitago.

Gebara jauregiak hainbat erabilpena izan ditu, besteak beste, ostatua izan zela jakina da.

Aipatu dugun bezala, estiloaren ikuspuntutik, garai honetako Gipuzkoako eraikinetan, elementuen nahasketa da ezaugarri bat. Izan ere, eraikuntza prozesua luzatzen zen eta hori dela eta korronte artistikoak gainjartzen ziren. Horretaz gain, gogoratu behar dugu euskal lurraldean gotiko estiloak izate hibridoa izan duela eta izate hori islatzen da eraikinetan.

Gebara jauregiaz aparte, garai honetako beste eraikuntza zibilak altxatu eta geratu dira Gipuzkoan, adibidez, Legazpitarren jauregia Zumarragan, Enparan jauregia Azpeitian, eta Lili jauregia Zestoan.

  • AGUINAGALDE, Borja. "Gipuzkoako dorretxeak eta leinuak". Bertan, nº11. San Sebastián: Gipuzkoako Foru Aldundia. Cultura eta Euskara Departamentua, 1997.
  • ASPIAZU, R. "Arquitectura civil doméstica de Guipúzcoa. La vivienda urbana y la vivienda noble entre los siglos XV y XVI". Ibaiak eta Haranak. Vol. 2: Guía del patrimonio histórico-artístico y paisajístico. Bilbao: Ed. Etor, 1992.
  • DE YRIZAR, Joaquín. Las casas vascas. Bilbao: Biblioteca Vascongada Villar. Librería Villar, 1929.
  • LAMPÉREZ ROMEA, Vicente. Arquitectura civil española de los siglos I al XVIII. Volúmenes I y II. Madrid: 1922.
  • ORELLA, José Luis;ESTÉVEZ, Xosé. (Coord): Casas Torres y Palacios de Guipúzcoa. San Sebastián: Colegio oficial de aparejadores y arquitectos técnicos de Guipúzcoa, 1996.