Literary Figures

Escu-liburua, ta berean eguneango cristiñau-ceregiñac (1802). Pedro Antonio Añibarro

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Billaron jaio zen Pedro Antonio Añibarro Frantziskotarra, 1748an (1748-1830). Hainbat erlijio liburu idatzi zituen arren, ez ziren denak argitara atera. Aita Palaciosen Ramillete espiritual lanaren itzulpena izango zen Lore sorta espirituala (1803), Axularren Gueroco guero obraren bizkaierarako itzulpena eta hemen aztertuko dugun Escu liburua (1802) dira argitaratuetatik ezagunenak. Hordago argitaletxeak 1978an Euskal Klasikoak sailean berrargitaratu zuen Escu liburua, eta berau erabiliko dugu gure artikulu honetarako.

Añibarrok zuzen-zuzen adierazten du garai hartako idazle bizkaitarren erlijio ekanduaren eta hizkuntzaren ezagupenaren artean ikusten duten harremana. Ardura hori Escu liburuari eginiko "Sartaurrean" ikus daiteke argi eta garbi:

"erruquituric bestetic, ez idoroteaz dotrinazco chiquiac baño beste libruric Bizcayco eusqueran; ta (...) alan eguin dot aleguiña, librucho baten batu, lotu ta alcartuteco, libru ascotan zabalduric dabiltzen adivide santuac Arimen oneraco" (3 or.).

Argi agertzen da zein diren liburuaren izaera eta helburuak; irakurgai santuez osoturiko liburua antolatu nahi du idazleak, ondo dakielako irakurketak irakurleari ekar diezazkion onurak zein diren. Arrazoi hori dela eta, egun osorako "Meditaciño edo gogarte" ugari, otoitzak eta eskariak proposatzen ditu idazleak urteko egun guztietarako, eta hurbileko hizkeran ematen ditu, bertako irakurleentzat, Bizkaiko euskalkian idatzitako liburuen eskasia gogoan duela. Onartzen du, bestalde, ez dela ez ideia ez eta idazlan originala ere, izan ere beste liburuetako adibideak batzen ditu. Baina ez du arazo horrek kezkatuko, hain zuzen ere irakurle kristauarentzat ahalik eta eredurik hoberena eskuratu nahi duelako, beraz, originaltasuna heziketaren eraginkortasunaren azpian uzten du.

Hamar atal nagusitan banaturik dago idazlana, eta horietako batzuek zenbait azpiatal dituzte:

  1. EGUNEANGO CRISTIÑAU Ceregiñac..
  2. GOGARTE LABURRAC ATZERENGOEN GANEAN. ILLECO EGUN BACOITzeraco.....
  3. MEZA ENZUTECO gogarte ta Oraciñoac Jesu-Cristorén Pasiñoarén ganeán..
  4. ONDO CONFESATU, TA Comulguetaco Oraciñoac..
  5. SACRAMENTU SANTUARI esateco Hymno edo Cantonac .
  6. CALVARIOCO ESTACIÑOAC..
  7. ERROSARIO SANTUA .
  8. GOXEAN, EGUERDIAN, ta arratsean Ave Mariac jotorduan....
  9. FEDE, ESPERANZA, ta Caridadeco Eguintzac.
  10. JATE OSTEAN esquer onac emoteco Oraciñoa..

Esan bezala, atal bakoitzaren barnean zenbait azpiatal daude, irakurleak nolako jarrera izan behar duen, zer egin eta esan behar duen adieraziz, dagokion egun ala egoerari egokien datorkion otoitz, eskaera zein gogoeta proposatzeko. Horrela, lehen atalean goizean goiz jaiki orduko egin beharrekoa eta otoitza proposatzen ditu, ondoren beste zenbait otoitz ematen ditu aukeran "Ama Virjinari", "Angueru gordetzalleari"... eta atala bukatzeko, egunero mezatara joateko aholkua ematen dio irakurleari, eta mezatara nola joan, nolako jarreraz, alegia, azaltzen du.

Bigarren atalean meza itxaron bitartean zein etxean egon bitartean egiteko otoitzak proposatzen ditu. Gogoetarako proposamen horiek ez dira berak sortuak, baizik eta "A. Juan Pedro Pinamontec Misiñoetan emoten cituenak" (13). Atalaren hasieran otoitz egiteko aholkuak ematen ditu. Ondoren, hileko egun bakoitzerako gogartea dator, eta "Frutua" izenburupean egoera jakinetan egokia litzatekeen jarrera eta otoitzak aholkatzen ditu. Bukatzeko, atalaren azken aldean, egun guztietan atera behar diren ondorio, aholku eta gogoetak laburbiltzen ditu.

Hirugarren atalean meza santua entzuteak dakartzan onurak eta meza nola entzun behar den adierazten du. Horrez gainera, apaizaren janzkeraren, apainduren, keinuen eta mezako erritoaren atalen azalpena ere ematen du. Azalpen bakoitzaren ostean kristauak izan beharreko jarrera eta egin daitezkeen otoitzak agertzen ditu.

Hurrengo atala hiru azpiatal garrantzitsutan banaturik dago. Autoreak liburuaren bukaera aldean jarritako "Idorogarria" izenburudun aurkibidean, hiru atal biltzen ditu honen barnean: "Confesiñoco Prestaerac 123?, "Examina Concienciacoa eguiteco vide erraz laburra 126?, eta "Comulguetaco Prestamenduac 155?.Atal horretan, besteak beste, aitorpena egiteko gida bat eta egindako pekatuei buruzko gogoetarako gida proposatzen du, agindu guztiak banan-banan aztertuz.

Bosgarren atalean elizarako kantu nagusien sasi-itzulpen eta egokitzapenak eskaintzen ditu: "Pange linguaren antzecoa" eta "Beste bat Sacris solemnijsen antzekoa".

Azken ataletan arrosarioa entzuteko jarrera, egin beharreko gogoetak eta otoitzak eta beste zenbait otoitza mota aurkituko ditugu.

Liburuaren bukaeran "Idorogarria" edo aurkibidea dugu, eta baita ere "LIBRU ONETACO UTSEguiñen Zuzen-videá", zenbait errakuntza zuzentzeko eta ortografiari buruzko zenbait azalpen eskaintzeko:

"S gaz escribituco dira: deuscu: deustazu: euscun....Jausi, caer. Jaso, levantar, alzar: Eraso, mezaraso, ayudar: Item, embestir, acometer.

Z, bearrean S, ta contrara lecu ascotan idoroten da; eta alan Z gaz ifini bear dira: Biztu, Zoriondu, Jazo, suceder acontecer...."

Bukaera-ohar horiek ematen digute egileak idazkera eta hizkuntzarekiko duen arduraren berri. Bizkaitarrek beren euskalkian irakurgai egokiak izan ditzatela, horixe izango da bere asmoetako bat, baina bereziki hizkuntza eta heziketa erlijio-gaietara loturik agertzea. Horrela, bizkaieraren idazkerarako eta literaturarako trebakuntza eta garapena honelako lanen zordun izanik ere, ez dugu ahaztu behar, I. Sarasolak dioen bezala (69), hizkuntzaren aukeraketa gaia bezain garrantzitsua dela Ilustrazioko eta XIX mendeko ideia berrien aurkako harresi bezala (Sarasola: 69-70 or.).

  • MITXELENA, Koldo. Historia de la literatura vasca. Donostia: Erein, 2001.
  • ORPUSTAN, Jean-Baptiste. Précis d?histoire littéraire basque. 1545-1950. Baigorri: Éditions Izpegi, 1996.
  • SARASOLA, Ibon. Historia social de la literatura vasca. Madrid: Akal, 1976.