Toponimoak

Zumaiako Flyscha

Geruza horietan harrapatutako sedimentu eta mikrofosilak aztertzeari esker, garrantzia handiko berreraikitze paleoklimatiko eta paleobiotikoak egin daitezke eta, horrez gain, lau jazoera handi ikus daitezke, eskala geologikoari dagozkion denbora-mugak adierazten dituztenak (3. irudia).

3. irudia

3. irudia: Zumaiako atalak planetako historia garaikideko jazoera berezi garrantzitsuenetako zenbait erakusten ditu etenik gabe eta azaleratze ikusgarrietan zehar, KT eta PE mugekin eta D/S eta S/T estratotipoekin irudikatzen direnak.

K/P muga, dinosauroen desagerpena: Kretazeo - Tertziario muga Aitzgorri tontorraren oinean kokatzen da eta azaleratze osoko atalik ikusgarrienetakoa da, zalantzarik gabe. Zumaian muga horrek ezaugarri bereziak ditu, izan ere, amoniteak desagertu egin dira masiboki eta baita foraminifero planktoniko eta nanofosil karedun gehienak ere. Galera hori dinosauroen desagerpenarekin batera gertatu zen eta buztinezko xafla batean irudikatzen da. Xafla horretan iridioa eta nikel askoko espinelak dituzten mikroesferulak ageri dira eta, tokian-tokian, kedarra Yucataneko penintsulan duela 65,5 milioi urte erori zen meteoritoaren isla. (3c irudia)

P/E muga, berotze handia: Zumaia, era berean, mundu mailan erreferentziazko sekzioa da paleozeno - eozeno mugari dagokionez. Muga horrek 55-56 milioi urte ditu gutxi gorabehera eta Itzurun hondartzako sarreran kokatzen da. P/E muga gutxi gorabehera metro eta metro eta erdiko lodiera duen tarte batekin irudikatzen da. Tarte hori kolore gorrixkak dituzten material bigunez osatzen da eta anomalia geokimikoak, isotopikoak eta paleontologiko nabariak ageri dira, esate baterako, kaltzio-karbonatoaren murrizketa nabaria, oxigeno eta hidrogenozko isotopoak, foraminifero bentikoen desagerpen masiboa, planktonikoen berregituraketa eta kaolinitaren agerpena. Ezaugarri horiek guztiak mundu mailako berotze klimatiko azkar batekin lotzen dira, IETM izendatzen dena. (3a irudia)

Paleozenoko estratotipoak (3b irudia): 2007ko ekainean Paleocene workshop delakoa ospatu zen. Han Itzurungo hondartzako paleozenoko estratotipoak zehaztu ziren eta Zumaiako sekzioari merezi zuen aitorpen ofiziala eman zitzaion. Azaleratzeak kalitate onekoak izateaz gain ikusgarriak dira, irisgarritasun errazekoak eta, gainera, sekzio paleozeno oso bat lekutzen da, beheko (K/T) eta goiko (P/E) mugak dituena.

  1. Daniar / Selandiar (D/S) muga Itzurun eraketa ezagunaren oinean zehazten da eta erraz antzeman daiteke izaera buztintsura egiten duen aldaketa litologiko bati so, itsas mailaren beheraldi batekin lotzen dena. 60,5 milioi urte dituela uste da.
  2. Selandiar / Thanetiar (S/T) muga ere Itzurun hondartzan zehazten da eta polaritate magnetikoaren aldaketarekin bat egiten du (26n/26r). 58,7 milioi urte dituela uste da.