Architecture

Enparan Dorretxea. Azpeitia

Gotikoaren garaian arkitektura erlijiosoa izan zen euskal lurraldean gehiena zabaldu zena eta tipologia honetakoak dira eraikuntza gehienak eta esanguratsuenak. Hala eta guztiz ere, esan behar da garai honetan anitz izan zirela eraikin zibilak, eta eraikuntza horiei esker, kasurik gehienetan gure egunotara oso moldatuak heldu badira ere, gizarte bizimodu zibilaren perspektiba zuzena daukagu gaur egun.

Aipatutako arkitektura motan hainbat faktorek parte hartzen dute, besteak beste, sozialak, geografikoak, politikoak eta ekonomikoak. Gipuzkoako probintzian, hain zuzen ere, aurreramendu ekonomikoari eta hazkunde demografikoari esker, etxaleku asko altxatu ziren garai honetako eskakizun berriei erantzun ahal izateko. Halaber, gogora dezagun, XIII., XIV. eta XV. mendeetan, izugarrizko liskarrak izan zirela familia nobleen artean, eta, horren ondorioz, etxea, familiaren bizitokia eta aterpea izateaz gain, leku defentsarako bihurtu zen. XV. mendearen bukaeran, berriz, Gipuzkoako Ermandateak izan zuen jarrera eta koroaren laguntzari esker, dorretxeak jatorrizko defentsa-funtzioa galduz joan ziren eta etxaleku edo bizitoki gisa soilik gelditu ziren.

Garai honetako dorretxe gutxi geratu dira Gipuzkoan eta zutik dirautenetan, bestalde, aldakuntza handiak nabarmentzen dira. Probintzia honetako dorretxeen adibiderik hoberenetako batzuk Debagoiena, Debabarrena eta Urolabarrena guneetan bilatzen dira, bai eta Oria eta Oiartzun ibaiaren haranan eta kostaldeko hainbat herritan ere, azkeneko leku hauetan hainbeste adibide ez egon arren.

Urola haranan, Azpeitian, Enparan dorretxea dugu. Jakina denez, Enparandar leinua itzal handikoa zen eta Enparan leinuari buruzko lehenengo aipamenak 1319. urtean aurkitzen ditugu. Oinaztarren bandoan zegoen eta bandoen arteko borroketan oso parte aktiboa izan zuen leinu honek. Enparandarretako batek sustatu zuen dorretxe honen eraikuntza eta ondorengoek aldakuntzak eta moldaketak burutu zituzten. Adituen arabera, Enparandarrak beste leku batean zeukaten etxalekua eta, eraikin hau altxatu zutenean antzinako eraikuntza baten aztarnak zeuden eta hauen gainean egina dago dorretxea.

Zenbait dokumentuen arabera, 1320. urte inguruan egina zen; 1457. urtean Gaztelako erregeak, Enrique IV.ak, emandako legeari jarraituz, mozkindu zen eta 1535. urtean eta 1760aren aldera aldaketak eta moldaketak egin ziren. Egoera berrietara moldatuz zihoazen heinean, hainbat osagai defentsarako galdu zituen eta beste elementu batzuk sinbolo-dorretzat mantendu ziren.

Kokalekuari dagokionez, eraikin hau Azpeitiako Foru ibilbidea, 18an kokatuta dago, Erdi Aroko harresietatik kanpo. Urola ibaiaren ondoko ertzean, zubi zaharratik gertu eta Enparanen antzinako errotatik hurbil eraikia zen, hau da, leku pribilejiatu batean, garai hartan ia landa inguruan, lorategiz eta ortuz inguratutako bizitoki batean. Halaber, hiribildutik kanpo egotean, puntu estrategikoan, babeserako zegoen.

Aipatu dugun bezala, dorretxea egin zen aurretik orubean bertan zegoen beste eraikuntza bat. Jakina da zenbait aztarna daudela baina adituek ez dakite zehatz-mehatz noizkoak eta zerezkoak diren.

Enparan dorretxea, multzo bakartua da, alde guztietatik libre dago eta garai haietako Ahaide Nagusiek egiten zituztenen modukoa da. Fabrikazioan erabili zuten lehengaia ibaiaren harria da; harlangaitz-hormez egina dago, baina eskantzuak, ateburuak eta leihoburuak, aldiz, harlanduzkoak dira. Hormen zabalera metro batera eta metro eta hogei zentrimetrora iristen da kasu batzuetan, hortaz, esan daiteke multzoa sendoa eta trinkoa dela.

Gaur egun agertzen zaigun itxura arkitektonikoa mozketaren ondorioa da eta oinplano eta altxaerari buruz adieraztean bereizketa bat egin behar dugu.

Jatorrizko gorputza, gaur egun eraikinaren erdian dagoena, oinplano karratua da, ataririk gabe. Multzo hau mozkindu zuten eta, aipatu dugun bezala, 1535. urtean Juan Martínez de Enparanek moldaketak eta konponketak burutu zituen, besteak beste, lau isurialdeko estalia gehitu zuen eta, adituen ustez, garitoiak, teilatua zulatzen dutenak, garai honetakoak dira. Garai honetan ere bao gutxi eta estu (gezileihoak eta saieterak) zeukan. Beranduago, 1760. urtean Manuel de Enparan y Zarauz-ek berritua izan zen. Alboetako gorputzak, angeluzuzen oinplanoa eta hiru isuriko teilatua dauzkatenak, erantsi ziren; atzealdeko gorputza, begiratoki gisa, gehitu zen; horretaz gain, bao konopialak handiagoak egin ziren eta barruko antolamendua erabat aldatu zen. Modu honetan jatorrizko eraikuntzak Erdi Aroko dorretxearen itxura galdu zuen eta, izpiritu praktikoari jarraituz, eraikinari etxaleku edo jauregi baten tankera ezarri zitzaion.

Fatxada nagusiaren altxaerari dagokionez, gaur egun agertzen denaren arabera, erdiko atalak, hiru solairu eta ganbara ditu, alboetakoek, berriz, bi pisu dituzte. Gorputz hauen baoen antolamendua berdina da; beheko solairuan sarrerako baoa kokatzen da, zirkuluerdikoa eta dobeladuna dena, eta lehenengo pisuan, angeluzuzen leiho balkoiduna ageri da; gainera, azpimarratzekoak dira agertzen diren solairuen arteko leihoak, angeluzuzenak eta itxiak direnak.

Erdiko multzoan, beheko solairuko eskuinaldean, sarbidea zabaltzen da, eta hutsunea zirkuluerdiko eta dobelduna da ere; bestalde, saetera bat agertzen da. Lehenengo pisuak hiru bao angeluzuzen eta balkoi barroko jarraian dauka. Bigarren solairuan, berriro, hiru bao angeluzuzen, erdikoa, eta konopial, alboetakoak, agertzen dira; hirurak balkoidunak dira. Bukatzeko fatxada honekin, aipatu behar da, ganbaran kokatzen den hutsartea, tamaina txikia eta angeluzuzena dena.

Gainerako fatxadetan agertzen diren baoak angeluzuzen, konopialak eta saeterak dira. Hauetako bao batzuk agertu dira lan berritzeko egin ondoren.

Bigarren Karlistadan, eraikin hau inoiz Karlos VII.ren ostatu bihurtu zen eta, leku estrategiko eta preziatua izanik, bai karlistak bai liberalak egon omen ziren etxalekuan.

Enparan dorretxean 1960. urte arte ondorengoak bizi izan dira eta sakonako berrikuntza burutu ostean, 1977. urtean inaugurutu zen. Gaur egun kultur etxea eta Udal Liburutegia da.

Dorretxe honen garitoi zilindrikoak bere ezaugarri nabarmenenak dira. Hauek osagai gotikoekin apainduta daude eta elementu arkitektoniko antzekoak aurkitzen dira beste dorretxe batzuetan, adibidez, Mendietako dorretxean, Mendietan, Araban; Martiartuko dorretxean, Gohierrin, Bizkaian; eta Lazarragako dorretxean, Oñatin, Gipuzkoan.

  • AGUINAGALDE, B.: Gipuzkoako dorretxeak eta leinuak. Bertan, nº 11. Gipuzkoako Foru Aldundia. Kultura eta Euskara Departamentua. San Sebastián: 1997.
  • ASPIAZU, R.: "Arquitectura civil doméstica de Guipuzcoa. La vivienda urbana y la vivienda noble entre los siglos XV y XVI". Ibaiak eta Haranak. Vol. 2: Guía del patrimonio histórico-artístico y paisajístico. Ed. Etor. Bilbao: 1990.
  • DE YRIZAR, J.: Las casas vascas. Biblioteca Vascongada Villar. Librería Villar. Bilbao: 1929.
  • ORELLA, J.L. y ESTÉVEZ, X.: (Coord): Casas Torres y Palacios de Gipuzkoa. Colegio oficial de aparejadores y arquitectos técnicos de Gipuzkoa. San Sebastián: 1996.
  • URIA, J. I.: Casa-torre de Emparan, Azpeitia. Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones. San Sebastián: 1977.