Zinekoak

Piztiaren eguna

Acción mutante (1992) filmaren arrakastaren ondoren 1995ean datatutako Alex de la Iglesiaren bigarren luzemetraia da.

Egileak deitu zion bezala "comedia de acción satánica" honen ekoizpena Italiako M.G.slr-ren koprodukzioarekin batera Sogetel-Iberoamericanaren esku izan zen. Bere lehen luzean izandako fantasiazko ukituz, eta umore garratz bereraz, Basatiaren eguna filmean Alex de la Iglesiak pertsonai txepel bi erakusten dizkigu, Berriatua apaiza eta Jose Mari heavya (Alex Angulok eta Santiago Segurak ikaragarrizko eraginkortasunez interpretatuak) gabonetako pil-pil betean Madrilen Satanasekin harremanetan jartzeko asmoz. Eta, egia esan apaiza, Deustuko Unibertsitateko Teologia Katedraduna, hainbat urtetan Apokalipsiaren liburua ikasteari ekin ondoren Antikristoa 1995eko abenduaren 25ean Madrilen jaioko denaren ondoriora iritsi da. Eta Antikristoak, horretan hain zuzen ere Alex de la Iglesiaren filmean kritika ikaragarri zorrotza dagi, ezin zezakeen bere erregetzaldiari hasiera emateko toki hobeagorik aukeratu, zinemagileak Madrileri buruzko erretratu suntsitzailea egiten baitio, guztion artean eraiki dugun gizarte moderno honen metafora izanik. Hau da, sukar kontsumitzaileak -gabon jaiak zentzu horretan iruzur zentzugabe honetarako gunerik egokiena dira- eta etxebizitza guztietara telebisten bitartez izurritea balitz bezala sartzen zaigun telezaramak menperatutako mundua.

Gainera, Alex de la Iglesiaren buru-argitasunaren erakusle bat, mundua menperatzeko agintegune bezala, beste era batera ezin izan zitekeenez KIO dorreak hautatzen dituen Angel Caído baten zerbitzurako lekaio bezala euren indarkeria erabiliz herritik zehar eroso dabiltzan talde-faxistak dabiltza. Filmean Cervantesen Don Quijote de la Mancha lan betiereko lanarekiko hurbilpen argitsua ere azaltzen zaigu. Berriatua apaiza Don Quijoteren ihakina besterik ez da. Batek, arrazoia zaldunen liburuak irakurtzen galdu du eta besteak Apokalipsiaren urteetako ikerketan nahasiz. Apaiza, bere inozotasunean zaldunaren geriza bihurtu den konplize batek uneoro lagundutako haize erroten itxura dutenen ostean ostondotzen diren erraldoiak aurkitu nahiez abentura bila irteten duen ero bat da. Jose Mari heavyak horrela bere "jaun" erotuaren ezkutari fidel bezala dagozkion zereginak betetzen ditu. Ezberdintasunik nabarmenena haize erroten ostean Berriatua apaizak eta Jose Mariak erraldoi ikaragarrien geriza mehatxatzailea ez aurkitzean datza. Aldiz sistema ustel bati, espekulatzaileari, arrazakeria faxista sustatu eta bere onuratan darabilenari aurre egin behar diote. Egungo gizartearekiko kritika inteligente honi indar dramatikorik goreneko irudiak hartzeko, zinemagintzaren denbora-zentzu argia, bikain bezala bakarrik definitu daitezkeen elkarrizketak, interpretazio distiratsu batzuk edo Flavio Martinez Labianoren argazki-zuzendaritzan egindako lan ikaragarria gehitzen baldin bazaio, emaitza bezala euskal zine garaikideko maisu-lan bat dugu. Jendarteak ez zuen zalantzarik izan eta bere estreinalditik aurrera arrakastarik handieneko filmetariko bat izatera iritsi zen. Gainera sei Goya sari -artean Zuzendaririk Hoberenena- eta Euskal Zineari "El Mundo" Sarietan bost sari.

  • De la Iglesia, Alex; Guerricaechevarría, Jorge: El día de la bestia; libro oficial de la película, Valencia, Midons Editorial, 1995, 111 orr.
  • Larrañaga, Koldo; Calvo, Enrique: Lo vasco en el cine (las películas), Donostia, Euskadiko Filmategia-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1997, 583 orr.
  • Rodríguez, María Pilar: Mundos en conflicto: Aproximaciones al cine vasco de los noventa, Donostia, Euskadiko Filmategia-Deustuko Unibertsitatea, 2002, 284 orr.
  • Roldán Larreta, Carlos: El cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza, Ikusgaiak-Zinematografiako Koadernoak, 3 zka., 1999, 407 orr.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2003, 351 orr.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 2, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 311 orr.