Concept

Bancos. Arquitectura

Ver versión en euskera.

Banketxea tipologia arkitektoniko gisa ez du bere ibilbidea banketxeen sorrerarekin hasiko, beranduago baizik. Tipologia arkitektoniko berriak orokorrean behar bat asetzeko sortzen dira, hau da, behar bat eraikin baten bitartez bildu behar denean eta, ondorioz, eraikinak berezkoak izango dituen ezaugarriak garatu behar dituenean. Kasu honetan adiz, beharrak eta eraikinak ez dute hasieratik bat egingo, mende batzuk igaro ondoren baizik. Hau hobekiago ulertzeko banketxeen sorreran kokatu behar gara, hots, Aro Modernoan. Izan ere, XVI. mendetik aurrera, salgai dirua -garai horretan ohikoena metal preziatuak izanik- paper diruan bihurtzen dena eta salgai dirua gordetzeaz gain, diru hori maileguan uzten duten lehen pertsonak eta erakundeak sortzen diran. Dena den, garai hori banketxeen sorreraren hasiera izan arren, ez da oraindik izango banketxea eraikinaren hasiera. Ondorioz, Aro Modernoko lehen banketxeak, hasieran behintzat, ez dute berezko tipologiarik garatuko eta, beste denda eta enpresen antzera, etxeetan kokatuko dira, hauen lehen solairuetan. Banketxeek ez dituzte lehen garai honetan behar zehatzak eta berezkoak izango eta, horregatik, hasieran behintzat, ez dute eraikin mota berririk garatuko. Hala ere, konpondu beharreko arazo bat bazutela erakutsiko dute: salgai dirua bildu eta gordetzeko segurtasuneko espazioaren beharra hain zuzen ere. Dena den, behar honek ez du lehen bi mendetan eraikina baldintzatuko eta, ondorioz, hasieran aipatu den bezala, banketxeek ez dute eraikin mota berri baten beharra sortuko.

XVIII. mendetik aurrera, iraultza politikoekin batera industria iraultza ere gertatuko da: merkatu sistema ekonomikoaren garapena, hots, kapitalismoa eta, bide batez, diruaren erabilpen maizagoa, egoera honek diru mota berri baten beharra agerian utziz, diru fiduziarioa. Honen ondorioz, ekonomiaren funtzionamenduan banketxeak beharrezkoak izango dira. Orain dirua gorde eta finantziazioa ahalbideratzeko maileguak emateaz gain, diru fiduziarioa bera sortu beharko dute -legezko dirua eta banku dirua bezala ere izendatzen dena- eta baita beste hainbat eragiketa berriak egin ere. Funtzio berri guzti hauek betetzeko banketxe pribatuaz gain, Estatu liberal berriek banketxe publikoak sortuko dituzte, alde batetik diru mota berria sortzeko ardura beraien gain hartzeko asmotan, eta bestetik, beste banketxe pribatuen funtzionamendua kontrolatzeko. Azken finean, sistema ekonomiko kapitalistan diruaren erabilpena eta banketxeen eragiketak ezinbestekoak ziren sistemak funtzionatu ahal izateko.

Banketxeek ekonomia eta gizartean duten garrantzia handitzen den neurrian,eraikin mota berezi bat garatuko dute. Banketxe hauen lehen kokapena-Londresen, Parisen edota Milanen, XIX. mendeko lehen hamarkadetan-nobleziaren jauregiak izango dira eta ez bakarrik eraikin hauen antolaketa gela eta solairuetan bere eginkizunak garatu ahal izateko aproposa zelako, baizik eta baita banketxeek eraikin hauen monumentaltasuna eta garrantzia beraientzako nahi zutelako ere. Baina hasieran horrelako eraikinetan kokatuko badira ere -jauregi hauek erosiz salmentan ipiniko dituzten nobleziari- geroago -XIX. mendearen erdialdetik aurrera eta XX. mendeko lehen hamarkadak arte- beraien behar zehatzak asetuko dituzten eraikuntzak altxatzen hasiko dira. Eraikin hauek garaiko arkitektura estilo eklektikoarekin bat egingo dute, bereziki berpizkundea eta barroko garaiko hizkuntza arkitektonikoa berreskuratuz. Zenbait kasutan ere, arkitektura grekoarekiko atxikimendua erakutsiko dute -hau hiru orden klasikoen erabilpenean nabarmenduko da, adibidez-,grekoen "zintzotasuna" eta "dotorezia" berea egin nahiko balute bezala.

Hala ere, berezko eraikinak altxatzen hasten direnean, kanpoko itxuraz gain funtzioarekiko ere modu berezi batean garatuko dira, azkenean tipologia berri bat sortuz. Garatuko dituzten berezko ezaugarrien artean hiru nabarmendu daitezke: dirua gordetzeko segurtasunezko areto bereziak, banketxeen arteko eragiketak egiteko areto berezia eta sarrerako eskailera, eraikuntzaren monumentaltasuna eta garrantzia azpimarratzeko eta, neurri batean, aipatutako greziar garaiko tenpluen izaera eta nortasunarekin harremanetan ipiniko lukena. Baina berezko ezaugarri hauek garatzeko eta, batez ere,eragiketarako areto berezia eraikitzeko (derrigorrez estalia izan behar zuena) etasegurtasun neurriei ere aurre egiteko, eraikin hauek kanpoko irudia garatzeaz gain funtzionaltasunari dagokionez ere gauzak ongi egiten saiatuko dira. Horren ondorioz, tipologia honetan ere material berrien aldeko apustu argia egingo da -burnia, hormigoia, beira-, nahiz eta lehen hamarkadetan material berri hauek estali egingo dituzten. Horrela, alde batetik banketxeak eraikuntza esanguratsuak izan behar bazuten ere -monumentalak, garrantzitsuak-, bestetik industrialak izan behar ziren, hau da, guztiz praktikoak.

Joera eta izaera bikoitza hau XX. mendearen erdialdetik aurrera guztiz aldatuko da, modernotasuna eta arrazionalismoa arkitektura garaikidearen estilo nagusia bihurtzen direnean. Orduan beraiek ere irudia aldatzea erabakiko dute arkitektura funtzionala eta arrazionalaren aldeko apustua eginez, aurreko garaian bezala oraingoan ere hirien eta herrien erdigunetan kokatuz. Garai berri honetan banketxeek bere jarduera banakako eraikuntza erraldoietan soilik garatu beharrean, egoitza txikiagoen aldeko apustua egingo dute gero eta gehiago, eta sukursalen formatua garatuko dute, banketxeen eredua hiri, herri eta auzo desberdinetan zehar zabalduz.

Azken hamarkadetan ekonomia eta hirien antolakuntzan ere aldaketa garrantzitsuak suertatu direnez -teknologia berrien agerpena horien artean esanguratsuenetakoa izanik, ekonomia bera aldatzeaz gain gizakien arteko harremanak ere aldatu dituelako-, banketxearen tipologiak beste aldaketa berri bat jasan du. Sukursalen eremua murrizteaz gain, banketxe asko hiri nagusien erdigunetik ateratzen hasi dira. Hirien kanpo aldean kokatu dira egoitza berriak irekiz, parke teknologikoetan edo beraiek sortu dituzten auzo berrietan, banketxearen funtzioak eta langileak gune bakar batean elkartuz. Azken kasu hauetan ere banketxeak arkitektura garaikidearen aldeko apustua egiten ari dira, nahiz eta apustu hauek gehienetan erakundeak bezala, estiloaren aldetik neurtuak eta lasaiak izaten ari dira.

Euskal Herrian lehen banketxeak hiri nagusien erdigunean zabalduko dituzte, Bilboko kasuan alde zaharrean, San Nikolas plazan -Bilboko Bankua, Eugene Lavalle eta Severino Achucarroren lana izanik-, eta beste hirietan -Donostian Gipuzkoako Bankuaren egoitza Ramon Cortazarena, eta Gasteizen eta Iruñan Espainiako Bankuaren egoitzak, Jose Yarnoz arkitektoaren lanak- lehen zabalgunetan. XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran altxatuko diren banketxetako egoitza hauetan sarreran aipatu diren ezaugarri guztiak aurkitu daitezke: eraikin eklektiko eta historizistak dira, baina ez oso esanguratsuak ezta oso adierazgarriak ere -Cortazaren eraikina salbuespena izanik, Donostian altxatzen duen eraikinean barrokoaren aldeko apustu esanguratsua egingo baitu-, orokorrean nahiko xumeak eta soilak baizik.

Baina XX. mendeko hirugarren eta laugarren hamarkadetan, Bilbon oraingoan ere -garai honetan Euskal Herriko hiriburu ekonomikoa-, alde batetik Pedro Guimon eta Ricardo Bastidak Bilboko Bankuaren egoitza berrian, eta bestetik Manuel Ignacio Galindezek Hispano Amerikar Bankuan altxatuko dituzten eraikinetan, gure lurraldean tipologia honen eredua finkatuko dute, bi eraikinetan hasieran aipatutako ezaugarri guztiak bilduko dituztelako, oraingoan eklektizismoaren aldeko apustua modu adierazgarri eta esanguratsu batean eginez.

Baina, berrogeitamargarren hamarkadatik aurrera, lehen aipatutako aldaketak eraikinaren estiloan eta funtzioan Euskal Herrira ere helduko dira; modernotasuna gure artean zabalduko da ere, arrazionalismoaren alderdi funtzionalena garatuz. Honen adibide izango dira Bizkaiko Bankuaren egoitza nagusia Bilbon -Jaime Torres, Enrique Casanueva eta Jose Maria Chapa-, Bilboko Bankua Gasteizen -Francisco Hurtado de Saracho-, Santanderreko Bankua Donostian -Luis Gutierrez Soto- eta Popular Español Bankua -Emiliano Amann Puente- Bilbon ere. Eraikuntza hauen materialak eta estiloak gaurkotasunarekin jorratuko dira, banketxetako tipologia garai berriekin bat egiten saiatuko dela argi adieraziz. Berez, bi hamarkada beranduago arkitektura garaikidean posmodernidadearen moda zabaltzen denean eta berriro antzinera begiratzeko joera gure artean zabaltzen denean, gure hiriburuetan ere estilo honetan eraikitako banketxeak aurkituko dira, zehazki Araban bi adibide egonik, Santanderreko Bankuaren egoitza -Fernando Chueca Goitia- eta Bankoa Bankuarena -Luis Peña Ganchegui- biak Gasteizen.

Azken hamarkadetan banketxe gehienak aurreko hamarkadetan eraikitako eraikinekin jarraitu badute ere -kasu batzuetan ere egoitza zaharrak erosi eta zaharberritu dituzte-, beste zenbait kasutan banketxe batzuk hirien erdigunetik irteten hasi dira, hiri handien alboetan dauden parke teknologikoen eremutan kokatuz. Hori izan da, Gipuzkoako Kutxak Donostian egin duena -Joaquin Montero arkiteko gipuzkoarraren lana-egoitza berria Ibaetan altxatuz.

  • CENICACELAYA, Javier; ROMAN, Antonio; SALOÑA, Iñigo. Bilbao. Guía de Arquitectura Metropolitana. Bilbao: Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala, Bizkaiko Ordezkaritza, 2002.
  • FERNANDEZ ALTUNA, Jose Javier. Euskal Herriko Arkitektura. Bilbao: Ibaizabal, 2004.
  • MAS SERRA, Elías. 50 años de arquitectura en Euskadi. Vitoria-Gasteiz: Gobierno Vasco, 1990.
  • MULLER, Werner; VOGEL, Gunther. Arkitektura Atlasa 1: Gai orokorrak. Mesopotamiatik Bizantziora. Bilbao: Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, 2005.
  • MULLER, Werner; VOGEL, Gunther. Arkitektura Atlasa 2: Erromanikotik Gaur egunera. Bilbao: Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, 2007.
  • URRUTIA, Angel. Arquitectura española siglo XX. Madrid: Cátedra, 1997.