EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.
Urte batzuk lehenago argitaratutako Kresala eleberri "anai"-arekin batera, Garoa euskal eleberriaren gailurretako bat da. Berrehun eta berrogeita hamar orrialdetik gorako obra honetan, Oñati aldean kokaturiko Zabaleta basetxeko jauna den Joanes artzain-baserritarraren bizitzaren azken urteak -eta bere familiarenak- kontatzen zaizkigu. Garibaiko Ana Joxeparekin hiru seme hazi zituztela esaten zaigu, Jose Ramon oinordeko izatera deitua eta burasoak legez kristau ona, Iñazio Mari apustuetara emandako aizkolari aiurriz ahula eta Juan Andres erbestera joango den diruzalea. Morroi bat ere badu Zabaletak, zahartuko denean ordezkatua izango dena. Eleberrian agertzen den oro bezalaxe etxaldea eta bertako biztanleak arketipikoak dira -horretan legoke, apika, Agirreren lorpen handiena, arketipoen berezko indar literarioaz egiten duen erabilpenean- eta tradizioak eskatzen dituen tasun guztiak dituzte.
Mundu moderno eta hiritarraren presiopean gero eta estuago eta deserosoago bizi eta gainbeheran sartua dirudien mundu menditarraren bilakaera geldoa du kontagai Agirrek. Joanes pertsonaia nagusiak konpondu behar duen arazo nagusia jarauntsiarena da, hitzaren zentzu material zein abstraktuan. Hau da, nola iraunarazi bere balore mundua eta ontasunak pixkanaka arrailduz doan familia ez hain batuaren bitartez? Hortik letorke semeen eta biloben ezkontzak ahalik eta egokien "zuzentzeko" orduan artzainak eta bere emazteak jartzen duten arreta kezkatia. Izan ere, beti ager baitaiteke mehatxuren bat, dela emaztegaia ez delako euskalduna -ikus Juan Andres gazteleratuaren emazte galiziarra-, dela senargaia ateoa eta hiritartua delako -ikus Malentxo biloba kuttunaren senargaiak-. Zentzu hertsian ez du ekintza nagusirik, beraz, eleberriak saga txiki eta ohiturazale baten itxura hartzen du, bidenabar, ederki egokitzen zaiolarik Mikhail Bakhtinen idilio erregionalistaren definizioari: erregionalismoaren funtsezko araua literaturan, belaunaldien bizitzaren eta toki jakin eta mugatu baten arteko lotura hautsiezin eta iraunkorra, bizitzaren prozesuak hartzen duen itxura idilikoaren isla da.
Idilio erregionalista, genero moduan, hain zuzen mundu egonkor hauek desorekatzen hasten direnean sortzen dela garbi dago. Orduan bakarrik hasten da literatura begirada nostalgikoa pausatzen, ordura arte berezko baliorik ez zuten bizimodu eta jendeen gainean. Hala, deskribatzen den mundu idiliko-ideialak kontrapuntua behar-beharrezkoa du, irakurlearen begietan balio sentimentala hartu ahal izateko, enpatia eragiteko. Paper hori hiriak beteko du Agirreren bi eleberri ohiturazaleetan. Esan daiteke jatortasunaren hierarkia bat proposatzen duela eleberriak, eta hierarkia hori pertsonaien bitartez, noski, baina baita espazioaren antolakuntza sinbolikoaren bitartez gauzatzen duela. Joanesen ateraldi antologikoenetako batean, esaterako, zera dio, zenbat eta beherago -topografian- hainbat eta endekatuago aurkitzen direla gizarteak eta bertan bizi diren gizakiak, mendizale gaiztoturik ez duela ezagutzen, alegia. Bada, bere esana konproba daiteke aintzat hartzen badugu obran zehar pertsonaiarik "garbiena" -Joanes bera- dela mendietan gorena ibili ohi dena, eta eleberriko gainerantzeko pertsonaiak moralki epaitzen direla espazioan hartzen duten kokapenaren arabera. Baserrian bizi direnak -eta bizitzen jarraitzea hautatuko dutenak- bigarren maila batean legozke, herrian bizi direnak hurrena, hiritartuak ondoren, eta erbesteratuak azken horien maila berean. Adierazgarria da, Juan Andres erbesteratuak, topologiaren sinbologia bikoiztuz edo azpimarratuz, nolabait, lurpean aritzen dela, harria zulatzen, trenbidea pasa dadin.
Garoaren ikuspegi sinplista ez eskaintzearren, esan behar da idilioaren ezaugarriak baldin baditu atzerabiderik gabeko endekatzearen edo gainbeheraren zantzuak ere uzten dituela nonahi Agirrek, idilioaren betierekotasun kutsutik aldenduz. Badirudi belaunaldi batetik bestera, ezinbestean, "zerbait" galtzen doala, ezer ez dela berdina izango Joanes desagertuko denean. Eta hala gertatuko da: Joanes itzaltzen denean, narratzaileak irakurlea lasaitzeko edo esaten dio Jose Ramon premua zuzendu edo ondu egin zela eta Joanesen itxura eskuratu zuela. Baina irakurlea ongi oroitzen da nobela hasieran honi buruz esandakoaz, hots, ez zela inolaz ere bere aitaren orpora iristen, ez indar fisikoari ez moralari zegokionean. Eta obra osoak pixkanakako eta ekidinezinezko gizartearen ahultzea sentiarazten digu.
Hiritar mundua Kresalan baino luzeago eta zehatzago erakusten du Agirrek -ikus bitez Somorrostroko meategien deskribapen apokaliptiko-xenofoboa eta Eibarko mitin sozialista, azken honetaz egiten duen gaitzespena edo trufa inpotentziarenak direla nabarmen geratzen da. Eta, are okerrago, autoreak kontrolatu ez duen efektua litzateke hau. Etorkizunaren aurreko ezina, izan ere, trama nobeleskoaren korapilo nagusietako baten askatzeak berak salatzen du, finean. Eleberriko "altxorra" -Malentxo biloba maitatu eta ederra, inguruetako gizon guztien desira lortzen duena, bai zintzoena, bai gaiztotuena- ez da inorekin ezkonduko eta moja sartzeko aukera "autista" egingo duelako. Galzorian dagoen baserri mundua hasierako orekara itzultzen autoreak darabilen trikimailuari ere happy ending hollywoodiarren usaia hartu dakioke: Azkarraga, Iñazio Mariren emazte Mikallaren familiaren egoitza, Iñazio Mariren apustuetarako joera patologikoak kinka larrian jarri duena, Ameriketako Mikallaren osaba aberastu baten azken uneko jarauntsiak baizik ez du salbatuko, in extremis eta deus ex machina.
Garoa Txomin Agirrek idatzi zituen hiru eleberrietako azkena da, gotorrena, anbiziotsuena, gizpuzkeraz idatzia (beste biak ez bezala). Ondarroakoa, zurgin seme elizgizon bihurtua, euskal eleberrigintzaren fundatzailetzat dauka tradizio kritikoak. Arrazoiz, bera izan baitzen fikzio edo intriga luze eta korapilatsu samarra hitz-lauz eman zuen lehena, aurrena eleberri erromantiko-historiko bat taxutuz -Auñamendiko lorea (1898)- eta ondoren euskal literatura ohiturazalearen paradigma bihurtu diren Kresala (1904) eta Garoarekin Agirre Mogelen Peru Abarka edo Elizanbururen Piarres Adame-ren oinordekotzat jo daitekeen arren -batez ere bere diptiko kostunbristari bagagozkio- lotura hau liburuon edukiaz ari garela baino ez da egiaztagarria. Mogelek indarrean jarritako figura erromaneskoa -euskal nortasun jatorraren ordezkari perfektua (kristaua eta euskarari atxikia), hots, baserritarra- ia aldaketarik gabe aurkituko dugu Garoan, Joanes artzain-baserritarrak gorpuzturik. Aldaketa, beraz, egotekotan, narrazioak hartzen duen forman legoke. Mogelek intriga erromanesko mehe bat aitzakia edo amu bezala badarabil irakurleari irakaspena edanarazteko -ez dezagun ahantzi gure azken idazle neoklasikoa dugula Mogel, Azkoitiko zalduntxoen ildokoa-, Txomin Agirrek, intriga nahikoa landuari ematen dio protagonismoa -Kresalan oraindik formarekiko bilakaera hau ez da hain nabarmena-,irakaspenak ezker-eskuin, baina diskrezio gehiagoz, tartekatzen dituelarik. Eta Piarres Adame, liburuaren azpi-tituluak iradokitzen duenez, narrazio nagusi batek elkarri loturiko "hitztorio" ezberdinen bilduma baldin bada, hemen benetako istorio bakar eta landua dugu -berriro ere, ez dezakegu hainbeste esan Kresalaz.
Garoaren iruzkingile gehienek esan duten gisan, egia da pertsonaia estatiko samarren aurrean aurkitzen garela (hasieratik bukaerara mundu ikuskera eta balio berdinak gordetzen dituzte). Kresala-rekin erkatuz gero, halere, ikus daiteke Agirrek koordenada bat gehitu diola bere sistema erromaneskoari: denbora. Izan ere, itsas bazterreko eleberriak baino epe luzeagoa besarkatzen du eleberri menditarrak. Honek sinesgarritasun, edo behinik behin loditasun, erromanesko gehixeago ematen die zenbait pertsonaiari. Halere, loditasunean irabazten duena bizitasunean galtzen duela ere esan daiteke, eta kritiko batzuek esan dutenarekin bat etorriz, Kresala, bere laburrean indartsuagoa, koloretsuagoa, sinesgarriagoa, egiten zaio irakurleari, nahiz ez den Garoa den bezainbesteko eleberria. Izan ere, "nor ezkonduko da norekin?" galdera errepikatu eta biderkatua baino ez du Agirrek Garoan intrigari aurreraka eragiteko. Pasarte gogoangarri eta miresgarriak aurreko eleberrian baino ugariagoak badira, -Joanesen aurkezpena bere osotasunean, kasurako, edo Somorrostroko meategiena- pasarte gezak ere ugariagoak ditu Garoak. Batzuen aburuz berea ez zuen gipuzkeraz idazteak ere indarra eta bizitasuna kendu zion obrari. Nolanahi den, Peru Abarkarekin hasi eta Etxaideren eleberri "desberdinaren" etorrerarekin amaitzen den mende eta erdiko ohiturazko euskal eleberriaren gune eta gailur bihurtu dira Txomin Agirreren eleberri anaiak eta autorearen idazkerak baduke zerikusirik horretan.
Ezin esan Agirreren prosa modernoa denik -bere egitura narratibo konbentzionalak ere ez du halako balentria estilistikorik eskatzen-, baina aberatsa eta atsegina da. Oraindik ere egungo irakurleak zerbait plazer kausi dezake bere gaiarekiko enpatiaz gainezka idazten duen Agirreren prosan. Irudi eta konparaketetan eskuzabal, eguneroko itzuli eta ateraldi herrikoiei adi -nola uka idazkion balio etnografiko-linguistikoa?-, hiperbola eta sentimentalismoa nahastearen aldeko, Agirrek irakurlea zaindu egiten du (bere pertsonaiak beste) eta eskutik helduta eramaten du euskal mundu jatorraren aberastasunak ezagutzera, lehen pertsonan eta istorioaren lekuko ari den narratzaile nagusia lekuko. Ez dugu autore garbizalea eta oraindik ere bere garaiko euskal girora egokituriko hizkera herrikoi baina jakintsua darabil idazteko orduan. Hortik aurrera mundu horretaz eta Agirrek bezala idatziko duten idazleek, ordea, tankera anakronikoa hartuko dute ezinbestean, historia, gizartea eta euskara bera modernoagotuz joango diren heinean.