Arkitektura

Gebara jauregia. Segura

Gotiko estiloak izugarrizko arrakasta izan zuen euskal lurraldean. Berandu heldu zen, XII. mendearen bukaeran, baina XVI. menderaino luzatu zen. Denboraldi luze honetan, hainbat zati bereiz daitezke. Kasu honetan interesatzen zaigu hirugarren aldia, hau da, XV. mendearen bigarren erdiaren eta XVI. mendearen lehen hamarkaden artean gertatu zena.






Garai honetan zehar hazkunde ekonomiko eta demografikoa gertatu zen Gipuzkoan, bestalde, politikaren aldetik, zenbait borroka garrantzitsu burutu ziren familia nobleen artean. Izan ere, une honetan sistema feudalaren beheraldia ezarrita zegoen baina, era berean, burgesia, hau da, aldi honetako gizarte klase berria, finkatuta zegoen hiri eta herri berrietan.

Honekin batera eraikuntzaren goraldirik ikusgarriena bizi izan zen. Estiloaren aldetik, gotikoko eta berpizkundeko ezaugarriak (teknika ezberdinak, eraikuntza elementuak eta apaindurazko osagaiak) konbinatu ziren.

Aldi honetako arkitektura erlijiosoko adibideak ugariak dira, arkitektura zibilaren arloan, berriz, oso gutxi geratu dira. Hala eta guztiz ere, Gipuzkoako lurraldean adibiderik hoberenetako batzuk aurkitzen dira eta besteak beste, Gebara jauregia daukagu Seguran.