Pedagogo gipuzkoarra (1906-1982). Gerra ondorengo ikastola gehienen inspiratzaile eta bultzatzailea, pedagogi-metodo berri eta aurrerakoi baten sortzailea, helduen taldeetan euskara irakaslea eta artikulista. 1906ko maiatzaren 28an jaio zen Zumaian.
Haurra zela, familiarekin Donostiara joan zen bizitzera. Hamasei urte zituela, 1922an, orduan lau urtetakoa zen Lehen Hezkuntzako Magisteritzan egin zuen matrikula Gipuzkoako hiriburuan. 1926an ikasketak amaitu zituenean, ikasketa zentro euskaldun batean hasi zen lanean, Koruko Andre Mariaren Ikastetxean, Miguel Muñoak sortu eta babesten zuena. Zipitriak sei urteko haurrekin egoten zen zentro honek Donostiako Juan de Bilbao kalean zeukan egoitza.
Urte hauetan euskarazko irakaskuntza aktibitate politiko-kulturalarekin uztartu zuen: Emakume Abertzale Batza (1934an idazkaria), Euskaltzaleak eta Eusko Ikaskuntza elkarteetako kide zen. Euskaltzaindiaren Laguntzalleak elkarteko kide moduan 80 haurrez osaturiko talde bat prestatu zuen klase praktikoen bitartez, Martin Lekuonaren Eusko erdal erri bat euskalduntze bidean (1934, Eusko Ikaskuntza Artx., Eusk.) biltzarra ilustratzen zuen. 1936ko Gerra Zibilak Zipitria Lapurdin erbesteratzea behartu zuen; Askainen lehenik eta Ziburun ondoren, non Tolosako Labaien-Sansinenea familiak hartu zuen, eta azkenik Saran. Hemendik Donibane Lohitzunera joan zen 1939an.