Zinekoak

La Comunidad

Andrés Vicente Gómez-ek produzitu zuen filma, 2000n, Lola Films-entzat. Alex de la Iglesiak zuzendutako bosgarren film luzea da.

Alexek Jorge Guerricaecheverria lankide ohiarekin batera idatzi zuen gidoia. Acción mutante (1993) bere lehen film luzea bezalaxe, Alex de la Iglesiak umore beltzezko komedia bihurtu zuen La comunidad. Bere komikotasun garratzaren barruan, gizakien erretratu etsigarria egiten du filmak. Diru-goseak bakarrik bultzatuta mugitzen den espezietzat dauka gizakia. Hona istorioa: Julia (Carmen Maurak bikainki jokatua) higiezinetako agente bat da. Egun batean, 300 milioi pezeta aurkitzen ditu bakarrik eta denek baztertuta hil den agure gaixo baten atikoan. Kontua da etxeko bizilagunek bazekitela atikoko gizonak bildutako dirutzarena, eta ez dute utziko Julia etxetik altxorrarekin irten dadin. Alex de la Iglesiaren filmak eragin anitz jaso ditu. Obra, halere, bere kohesio narratiboagatik nabarmentzen da. La comunidad filmean, bada begirada maltzur eta trufari bat frankismoko Espainia zeken eta grisarentzat. Espainia hori bera obra ugaritan ageri da: Francisco Ibañezen 13 rue del Percebe komikian, Antonio Buero Vallejoren Historia de una escalera antzezlanean, edo Marco Ferrariren El pisito filmean nahiz Juan Antonio Bardem-en Calle Mayor-en. Hitchcock-i eta haren Con la muerte en los talones filmari ere egiten zaie omenaldia filmean, azken jazarpeneko eszenan. Eta kontuan izaki, era berean, Alex de la Iglesiak dekoratu bakarrean egin nahi zuela suspenseko obra (nahiz eta azkenean filma eskaileretara eta teilatura aldatzen den), euskal zuzendariak zinemako maisulan batzuk izan zituen eredu: Joseph L. Mankiewicz-en La huella eta Roman Polanskiren El quimérico inquilino, esate baterako. La comunidad terrorezko filma da, gainera.

Munstroak, ordea, ez dira estralurtarrak edo zonbiak. Alex de la Iglesiaren irudiko, beldurgarriagoak dira eguneroko munstroak. Filma aurkezteko kazetariekin egon zenean, etxeko eskaileretan agurrik ere egiten ez duen bizilagun mukerra jarri zuen horren adibidetzat. Bada, munstro mota horrexek inguratu du Julia, hari dirua kentzeko asmo sendoz. Dena biribila da La comunidad-en: protagonista larri eta estu sentitzen da, itsasoan galdutako eta marrazoz inguratutako dohakabea bezala; tramak sekulako suspensea du; ekintza-irudiak apartak dira... Agertokiei ere sekulako etekina atera zaie. Orobat esan daiteke aktoreez. Carmen Maura protagonista nagusiaren lan ikusgarria alde batera utzita, bigarren mailako Eduardo Antuña, Maria Asquerino, Manolo Tejada, Ane Gabarain, Sancho Gracia, Emilio Gutiérrez Caba, Terele Pávez eta Kiti Manver ere ederki ari dira, Alex de la Iglesiak talentuz gidaturik. La comunidad, azkenean, zuzendari bilbotarraren beste lorpen handi bat bilakatu zen. Berak ireki zuen Donostiako 48. Zinemaldiko Sail Ofiziala.

Agerian gelditu zen, berriro, ikusleen eta bilbotarraren arteko konplizitate handia, eta La comunidad Espainiako filmik ikusiena izan zen 2000n. Alex de la Iglesiaren film luze berriak hiru Goya jaso zituen -Emakumezko Protagonista Onena (Carmen Maura), Aktore-zerrendako Aktore Onena (Emilio Gutiérrez Caba) eta Efektu Berezi Onenak-, Goya Sarien XV. ekitaldian; Zilarrezko 2 Fotograma (Alex de la Iglesia eta Carmen Maura), 2000n, eta 4 sari, El Mundok Euskal Zinemari emandako IX. Sarietan (2001), eta bera izan zen ekitaldiko garaile handia: Film Onenaren Saria eta Zuzendari Onenaren Saria (Alex de la Iglesia), Emakumezko Antzezle Onenaren Saria (Ane Gabarain) eta Gidoi Onenaren Saria (Alex de la Iglesia eta Jorge Guerricaechevarría).

  • Rodríguez, María Pilar: Mundos en conflicto: Aproximaciones al cine vasco de los noventa, Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Universidad de Deusto, 2002, 284 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 2, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2008, 311 pp.