Beren baitan hizkuntzak berdinak dira, maila linguistikoan bederen, baina bi edo gehiago baldin badira gizarte batean betetzen dituzten funtzioak desberdinak dira. Eskema orokorra hau zela ikusi dugu: ukipen-egoeran dauden bi hizkuntzetatik bata esparru eta une formaletan erabilia da, bestea informaletan, familian, lagunartean... Batak erabilera-esparru eta funtzioak irabazten ditu, besteak galdu. Prozesu diglosiko horrek eragin handia du hizkuntza-hautaketan, hizkuntzaren iraupenean eta ordezkapenean, hizkuntzaren zabalkundean.
Komunikatu nahi duen egoera guztietan hiztunak erabiliko duen hizkuntza edo hizkuntza-aldaera hautatu behar du. Hori banako hautua da, interakzio-testuinguruko baldintzei lotua zaiena.
Baina gizarte-mailan ere hizkuntza-hautaketa egin behar da, lehen hizkuntza haurrari transmititzeko unean, etorkinak harrera-herrian integratu nahi duenean, eskola-sisteman ikasleak hizkuntzak ikasi behar dituenean, etab.
Halere, beti ez da hauturik egiten. Estatu-nazioek eredu elebakar eta asimilatzailea inposatu baitute azken bi mendeetan zehar, nazio-hizkuntza bakarra hedatzea ahalbidetu dute, hizkuntza horrek beste batzuk ordezkatzeko baldintzak sortuz.
XX. mendeko hirurogeiko hamarkada arte euskaldunek erdara, gaztelania edo frantsesa ikasi dute eskolan, nahi ala ez, inposatu egin zaielako. Orduan, hizkuntzaren hautaketarik ez zegoen.
Hizkuntza-hautaketa ez da (guztiz) librea. Hizkuntza-merkatua
1982an Ce que parler veut dire liburuan Pierre Bourdieu frantses soziologoak hizkuntza-merkatu nozioa azaldu zuen. Gizarte batean hizkuntza bateko barietateei aplikatzen zitzaien. Merkatu ofiziala indar-erlazioen eremua da, non gaitasun legitimoa dutenek legea egiten duten. Hizkuntza- eta kultura-kapitala dutenek beren boterea inposatzen dute eta etekina lortzen. Ikuspegi horrek klaseko menderapenarekin, produkzio-bideen jabetzearekin, hots, marxismoaren doktrina ekonomiko eta sozialarekin zuen zerikusia. Geroztik hizkuntza-merkatua nozio hori ukipenean diren hizkuntzei eta hizkuntza-hautaketari hedatu zaizkie (Boyer, 2001 eta Calvet, 2002, adibidez).
Oro har, hizkuntza-hautaketa ez da hain librea. Lehen hizkuntza edo ama-hizkuntzarekin hasiz, gurasoek hautatzen dute edo haurrei inposatzen diete. Hori oinarrizko datua da.
Bigarren hizkuntzaren kasuan, hizkuntza-merkatua indarrean da eta, ikusiko dugun bezala, lehen hizkuntzaren kasuan ere bai, oro har.
Hizkuntza-merkatua hizkuntzen arteko balio-sistema da, hizkuntzen erabiltzeko beharren arabera egituratzen dena. Euskal Herritik kanpo euskararen "balioa" txikia da; ingelesarena, aldiz, mundu osoan da handia. Bi balio-mota ditugu. Batetik, balio estetikoa, prestigiodun hizkuntzek, zibilizazio "handietako" hizkuntzek dutena; bestetik, balio praktikoa, laneko hizkuntzak edo enplegua eskuratzeko hizkuntzak, zientzia-hizkuntzak, etorkinentzako integrazio hizkuntzak, etab. Hizkuntza batzuen ezagutzak gainbalioa ekartzen du; beste batzuenak, berriz, ez du ondoriorik.
Adiera horretan, beraz, hizkuntza guztiek ez dute balio bera, eta ezberdintasun hori hizkuntzen mundu antolaketaren erdian dago (Calvet, 1999: 12).
Era batez, eskaintza-eskariaren legea indarrean da hizkuntzen artean: alde batetik, gizarte-eskaria eta, bestetik, hizkuntzen eskaintza, esan nahi baita hizkuntzek dauzkaten izan-gaitasun funtzionalak (ikus hizkuntza-funtzioak, 3.3.2.).
Ikasteko den hizkuntzaren edo diren hizkuntzen hautaketa, maiz, hizkuntza berdinen artean egiten dela esaten da. Askatasuna teorikoa da, baina praktikan indar-erlazioek bideratzen dute hautaketa. Hizkuntza-merkatua inposatzen da.
Lehen hizkuntza gurasoek inposatua da, beraz. Gero testuinguru soziolinguistikoak gidatzen gaitu, egoeren arabera, auzo-hizkuntza batera, edo eskualdeetako komunikazio-hizkuntza batera, edo botere-hizkuntza batera (estatuarena adibidez, aurretik inposatua ez bada), edo nazioarteko hizkuntza nagusira, esan nahi baita ingelesera. Ildo honetan, ingelesa mundializazioaren hizkuntza bilakatu da, merkatu mundialaren hizkuntza.
Calveten ustez, hiztunek edo hizkuntza-komunitateek merkatuko legeari jarraitzen diote. Zenbaitek beren hizkuntza uzten dute, ez diete haurrei transmititzen. Ez da ganibeta eztarrian dutelako, baina bai beren interesa hor dela uste dutelako, edo beraien haurrena (2002: 212).
Portaera, kasu honetan hizkuntza-hautaketa, hiztunen eta hizkuntza-komunitateen irudikapen linguistikoetan eta gizarte-erlazioen analisi intuitiboetan oinarritzen da.
Hizkuntza-politikek hizkuntza-hautaketa horiek bidera edo desbidera ditzakete, baina hiztunen onespenarekin eta ez errudun sentiaraziz.
Lehen hizkuntzaren hautaketa
Calvetek, bere La guerre des langues-en "Familiako gerra" atalean, Bamakon (Mali) egin duen inkesta bat aipatzen du (1987: 98-99).
Familietan gurasoen lehen hizkuntza hedadura handiko eskualdeetako hizkuntza (peul, sonay) edo hizkuntza nazionala (bambara) baldin bada, inkestatuek hizkuntza hori lehen hizkuntza gisa zaintzen dute. Baina, gurasoen lehen hizkuntza Maliko beste hizkuntza bat bada, inkestatuetatik erdiek beste lehen hizkuntza daukate eta ez gurasoena. Familian bambara lehen hizkuntza gisa ez dutenak, denak, eleaniztunak dira, eta gehienak bambaraz mintzatzen dira.
Horrek erakusten du hizkuntza nagusia, bambara kasu honetan, bigarren hizkuntza gisa beharrezkoa bilakatu dela, era batez nahitaezkoa. Baina inkestak erakusten du bambara lehen hizkuntza gisa dutenek ez dutela beste hizkuntza afrikarrik ikasi beharrik ere.
Niameyen (Niger) Calvetek guraso bakoitzaren ama-hizkuntza aldagaitzat hartu du (1999: 100-101). Bikote mistoen kasuan, esan nahi baita aita-amen ama-hizkuntza desberdina denean, inkestatuen ama-hizkuntza Nigerko hizkuntza nagusia da nagusiki (zarma edo hauwsa).
Azkenean, ama-hizkuntzarik ez dela esan daiteke, haurtzaroan amaren hizkuntza ez baita beti transmititua. Bada, ordea, lehen hizkuntza (Calvet, ibid.: 101). Familia eleaniztunak ere hizkuntza-gatazkaren eremua dira, gizartean indarrean diren gatazken oihartzuna baitira.
Egoera hori Euskal Herrian ezaguna izan zen eta bada oraino. Bi gurasoek beren lehen hizkuntza bera izanik ere, euskara hain zuzen, beren haurrei ez diete beti ematen. Euskararen ondoren ikasi duten erdara, gaztelania edo frantsesa, beraientzat bigarren hizkuntza dena, haurren lehen hizkuntza bilakatzen da. Guraso horiek ez dute beraien gurasoek egin zuten hizkuntza-hautaketa egiten, haurren lehen hizkuntza euskaratik erdarara pasaraziz.
XX. mendearen erdian, berrogei-berrogeita hamarreko hamarkadetan, fenomeno hori indarrean zen Ipar Euskal Herrian. Aita-amek, euskaldun zahar izanik, haur gehienei euskara transmititzen zieten eta haiek ongi mintzatzen ziren. Ondoko haurrei ere euskaraz mintzatzen zitzaizkien, baina erantzunak frantsesez ziren. Haur gazteagoei ez zieten euskaraz egiten. Belaunaldi batez, belaunaldiz belaunaldi familian transmititu zen euskara bazter utzia izan da eta frantsesa ondoko belaunaldiko lehen hizkuntza bilakatu. Eskema orokor hori ez da Ipar Euskal Herriko eremu guztietan horrela gauzatu. Baserrian, Nafarroa Beherako ibar batzuetan bereziki, ez bide da hain azkar izan; Zuberoakoetan, aldiz, bai, Basabürüko ibar goietan salbu.
Hegoaldean ere, Espainiako Gerra Zibilaren ostetik 70eko hamarkadaren erdialdera arte, gutxi gorabehera transmisioa ia guztiz eten zen eta, ondorioz, belaunaldi osoak izan dira gurasoena ez zen beste ama-hizkuntza izan dutenak. Horien seme-alabak ikastoletan euskaldundu ziren, sarritan euskara ukatu izan zitzaien haiek bultzatutako ikastoletan. Belaunaldi galdua izan zen, nahiz eta askotan euskararen normalizazioaren alde modu ezberdinetan jardun, ez baitute hizkuntza jasotzeko aukerarik izan.
Halere, egungo guraso euskaldunek hizkuntza-leialtasun handiagoa dute. Ama hizkuntza euskara duten gurasoen familietan euskararen transmisioa eta erabilera-maila oso altua da. Txepetxen hitzetan izateko nahia, euskaldun izateko, euskara erabiltzeko nahia handiago litzateke.
Baina halere, eta oro har, aukera kontziente bat da gaur egun euskaraz bizitzea, euskara gutxiengo hizkuntza baita.
Immigrazioaren kasuan ere, herri batera bizitzera joan direnek herri horren hizkuntza nagusia, bertako hizkuntza nazionala ikasten dute, eurena usu bazter utziz goiz edo berant. Harrera-herriko hizkuntza integrazioaren, promozioaren, gizarte-prestigioaren eta familiatik kanpoko eredu nagusiaren araberako egokitasunaren hizkuntza da. Haurra elebakarra izanen da, eta bere lehen hizkuntza gurasoena.
Halere, besteak bezalakoa izan nahiaren (asimilazioa) eta jatorriarekiko leialtasunaren arteko tentsioak dualtasunaren onarpena ematen du. Orduan harrera-herriko hizkuntza irakasteaz gain, beren jatorrizko hizkuntza emanen diote haurrari. Haurra elebiduna izanen da.
Hizkuntzaren jarraipena eta ordezkapena soziolinguistikako ikergaiak izan dira aspaldidanik: Weinrichen (1953: 106-101) Language shifts (hizkuntza-ordezkapenak), Fishmanen 1964ko Language maintenance and language shift as a field of inquiry (hizkuntza-jarraipena eta ordezkapena ikergai gisa).
Hirurogeiko hamarkadan jadanik, Fishmanen ikusmoldean, hizkuntzaren jarraipenaren edo ordezkapenaren hiru ikergai nagusiak honako hauek ziren:
- Ohiko hizkuntza-erabilera eta elebitasun-mailaren eta kokapenaren neurketa gizarte-alderdi erabakigarrien arabera.
- Prozesu psikologiko, sozial eta kulturalak eta horien egonkortasunarekiko eta aldaketarekiko erlazioak ohiko hizkuntza-erabileran.
- Hizkuntza-portaera, jarrera, portaera kognitiboa eta ageriko portaera (García eta beste, 2006: 23).
Ikus daitekeenez, hirugarren gaia norbanakoaren ezaugarriei buruzkoa da. Eskuliburu honen hurrengo atalean aztertuko da.
Urtez urte gizarte-ekintza programa bat landu du Fishmanek hizkuntzen jarraipena segurtatzeko (1991, 2001, ikus 5. atala). Geroztik, beste soziolinguista batzuei esker, modelo teorikoak hobetu eta aberastu izan dira norabide horretan. Bi ikuspegiak, sinkronikoa eta diakronikoa, beharrezkoak dira jarraipena edo ordezkapena neurtzeko.
Hizkuntzaren jarraipenaren eta ordezkapenaren definizioa
Hizkuntzaren jarraipena (edo hizkuntza-iraupena): pertsona edo hizkuntza-komunitate batek bere hizkuntzari eustea eta, beraz, hizkuntza hori ez galtzea.
Hizkuntzaren ordezkapena: hizkuntza batek beste hizkuntza baten erabilera-eremuak eta funtzioak irabaziz joatean gertatzen den prozesua. Hizkuntza menderatzaileak aurrera egiten jarraitzen badu, jatorrizko hizkuntza desagertu ere egin daiteke.
Azken definizio hori norbanakoari edo hizkuntza-komunitateari aplika dakioke, hiztun batek edo komunitate batek bere hizkuntza uzten duenean eremu edo funtzio zenbaitetan beste bat erabiliz.
Lerroalde honetan, hizkuntza-iraupenaren eta ordezkapenaren arrazoiak azalduko dira, gizartearen, hizkuntza-komunitatearen edo taldearen baitan.
Ordezkapenaren etapak
Ordezkapena baino lehen diglosia edo elebitasun soziala izan behar da. Gurasoak beren ama-hizkuntza ez den hizkuntza transmititzeko, elebidunak izan behar dira. Bigarren hizkuntza horretaz duten ezagutza-maila ez da erabakigarria. Garrantzitsuena hizkuntza hori transmititzeko borondatea da, hizkuntza-integrazio nahia hizkuntza-komunitate berrian.
Arestian immigrazioa aipatu da, familiako hizkuntzaren ordezkapenaren arrazoi batzuk aztertuz. Helduen immigrazio kolektiboan, lau etapa nabarmendu ditzakegu jatorrizko hizkuntzaren ordezkapen osoa arte.
- Immigratuek bigarren hizkuntza beren lehen hizkuntzaren bidez ikasten dute eta lanean eta eremu formaletan erabiltzen saiatzen dira.
- Gero eta immigratu gehiago dira bi hizkuntzetan mintzatzeko gai, interferentziak emendatzen dira.
- Elebidun-kopurua handiena da, interferentziak egonkortuak dira, baita erabilera-eremuen banaketa ere.
- Bigarren hizkuntzak, esan nahi baita harrera-herriko hizkuntza, lehen hizkuntza ordezkatu du eremu guztietan eremu pribatu eta murriztuetan izan ezik. Interferentziak apaltzen dira.
Hizkuntzaren ordezkapen- eta galera-prozesua soziolinguistek deitu duten akulturazioarekin batera doa, hiztunek jatorrizko ezaugarri kulturalak galdu eta beste kulturarenak hartzen dituztelako.
Era batez ere, testuinguru desberdinak kontuan hartuz, lau etapa horiek gutxiengoarena bilakatzen den jatorrizko hizkuntzari eta atzerriko hizkuntza menderatzaileari aplika dakizkieke, euskarari eta erdarari, adibidez.
Ordezkapen-prozesuaren bukaeran hizkuntza ordezkatuak zituen gizarte-esparru eta funtzio guztiak galtzen ditu.
Hizkuntza-ordezkapenaren prozesua azkarra izan daiteke, eta belaunaldi batez hizkuntza batetik beste batera pasatu. Hori da Euskal Herriko familia eta lurralde batzuetan gertatu dena, frantsesak edo gaztelaniak euskara ordezkatuz, baita Mendebaldeko Europako herri askotan eta, oro har, munduan zehar ere XX. mendean.
Baina prozesua luzea izan daiteke, hizkuntza bat emeki-emeki beste batean urtu edo desegiten denean. Absortzioa deitu dakieke prozesu horri eta bere ondorioei (Calvet, 1987: 142). Latinaren adibidea dugu berriz; izan ere, latin arruntak prozesu motel, luze eta konplexuaren bidez tokiko hizkuntzekin nahasiz hizkuntza erromanikoak eman ditu.
Hizkuntza gutxituen jarraipenaren edo ordezkapenaren eragile objektiboak eta subjektiboak
Hizkuntza gutxitu baten kasuan, ordezkapenarekiko erresistentzia-indarrak indibidualak dira, hala nola hizkuntza-leialtasuna (ikus 4. atala), eta baita kolektiboak ere, horien artean hizkuntza-politika eta hizkuntza-plangintza (ikus 5. atala). Indibidualetan belaunez belauneko ama-hizkuntzaren transmisioa da hizkuntzaren jarraipenerako baldintza nagusia. Lehena gabe ez dago bigarrenik, hezkuntza-sistemaren bidezko transmisioak ez duelako hizkuntzaren bizitza segurtatzen. Latina irakatsia zen Europan ikastetxetik kanpo erabili ez arren, elizan salbu.
Faktore demografikoa. Gutxi mintzatua izan den hizkuntza batek iraun dezake hiztunek beren hizkuntzaren jarraipena garrantzitsutzat hartzen baldin badute, nortasun edo erlijiozko arrazoiengatik adibidez, hiztun-kopuru txikiak aurreikusarazten ez badu ere. Beraz, faktore demografikoa garrantzitsua izanik ere, ez da erabakigarria.
Halere, gutxiengoaren hizkuntza-komunitatearen tamainak haren hizkuntza-leialtasuna determina dezake eta masa kritikoa izan daiteke, bereziki gizarteak integrazio-ahalbide asko eskaintzen dituenean (Calvet, 1999: 196). Halaber, garrantzitsua izan daiteke hiztunen banaketa lurraldean zehar: bilduak ala sakabanatuak diren, jatorrizko lurraldean dauden ala ez...
Beraz, faktore demografikoa hiru zatitan bereiz daiteke: hiztun-kopurua aztertua den gizartean, proportzioa beste hizkuntzetako hiztunen aurrean eta banaketa edo distribuzioa lurralde horretan.
Etorkinen kasuan, bizileku egonkorra eta segregazio kulturala segurtatzen dituzten komunitateek baino ezin diote beraien hizkuntza eutsi belaunaldi batetik gora Fishmanen ustez (García eta beste, 2006: 100). Bestelakoetan hizkuntza-komunitatea desegituratu egiten da.
Kontrol edo babes instituzionala. Hizkuntza gutxituen kasuan, adibidez euskararenean, sostengu instituzionala beharrezkoa da gutxitze prozesua geldiarazteko, hizkuntzak bereak dituen erabilera-esparru eta funtzioak zaindu eta berriak eskura ditzan. Sostengu instituzionala ez da bakarrik erakunde politikoena, estatua edo lurraldea gobernatzen dutenena. Babesa, eremu formal guztietan gauza daiteke: ekonomian, hezkuntzan, administrazioan, mass-medietan, kulturan, etab.
Ikuspuntu horretatik, komunitate euskaldunaren kontrola handiagoa da Euskadin Nafarroan baino. Ipar Euskal Herrian, aldiz, komunitate euskaldunak ez dauka kontrolik, baina bai sostengu instituzional txikia, duela hogei urte ez zuena, Euskararen Erakunde Publikoaren sortzearekin 2004an.
Hizkuntza gutxitua duen komunitateak hobe du kontrol instituzionala eskuratzea, hizkuntza menderatzailea duen komunitatearen babesa baino.
Hizkuntzaren estatusa. Gizarte jakin batean hizkuntzak beste hizkuntzen aldean duen lekua edo posizioa ere garrantzitsua da. Estatus hori estatus sozioekonomikoan, estatus soziologikoan, prestigio soziokulturalean eta abarretan sailka daiteke (estatus nozioa 5. atalean azalduko da).
Faktore bakoitzaren neurria handia, ertaina edo txikia izan daiteke, eta horrela, hizkuntzaren jarraipenaren edo ordezkapenaren faktore objektiboak neur daitezke.
Euskararen kasuan, hain denbora luzean bizirik irauteko, jarraipenaren aldeko faktoreak aski positiboak izan dira historian zehar, nahiz eta estatus, demografia eta sostengu instituzionaleko irizpideak ongi bete ez. Lehena etengabeko familia-transmisioa izan zen. Halere, arestian esan bezala, bizi-baldintzak oso aldatu dira, eta hizkuntzentzat ere bai; euskararentzat, hizkuntzaren ukipen-egoera aldatu egin da. Hizkuntza oso egoeratik, esan nahi baita beharrezkoak diren funtzio guztiak betetzeko gai zen hizkuntza izatetik, hizkuntza ez-oso egoerara iragan da, euskal gizartea mundu modernoan sartzearekin, erdarak funtzio horiek bereganatu dituen neurrian.
Faktore subjektiboak faktore objektiboak bezain garrantzitsuak izan daitezke (Bourhis eta Landry, 2008: 161). Faktore subjektiboetan hizkuntza-identitatea eta hizkuntza-kontzientzia aipa ditzakegu. Lehena da pertsona- edo giza talde baten identitatearen eta hizkuntza baten artean dagoen lotura. Pertsona- edo giza talde bakoitzak hizkuntza jakin batekin (edo gehiagorekin) lotzen du bere identitatea. Bigarrena, hizkuntza-kontzientzia, da norberaren hizkuntzari kultura-balio bereizgarria ematetik eta hizkuntza horrek norberaren hizkuntza-komunitatea definitzen duela kontsideratzetik sortzen den motibazio arrazionala. Motibazio horren bidez, hizkuntzaren ezagutzari eustea eta ezagutza hori sakontzeko joera sustatzen da. Noski, hizkuntza-kontzientzia kolektiboa ere izan daiteke.
Bizitasun etnolinguistikoa
Etnolinguistikak hizkuntzaren eta sistema soziokulturalaren arteko harremanak aztertzen ditu. Soziolinguista batzuek bizitasun etnolinguistikoa (edo bizindar etnolinguistikoa) kontzeptua erabiltzen dute, talde etnolinguistiko bati izaki kolektibo berezi gisa eratzeko eta jokatzeko gaitasuna ematen dioten faktore sozial eta estrukturalen multzoa izendatzeko. Talde etnolinguistikoa hizkuntza-eta kultura-ezaugarri bereziak dituen giza taldea da.
Bizitasun etnolinguistiko kontzeptuak gehiengo eta gutxiengo linguistikoen arteko harremanak aztertzen ditu, besteak beste. Noski, eta hauxe da hemen interesatzen zaiguna, bizitasun handiko talde etnolinguistikoek aukera handia izango dute bizirik irauteko, eta ondorioz, beraien hizkuntzak ere bai. Bizitasunaren faktoreak aurreko lerroaldean aipatu ditugunak dira, gutxi gorabehera. Faktore objektiboak eta subjektiboak uztartuz, kultura eta hizkuntza nagusiekiko ukipenean den talde etnolinguistiko batek komunitate bereizi bezala bizirauteko dituen aukerak neur daitezke.
Laugarren atalean bizitasun etnolinguistikoaren kontzeptua zehazkiago azalduko da.
Arestian ikusi dugu hizkuntza baten ordezkapenak bere ordez beste bat jartzea inplikatzen zuela. Batak besteak betetzen zituen erabilera-esparruak eta funtzioak betetzen ditu. Hizkuntza bat bestea ordezkatuz hedatzen, zabaltzen da. Fenomeno hori izendatzeko erabili den terminologia honakoa da: euskaraz, hizkuntza-zabalkundea edo hizkuntza-hedapena; gaztelaniaz, expansión lingüística, difusión lingüística; frantsesez, expansion de la langue, diffusion de la langue; ingelesez, language spread.
Hizkuntzaren zabalkundearen bi erak
Hizkuntza baten zabalkundea bi irizpideren arabera neur daiteke: hiztun-kopuruaren arabera edo dituen funtzioen arabera. Lehen ebaluazio-irizpidea demografikoa da, bigarrena funtzionala.
Irizpide demografikoa. Hizkuntza-jarraipenaz eta -ordezkapenaz mintzatzean (3.4.2. lerroaldean) bere baitan biltzen dituen osagaiak aurkeztu dira: hiztun-kopurua, proportzioa eta banaketa (kontzentrazio demografikoa).
Hiztun-kopurua neurtzeko, hizkuntza batez mintzatzea zer den jakin behar da, ezagutza eta erabilera-maila desberdinak izan daitezkeela jakinda. Hizkuntza gutxituen kasuan, ezberdintasun horixe da gertatzen dena, eremu eta une formaletan erabilia ez delako.
XIX. mendeko Mendebaldeko Europan adibidez, frantsesa zen hizkuntza erabiliena lehen hizkuntza bezala. Orain alemana da. Aldiz, ingelesa, lehen hizkuntzatzat dutenek ez ezik, beste hiztun askok ere ezagutzen dute, alemana baino askoz gehiagok. Jaiotza-tasa ez da berez eraginkorra, garrantzitsua baldin bada ere hizkuntza-komunitate txikientzat.
Hizkuntzaren hedapenaren faktoreak
Faktore geografikoa
Hizkuntzak, bide naturalei jarraiki, ibaien bidez zein itsasoetan zehar hedatzen ziren, merkataritzarekin, kolonizazioarekin eta abarrekin. Azken urteotan, garraioen garapenak eta aldaketa teknologikoek geografiari lotua den faktore horren eragina murriztu egin dute. Baina, ikusten den bezala, geografia ez da bere baitan faktore abiarazle edo erabakigarri bat, errazte faktore bat da. Faktore erabakigarria komertzioa egiteko beharra da, edo kolonizatzeko nahian komunikatzeko hizkuntza baten beharra.
Hiri-faktorea
Hiria punpa gisa erabiltzen da, hizkuntzen hedapenaren mugimendua azeleratuz (Calvet, 1987: 131). Oro har, ohartzen da hirietako biztanleek errazki ordezkatzen dutela hizkuntza, baserrikoek baino maizago. Baserriko biztanleriak beste hizkuntza-komunitate batetik edo beste hizkuntza-aldaeretatik bere burua kontzienteki isola dezake, edo benetan isolatuago egon nahi gabe (Fishman, 1972: 126-127). Hemen ere hiri-faktorea errazte faktore bat da, zeharkako faktorea.
Faktore ekonomikoa
Harreman komertzialek hizkuntza-komunikazioa inplikatzen dute eta, beraz, hizkuntza komun bat. Gaur egun ingelesa da nazioarteko merkataritzako hizkuntza. Immigrazioaren kasuan, harrera-herriko hizkuntza beharrezkoa izaten da lan-munduan.
Erlijiozko faktorea
Hizkuntza batzuen hedapena erlijio berezi bati lotua izan da, hala nola arabiera islamari, sanskritoa hinduismoari, latina katolizismoari, etab. Hizkuntza horiek literarioak eta sakratuak ziren. Aipatu dugun hebreera, adibidez, Kristo aurreko judaismoaren hizkuntza zena, liturgia hizkuntza izateaz gain, hizkuntza mintzatu bezala berreskuratu ondoan, Israelgo hizkuntza nazionala bilakatu da XX. mendean.
Faktore militarra
Hizkuntzak inbasio militarrekin batera ere hedatzen dira, inbaditzaileen edo konkistatzaileen hizkuntza inposatuz. Latina da adibideetatik ezagunena behar bada, hizkuntza erromanikoen iturburua. Arestian esan bezala kolonizazioak eragin handia izan du europar hizkuntza batzuen hedapenean Asian, Afrikan, Amerikan, Ozeanian eta hizkuntza autoktono asko hondatu eta galdu dira (Martí eta beste, 2005: 317-319).
Faktore politikoa
Hizkuntzen hedapena botere politikoari ere lotu zaio. Hizkuntza batzuk, nazio-hizkuntzak izanik, estatu hedakorrekin hedatzen dira. Lurraldeko elitea estatu hedakorreko hizkuntza ikasten hasten da eta tokiko administrazioan baliatzen du, estatuko administrazioarekiko harremanetan. Ondotik, gizarte-klase baxuetako jendeak bere burua behartuta ikusten du agintzen duen elitearen hizkuntza ikastera. Hau da Euskal Herrian Espainiako eta Frantziako nazio-hizkuntzekin gertatu dena. Botere politikoak eragin handia izan du gaztelaniaren eta frantsesaren hedapenean, euskal elebakartasunaren desagertzera arte.
Hizkuntzen egoera eta geroa hautaketa politikoen menpean dago. Politikaren alor hori hizkuntza-politika deitzen da. Hizkuntza-politika hizkuntza-plangintzan gauzatzen da. Bi alor horiek 5. atalean aztertuak dira.
Faktore kulturala, prestigioa
Hizkuntza bat prestigioduna izan daiteke, bere literaturarengatik edota zibilizazio-hizkuntza izateagatik, esan nahi baita munduko zibilizazio-mota bati lotua izateagatik (ingelesa mendebaldeko zibilizazioari, grekoa, latina, mandarin-txinera, etab.).
Hizkuntza baten edo barietate baten ezagutzak gizarte-mugikortasuna eta igoera eragin diezaioke hiztunari, batez ere goi-mailako klase soziokulturalena bada. Hizkuntza edo hizkuntza-barietate horrek prestigioa irabazten du. Ikusi dugun bezala, kolonizatzaileen hizkuntzaren kasua izan daiteke. Baina euskara batuaren kasua ere bada, euskalkien aurrean, euskaldun zahar batzuentzat. Prestigioak botere ideologiarekin dauka zerikusia.
Hizkuntza prestigioduna eta kultura-hizkuntza izatea ez da gauza arras berdina; literatura ospetsua izateak hizkuntzari prestigioa ematen dio. Prestigioa irizpide askotako faktorea da.
Halere, eragile kulturala pisu gutxikoa da eragile ekonomikoen eta politikoen aurrean. Horregatik, XIX. eta bereziki XX. mendeetan, XVIII. mendeko Europan gutxiengoak, eliteak edo gorteak erabiltzen zuen frantsesaren hedapena atzeratu da (Calvet, 1987: 270).
Horrela, nazioarteko merkataritzako hizkuntza izanik, zientzia modernoetako hizkuntza bakarra eta munduko lehen komunikazio-hizkuntza bihurtuz, ingelesa munduko bigarren hizkuntza erabiliena bilakatu da gaur egun, mandarinaren atzetik. Ingelesaren berezko indarra handi-handia da. Bizindar handi horrek bere hedapena indartzen du eta, alderantziz, hedapenak bizindarra handitzen du.
Hizkuntza indartsuak eta ahulak: hizkuntza-darwinismorik ez
Hizkuntza-hedapena beste hizkuntza batzuen kalterako egiten da beti. Komunikazio-hizkuntzak edo nazioarteko hizkuntzak, hizkuntza desberdinetako edo herrialde desberdinetako hiztunek elkar ulertzeko erabiliak direnez, hizkuntzen arteko lehiaketaren ondorioak dira. Ondorioz, bi aukera badaude: edo beste hizkuntzei gehitzen zaizkie, edo aurreko lerroaldean ikusi dugun bezala, ordezkatu egiten dituzte.
Normalean, nazioarteko hizkuntzek ez dituzte besteak ordezkatzen. Komunikazio-hizkuntzak gizarte bateko klase baten hizkuntza bilaka daitezke, eliteenak, kolonizatzaileenak edo tokiko goiko klaseenak, adibidez. Transformazio-prozesuaren bidez kreolerak ere bilaka daitezke (3.2.4.).
Halere, azpimarratu behar da ikusmolde horrek deus ez duela ikustekorik hizkuntza-darwinismoarekin. Hona azken honen definizio bat:
"Hizkuntzek Darwinen eboluzio-teorien araberako bilakaera dutela defendatzen duen hizkuntza-ideologia. Horren arabera, hizkuntza-komunitate indartsuenak gailenduko lirateke, ahulenak baztertuta" (UZEI, argitaratu gabe: 22).
Zabalkundeak ez dira ordezkapen prozesu naturalak; giza komunitateen, gizakien ekintzen ondorioak dira. Hizkuntza ahulenek ere beren lekua izan dezakete. Horretarako, hizkuntza-komunitate horren hizkuntza propioa biziraunarazteko borondatea azkar izan behar da, eta hori lortzeko politika egokia jarri behar da indarrean (5. atala).
Euskararen eta erdaren (gaztelania eta frantsesa) arteko aspaldiko erlazioek adibide ona eskaintzen digute 3.4. azpiatalean azaldu ditugun gogoetak, nozioak eta kontzeptuak irudikatzeko. Alor horretan sartzen diren argitalpenak, lanak, ikerketak ugariak dira. Denak aipatzea edo laburbiltzea luzeegi litzateke. Hona, halere, gogoeta batzuk.
Faktore demografikoaz
Euskaldun-jendea, kopuruz, gutxiengoa da Euskal Herrian: biztanleen % 25,7 elebidunak dira eta % 15,4 elebidun hartzaileak, hots, euskaraz (ongi) hitz egin ez arren ulertzeko gai direnak (Eusko Jaurlaritza, 2008). Gainera, sakabanaturik daude, hiri handietan bereziki, erdaldunak kopuruz eta sozio-kulturaz nagusi diren inguruetan. Ipar Euskal Herrian Baigorri edo Hego Euskal Herrian Markina herri euskaldunen adibideak dira. Orotara, hau da panorama demografiko orokorra. Oro har, euskaldunen kontzentrazio demografikoa ahula da.
Belaunez belauneko transmisioa eta ingurune hurbila
Azpimarratu dugu jadanik nola garrantzitsua den euskararen familia bidezko transmisioa. Halere, familiatik kanpoko bizitzan, lagunartean, auzoan eta kale-bizitza hurbilean, euskararen presentzia murritza izan daiteke, eta hori da usuenik gertatzen dena, euskaldunen kontzentrazio demografikoari lotua zaiolako.
Beraz, familiako transmisioa garrantzitsua izanik ere, ez da erabakigarria diglosia desorekatua gainditzeko. Esparru formaletan ez ezik, eskola salbu, gehienetan esparru informaletan ere euskarak indar handirik ez du.
Euskararen berezko indarra eta ingelesarena
Ingelesaren berezko indarra, euskararenarekin konparatuz, oso handia da. Zalbidek eta Erizek Zer ikasi nahiago dute gure arteko herritar heldu erdaldunek, euskara edo ingelesa? galderari erantzunez hori erakusten dute (2008: 72-73). Mendebaldeko mundu osoan bezala ingelesa irakasteko kanpaina beharrik ez dago Euskal Herrian. Euskara irakasteko, aldiz, laguntza publikoa beharrezkoa da; euskara ikasteko nahia pizteko kanpainak beharrezkoak dira, bai heldu etorkinentzat, bai Euskal Herriko erdaldunentzat. Adibide horrek euskararen berezko indarra ingelesarena baino ahulagoa dela frogatzen du.
Elebitasuna nahitaezkoa da
Elebidun edo eleaniztun izatea pertsona ikasien ezaugarria da, oraingo mundializazio egoeran, gero eta gehiago, beharrezko bilakatzen baita, edo hiztun-komunitate txiki batena. Euskaldunek hori aspaldidanik dakite eta, oraingo munduan ere, agertzen da euskara biziraunarazteko erdara ezagutzea beharrezkoa dela, kontraesankor iruditzen baldin bada ere.
