Kontzeptua

Txokolatea

Kakaoz eta azukre ehoz egindako oreari deitzen zaio txokolatea, baita produktu hori urtu eta uretan edo esnetan egosita egiten den edariari ere.

Cacaceae familiako theobrama cacao izeneko zuhaitzaren hazia edo baien almendra da kakaoa. Zorro edo baia bakoitzak 20-40 ale edo hazi izaten ditu.

Klima bero eta hezea behar izaten du hazteko zuhaitz horrek. Amerika tropikala du ingurunerik egokiena, ipar latitudeko 23º-tik hego latitudeko 20º-ra bitarteko eremu geografikoa. Tarte horretan daude Mexiko -iparraldera-, Erdialdeko Amerika osoa eta Antillak, Brasileraino, bitarteko herrialde guztiak barne direla. Asian, berriz, Txinako Itsasoa deritzonean landatzen da (Filipina Uharteak, Sri Lanka, Java...); Afrikan, Gineako Golkoko herrietan (Kamerun, Kongo, Gabon...); Ozeanian, Indonesian, Ginea Berrian eta Samoan, besteak beste. Barietate horiek guztiek hainbat kakao mota eta aroma ematen dituzte, eta horiek nahasiz lortzen du txokolategileak nahi duen kalitatea eta zaporea.

Mexikoko tradizio zahar batek dio Qualzalcoult zela lorezain Eguzkiaren Semeak bizi ziren paradisuan, eta hark ekarri zituela Lurrera quacahualt kakao-zuhaitzaren lehen haziak eta gizakien esku jarri jainkoen jaki hura.

Uste da K.a.ko 1.500 aldera hasi zirela landatzen egungo Amerikan kakao-arbola. Gero, olmekek eta maiek hedatu zuten beren ingurunean.

Joan Corominasek dio, bere hiztegi ospetsuan, hitz azteka dela 'txokolatea'. Badirudi antzinako mexikarrek proportzio berean nahasten zituztela zeiba- eta kakao-haziak (kakáwatl) eta, agian, (pócotl) poco-kakawa-atl hitzetik datorrela izena, hots, "kakao- eta zeiba-edaria", espainiarrek chocahuatI hitzarekin laburtua.

Auñamendiren arabera, bestalde, txokolate hitza erabiltzen da Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaian; xokolet edo xokolot, berriz, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan. Zenbait hitz konposatu ere badira: xokolet-esne, txokolatesne, kokolet-untzi, xokolegintza, txokolategi edo xokolategi, besteak beste.