1864ko irailaren 12an Lazkaon jaiotako organista eta konpositorea. 1925eko urtarrilaren 22an hil zen El Escorialen.
Valladolideko Nobiziatu agustinoan sartu zen, eta han egin zituen eliza-ikasketak, eta gero La Viden (Burgos). 1888an apaiztu zen. Geroago, El Escorialera bidali zuten, 1895 eta 1897 artean kapera-maisu izan zelarik, bai eta nobizioen maisu ere. 1899an El Escorialeko kaperako eta orkestrako zuzendari lanak egin zituen berriro, eta hurrengo urtean kargua utzi zuen. 1908ko urtarrilean Paviako (Italia) komentura bidali zuten, eta handik lau urtera Palmara itzuli zen. 1916an, El Escorialeko zuzendaritza musikala eman zioten berriz ere, eta organo-jole ere izendatu zuten. Kargu horretan aritu zen 1919ra arte. Urte hartan, Malagako Ikastetxera bidali zuten, eta, azkenik, Uclésko Monasteriora (Cuenca). Azken egunak El Escorialen eman zituen berriro. El Escorialeko kaperaren buru zegoela, orkestra kendu eta polifonia klasikoa landu zuen, Pio X.aren "Motu Proprio"ri aurrea hartuz.
- [s.n.] (1964). La comunidad agustiniana en el Monasterio de El Escorial: obra cultural (1885-1963) (pp. 692-694). San Lorenzo de El Escorial: Liburutegia Jainkoaren Hiria.
- ANSORENA J.L. : Eresbileko talaiatik: Konpositoreak, Lazkanoren semeak. Lazkao: revista anual 1984, pp. 28-31, 1984.