Kontzeptua

Komisario bidezko testamentua

Bizkaiko auzotartasun zibila (foruduna edo ez) baldin badu kausatzaileak, 3/1992 Legeko, uztailaren 1eko, Euskal Herriko Foru-Zuzenbide Zibilari buruzkoaren (aurrerantzean, EHFLaren) 13 eta 32. artikuluen arabera, "eskuordeko bidez egin dezake testamentua", hau da, "eskuordeko bati edo batzuei eman diezaieke oinordekoa izendatu eta ondasunak banatzeko ardura, eta ondasunon oinordetza-eskualdaketa dela eta, berari dagozkion beste ahalbide guztiak". Beraz, funtsean eskuordetza da, kausatzaileak bere konfiantzazko norbaiten alde egiten duena, hiltzen denean bere oinordetza nahi bezala (muga gutxiago edo gehiagorekin) antolatzeko beharrezkoak dituen ahalmenak ematen baitizkio.

Egia esan, Bizkaiko ordenamendua ez da mota honetako erakundea jasotzen duen bakarra. Hain zuzen, arauketa eta irismen desberdinarekin bada ere, Aiarako zuzenbidean ere aurreikusten da, bertan "podere osoko gozamena" deitzen bazaio ere (EHFLko 140-145. artk.); Gipuzkoakoan, "komisario bidez ordenatzea" izenburupean arautzen da (EHFLko 164-171. artk., hirugarren liburuko III. tituluaren II. kapitulua osatuz); eta Nafarroakoan, berriz, erakundearen bi aldaera edo mota arautzen dira: fiduziario-komisarioak (Foru Berriko -aurrerantzean FBko- 151 eta 281-288. legeak) eta konfiantzazko jaraunsleak (151 eta 289-295. legeak). Gainera, beste zuzenbide zibil autonomikoetan ere ezaguna da, hala nola Aragoikoan (1/1999 Legeko, otsailaren 24ko, heriotzagatiko oinordetzari buruzkoaren 124-128. artk.), Kataluniakoan (Kataluniako Kode Zibilaren IV. Liburuko 424-1/424-15 artk. -10/2008 Legez, uztailaren 10eko bidez onartuak-), Galiziakoan (2/2006 Legeko, ekainaren 14ko, Galiziako Zuzenbide Zibilari buruzkoaren 196-202. artk.) eta Balearretakoan (Balear Irletako zuzenbide zibilari buruzko Konpilazioaren 18-23 eta 71. artk.).

Figura guzti horiek nomen orokor batekin ezagutzen dira: "oinordetzako fiduziak" (latineko fides). Guztiak, printzipio pertsonalistari salbuespen dira, zeina, Erromako zuzenbidetik sortua izanik, oraindik ere ordenamendu zibil askotan indarrean den mortis causa oinordetza ordenatzeko. Printzipio horren arabera, erregela gisa, oinordetzaren eduki guztia kausatzailearen borondateak bakarrik zehaztu behar du (pertsonalismo materiala) eta, gainera, hark bere kabuz adierazitakoa izan behar du (pertsonalismo formala); hartara, eremu batean zein bestean hirugarren batek parte hartzea guztiz baztertua geratzen da. Espainiako Kode zibilak, Euskal Herrian osagarri gisa aplikatzen denak, 670. artikuluan hori esan nahi hau ezartzean:

"el testamento es un acto personalísimo"; ondorioz, ezin da utzi "su formación, en todo ni en parte, al arbitrio de un tercero, ni hacerse por medio de comisario o mandatario. Tampoco podrá dejarse al arbitrio de un tercero la subsistencia del nombramiento de herederos o legatarios, ni la designación de las porciones en que hayan de suceder cuando sean instituidos nominalmente"1.

1Gogorarazi behar da, hala eta guztiz ere, Kodeak berak salbuespen garrantzitsu bat jasotzen duela 831. artikuluko printzipio orokorrari buruz, zeinak hobekuntza egiteko ahalmena ahalorde bidez ezkontide alargunari emateko aukera arautzen duen; arau hori, hain zuzen ere, Zuzenbide zibil komuna eta foru-legeria zibilak hurbiltzeko asmoz eman zen bere garaian. Artikulu hori, 41/2003 Legeak, azaroaren 18koak, minusbaliotasunak dituzten pertsonen ondarea babesteari buruzkoak aldatu du.