Zuzendariak

Iglesia Mendoza, Alex de la

Bilbon 1965eko ekainaren 4an jaiotako zine-zuzendari bizkaitarra.

Deustuko Unibertsitatean Filosofian Lizentziatua, Alex de la Iglesiaren lehen zaletasun artistikoak komikiaren eremutik bideratu ziren. Bederatzigarren artearen amorratua da eta hasieran fantzinetan eta egunkarietan marrazteari ekin zion.

Zinearekiko harremana Pablo Bergerren Mama (1988) film laburrean zuzendari artistiko bezala lanean sartuz izan zuen. Lan hori Detrás del sirimiri (1988) edo Doctor Livingstone, supongo bezalako programetan ere egin zuen. Zuzendari bezala bere estreinaldia Mirindas asesinas (1990), bere muturtasunean bilbotar zinegilearen ibilbidean zehar errepikatu den nortasun-ezaugarriak jada iragartzen zituen film laburrarekin iritsi zen; indarkeria basatia eta arrazoigabea, komikiaren unibertsoarekiko etengabeko aipamenak, humore beltza eta ukitu esperpentikodun komedia generoagatiko maitasuna. Labur horretan, bere filmografian etengabeko presentzia duen Jorge Gerrikaetxebarria bere gaztetako lagunarekin batera idatzi zuen gidoia. Proposamen berri horren arrakasta erabatekoa izan zen. Alcalá de Henaresko Zinemaldian Lehen Saria lortu eta gurtzerako film labur bihurtu zen. Geroztik Enrique Urbizuren Todo por la pasta (1991) filmaren zuzendaritza artistikoaz arduratu zen. 90eko euskal zine berrirako hasieragune izan zen filma zen.

Baina Alex de la Iglesia benetan ezagutzera Acción mutante (1993), bere lehen film luzeak emango du. Film hori Pedro Almodovarrek ekoiztu eta Jorge Gerrikaetxebarria eta Alex de la Iglesiak idatzitako humore garratzez jositako fikzio-zientziazko indarkeriazko iruzurra da. Filmaren arrakasta handiaz geroztik Alex de la Iglesiak Acción mutante baino hobea zen xenofobiak, telezakarrak eta kontsumismoak menperatutako (ekintza Gabon jaietan gauzatzen da) hiri baten, Madrilen, Antikristoa bilatu nahian dabiltzan bi pertsonaia aurkezten dizkigun beste komedia burugabeko El día de la Bestia (1995), estreinatu zuen. Gizarte modernoaren giza-lelotasunaren kronika hori urteko pelikularik arrakastatsuenetariko bat izan zen, sei Goya sari eta Pelikularik Hoberenari Ondas Saria, besteak beste, lortuz. Sustraitutako ibilbidea zuela Estatu Batuetan 1.200 milioi pezetako aurrekontudun Perdita Durango (1997) filmatu zuen eta ondorioz ordura arte espainiar ekoizpen filmatuen artean garestiena izatera iritsi zen. Barry Gifforden 59º y lloviendo, la historia de Perdita Durango izeneko eleberrian oinarrituz, bere indarkeria gordinak kritika asko ekarri zizkion arren, talentuz betetako film luzea da. 1999an 70eko hamarkadako espainiar telebista atze-oihal bezala zuen itxuragabezko gezurra zen Muertos de risa estreinatu zuen. Alex de la Iglesiaren proposamen berria 1999ko pelikularik arrakastatsuenetariko bat izan zen. 2000. Urtean Francisco Ibáñezen komikietatik Buero Vallejoren antzerkira arte Juan Antonio Bardemen edo Hitchcocken zinea ahantzi gabe erreferentzia aniztun La comunidad komedia zoroa estreinatu zuen. Alex de la Iglesiari berriz ere arrakasta lagun izan zitzaion. La comunidad filmak hasieratik ikusleen konplizitatea izan zuen. Izatez 2000 urteko pelikularik arrakastatsuena izan zen. Gainera, hiru Goya, 2000 Zilarrezko Fotograma 2 eta Euskal Zineari "El Mundo" Sarien IX. Edizioan lau sari lortu zituen (2001).

2001ean luzaroan egin nahi izan zuen eta Bonnie and Clyde edo ¿Qué me pasa, Doctor? Bezalako gidoien egile den David Newmanekin lankidetzan izandako La venganza de Fu-Manchú, egitasmoa filmatzeari uko egin behar izan zion Andres Vicente Gomez ekoizlearekin izan ziren gorabeheren ondorioz. Adostasunik eza horren ondoren bere produktora sortu zuen eta Ochocientas balas (2002) izeneko filmez spaghetti-westerni omenaldia egin zion. Film zirraragarria eta talentuz josia den arren, oraingoan Alex de la Iglesiaren zineak leihatilan porrot egin zuen eta ez zuen kritikaren laguntzarik izan. 2002an Nueva Yorkeko Espainiar Zinemaldiak atzera begirako erakusketa eskaini zion. 2004an Crimen perfecto izeneko humore beltzez jositako beste komedia bat estreinatu zuen eta aurreko ekonomia-laprastadatik indarberritzea lortu zuen 2004ko filmetatik diru-bilketarik gehien izan zutenen artean kokatu baitzen.

2008an, Yo,Claudio britainiar seriean Caligularena egin edo David Lynch-en El hombre elefante filmean paper nagusia izan zuen John Hurtek eta Peter Jacksonen El señor de los anillos-eko leinuko Frodo Bolson ahaztezinarena egin zuen Elijah Wood-ek interpretatutako ziurgabetasunezko The Oxford Murders film luzea estreinatu zen. Pelikulak izugarrizko arrakasta izan zuen. Berez, 2008an Espainian diru gehien irabazi zuen filma izan zen.

2008 eta 2009 bitartean telebistan Plutón B.R.B. Nero saioa zuzendu zuen, zientzia fikzioa eta parodia nahasten zituen komedia, Star Trek edota Nano Gorria serie mitikoak gogora ekarriz, horrela euskal zuzendariak bere lehen luzemetraiaren kutsua berreskuratzen zuelarik. 2009an Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiako presidente izendatu zuten. Urte horretan ere Payasos en la lavadora bere eleberria argitara eman zuten berriro, lehenengo aldiz 1977an kaleratu baitzen. 2010ean Balada triste de Trompeta pelikularen filmaketari ekin zion. Istorioa frankismoaren garaian gertatzen da eta bi pailazoen gorabeherak kontatzen dizkigu: aurpegia itxuraldatuta dute eta dantzari baten amodioagatik hil arteko duelua jokatzen dute.