Arkitektura

Zubieta Jauregia

Euskal Herrian XVII. mendearen erdialdean hasi zen zabaltzen estilo artistiko berria barrokoa deitu zitzaion eta XVIII. mende osoan zehar luzatu zen. Mende hauen artean, dinastia berri batek, Borbondarrenak, hartu zuen Espainiako erregetza eta, nahiz eta arazo ugari izan (politikoak, ekonomikoak eta erlijiosoak) bakea eta oparoaldi uneak ere bizi izan ziren.



Gure lurraldean, Ameriketako indianoen edo finantza eta burokraziako nobleen aberastea hasi zen eta egoera berri hau arkitektura zibilaren hedapenean islatzen da, izan ere, asko dira aldi honetan eraikitako etxe eta jauregiak.

XVIII. mendeko barrokoaren pentsamolde berritzaleari jarraituz, eta Italiako joera kultu berriaren eraginez, kontzeptu berriak agertu ziren, besteak beste, naturaz gozatzea eta han bertan, hau da, natura-giro betean, bizitzea. Jauregia lursail baten erdigunean altxatzen zen eta kokapena honek, pribatutasuna jabeari emateaz gain, inguruko lurraldeen jabeak zirela jakinarazteko balio zuen.

Textuinguru honetan sortu zen Zubieta edo Adan Igartza jauregia. Eraikuntza hau, Lekeitioko errebaletan kokatu zuten, Lea ibaiaren paduraren ondoan. Arropain auzoan dago eta Ispaster udalerrikoa da. Bizkaiako lurraldean, barroko garaiko jauregi ederrenetako eta garrantzizkoenetako bat da.

XVIII. mendearen lehenengo herenean, Miguel Velez Larreak eta Josefa Jacinta Adan Yarzak sustatu zuten jauregi honen eraikuntza eta dokumentazio ezagunaren arabera, obretan parte hartu zuten, besteak beste, Martin de Zalduak, autore gisa, Domingo de Abariak eta Martin Malaxbeitiak, hargintza eta hozka arlotan; Antonio eta Gaspar de Amezuak, burdinsare lanetan; eta Andres de Monasteriok, Kantabriako eskultoreak, fatxada nagusiko nitxo baten agertzen zen San Miguel irudia egin zuenak.

Eraikuntzaren diseinatzaleari dagokionez, oraingoz, ez da ezagutzen baina jakina da 1716 urteko diseinua Madrilen egin zuela eta Churriguera familiako kideren batek ziurrenik egin zuela.

Leku pribilegiatu batean altxatzen da multzoa eta aipatu dugun bezala, bereizitako jauregia da, bakartua, harresiak inguratua. Hainbat dokumentuk Erdi Aroko Zubietarren dorretxea bertan zegoela egiaztatu dute. Gaur egun ez da agertzen antzinako eraikuntzaren aztarna garrantzitsurik baina arrastaroren bat igartzen zaio, antzinako dorretxeko harresiarena, zehazki.

Estiloari begiratuz gero, garai hartako jauregiek bi eratako oinak izaten dituzte: batetik, patiorik gabekoa, gehienak direnak, eta beste alde batetik, erdian patio duena, bitxiagoak. Zubieta jauregiak barruko etxartea dauka eta gune honen inguruan antolatzen da eraikina guztia.

Angeluzuzen oinplanoa dauka, lau fatxada ditu, eta altuerari dagokionez, bi eta hiru solairuko gorputzak dira. Estalkian, mantsardaren agerpena azpimarratzekoa da, garai honetako Euskal Herriko arkitekturan oso arruntak ez izateagatik. Multzo guztiak harresia dauka eta bi sarbide monumental dauzka gune pribatuan sartzeko.

Aurrealde nagusia aipagarria da, alboetan talud edo ezpondo formako bi dorre atxikitzen baitzaizkio, eta betiko armarriaren ordez, hormakonka edo nitxo bat azaltzen baita. Fatxada nagusien gorputz erdiak laukizuzen bat osatzen du eta ardatz guztiek, horizontalak eta bertikaleak, eraketa ortogonola eragiten dute. Erdiko multzoan hiru ardatz bertikalak nabaritzen dira eta beste bat dorre bakoitzean. Horizontalki, erdiko partean bi solairu ikusten dira eta hiru alboetako dorreetan.

Ardatza nagusia osatzen duten elementuak nabarmendu behar dira: sarbidea, balkoi nagusia, nitxoa eta bukaerako kanpai-horma. Elementu guzti hauetan apaindura ugaria eta gero eta konplexuagoa da. Beheko solairuan irekitzen den sarbidea angeluzuzena da eta apaindura goiko parteko dintelean, non angeluek belarriak osatzen dituzten, pilatzen da (moldurak, landare motiboak eta kartela). Lehenengo solairuan, balkoi nagusiaren hutsunean eskema berdina errepikatzen da baina dekorazioa korapilatsuagoa da. Bigarren pisuan, ardatza nagusia azpimarratzen duen elementuak nitxoa, San Miguelen barroko irudia eta kanpai-horma dira. Bukatzeko, erremate gisa, floroi bat agertzen da. Ardatz bertikal honen altuera dorreen altueraren antzekoa da.

Solairuak, tradizioari jarrituz, plaka lau korritu bidez markatzen dira eta, bukatzeko, erdiko gorputza erlaitz molduratu batez gauzatzen da. Erlaitz honek, oso irtena dena, multzo guztia hartzen du, hau da, alboetako dorretxetan eta lau fatxadetan agertzen da.

Dorreen kasuan, estiloa xumeagoa da. Beraien diseinuak, hau da, zeihar izateak, antzinako militar kutsua dauka eta dorretxeei aipamen garbia egiten die. Atal hauei, baoek eta, batik bat, bi armarrien apaindurak kontrastea eta bizitasuna ematen die.

Aurrealdeko fatxadak jabeen garrantzia eta gizarte maila adierazten dituen arren, gainerako fatxadek, aldiz, egoitza funtzioa islatzen dute. Ardatz ordenatuetan, perpendikularren sistema batean antolatzen dira. Leihoak, balkoiak eta sarrerak ateburudunak dira, plaka lauez markoztatuta edo inguratuta daude, eta orientazio eta funtzioa ezberdinen arabera diseinatuta daude. Adibidez, hegoaldeko eta ekialdeko fatxadak irekiagoak dira, iparraldeko fatxada, berriz, itxiagoa da.

Eraikuntza materialari dagokionez, kareharri grisa da material nagusia. Aurrealdeko fatxadak eta dorreek harlanduzkoa dute, bigarren mailako fatxadek, aldiz, harlangaitzazko eta harlanduzko atalak aldizkatzen dituzte.

Barruko atalean, patioa nabarmendu behar da. Laukizuzena da eta hargintzaz eraiki zuten, erlaitza eta baoen inguraketa, berriz, harlanduz egin zuten. Kanpotik ez da ikusten baina patioko lursailean desnibel bat dago eta, horren ondorioz, hormetako baoen antolamendua asimetrikoa da.

Fatxada nagusian sarbide bat zabaltzen da baina gainerako fatxadetan ere beste sarrera batzuk irekitzen dira. Barruko partean, sarrerako ataria, eskailerak, otoiztegi eta bestelako gelak, aipagarriak dira.

Zubieta jauregiaren eraikuntzari egoitzaren kontzeptuari lehentasuna eman zitzaion baina nekazari zereginak ere bete ditu. Lorategi moduko lur zabalez inguratuta sortu zen eta lore eta zuhaitz exotikoak edo kanpokoak landu zirela jakina da. Adibidez, pinus insignis espeziea, gaur egun ohikoa gure lurraldean, baina jatorriz, Monterreyeko pinudia dena, Carlos Adan de Yarzak girora moldatu eta landatu zuen jauregi honetako lorategian.

Jauregia pribatua da eta gaur egungo kontserbatzio egoera ona da.

  • BARRIO LOZA, J.A. (dir.). Bizkaia. Arqueología, Urbanismo y Arquitectura Doméstica. 3 volúmenes. Bilbao. 1989-1991.
  • BARRIO LOZA, J.A. (dir.). Monumentos nacionales de Euskadi. Tomo III: Vicaya. Zamudio: Departamento de Cultura del Gobierno Vasco. Ed. Elexpuru, 1985.
  • FERNANDEZ ALTUNA, José Javier. Euskal Herriko Arkitektura. Bilbao: Ibaizabal, 2004.