Kontzeptua

Jauregia

Jauregia hitzaren jatorria latinezko palatium hitza da, eta horren esanahia zera litzateke: Zesarren bizilekua. Palatino Erromako zazpi muinoetako baten izena zen eta lehendabiziko bizilagunak bertan jarri ziren bizitzen. Augusto enperadoreak ere bere bizitokia hantxe zeukan. Ondorioz, horren eraginez, jauregia izena eman diote Erromako zibilizazioa aurretik zein ondoren gauzatutako zenbait eraikinei. Horiek bizileku gisa erabiltzen dira edota funtzio publikoak eta administratiboak betetzen dituzte. Beraz, hitz honek diziplina arkitektoniko berak izan duen bilakaera eta garapenarekin bat egin du.

Aintzinako zibilizazio zaharrenetan ere eraikin mota horiek gauzatu zituztela badakigu. Egipton, adibidez, jauregia motako eraikina zehaztu gabeko oinplanoa zeukan eta horien ezaugarri nagusia zera zen, ate eta atari monumentalak, alboetan zutabe hilarekin.

Bizitzeko edo atseden hartzeko tokiak izaten ziren. Batzuetan tenpluen ondoan zeuden eta harresi batek babesten zuen esparru isolatuaren barruan kokatzen ziren. Mesopotamian, aztarnek erakusten digutenez, jauregiak terrazen gainean eraikitzen zituzten; barne aldean patioak zituzten eta hainbat funtziorako gelak zeuzkaten, bereziki funtzio administratiboak.

Mendebaldean, hasiera batean Kretako kulturak eta jarraian kultura mizenikoak jauregi mota berri baten ezaugarriak finkatu zituzten. Erdialdean angeluzuzen formako gune nagusia zuten, eta sarreran megaron izeneko ataria eta ataripea. Espazio horren inguruan beste gela guztiak artikulatzen ziren, batzuetan labirinto itxurako eskema jarraituz, Kretako Cnosos jauregiaren kasuan bezala. Jauregi grekoa antzinako garaian eraiki zuten bakarrik eta hau ere Kretako megaron delakoaren eraginpean eratu zuten. Ondorengo garaietan, akropoliak berak espazioa mugatzen zuen heinean, jauregi grekoa etxe grekoan oinarritu zen.

Erromatar zibilizazioan megaron delakoaren eragina izan zuen eta horren ondorioz domus patrizioa sortu zuten, horixe izanik jauregi erromatarraren aurrekaria. Augustoren jauregia, Palatium edo Domus Augusta izenekoa, Palatinoaren gainean eraikia, garai honetako eredu adierazgarriena da. Bi sekziotan zatituta, nabarmenki bereiziak, bata publikoa (basilika, tenplua, peristiloak eta lorategiekin) eta bestea pribatua. Berez, nabarmentzekoa da jauregi osoaren forma konpaktua eta eraikuntzan agerikoa den ausardia.

Jauregi erromatarraren ezaugarriak Erdi Aro guztiaren zehar mantendu ziren baina, garaiaren ziurtasun ezak baldintzatuta, babeserako elementuak gehitu zizkioten (almenak, dorreak), hau da, jauregiak izaera militarra irabazi zuen. Era berean gune ofiziala -publikoa- eta bizitokiaren -pribatua- arteko bereizketa bere horretan mantendu zen. Dena den, forma apalagoak bereganatu zituen, xumeagoa bilakatu zen eta askotan hiri gunetan integratu zen.

Domus edo jauregi erromatarra oinarritzat hartuz, errenazimendu garaiko jauregiak oinplano geometrikoaren inguruan artikulatu ziren, ongi egituratuta zegoen eta garai erromatarraren distira eta monumentaltasuna berriro berreskuratu zituen. Barnealdean patioa nabarmentzen da, inguru osoan zutabe edo pilare gainean eratutako arkupea duelarik. Berau ardatz nagusia izanik, horren arabera banatzen dira korridoreen bidez lotutako hainbat gela. Kanpoaldean, elementu bereizgarriena lehiateen hurrenkera da, garai eta lurraldearen arabera estilo arkitektoniko desberdinak islatuz (erromatarra, florentziarra, platereskoa, Tudor estiloa, flamigeroa, eta abar). Tipologia honek orduantxe bizi izan zuen bere unerik gorenena eta garapen handiena, eta hori argi eta garbi ikus daiteke oraindik zutik dirauten hainbat eraikuntzetan.

Barroko garaiko jauregiak Errenazimenduko ereduaren eskema jarraitzen du baina oinplanoei konplexutasuna gehitzen die. Zeharreko ardatzak finkatu zituzten eraikina handitzeko eta osagai eszenografikoak erantsi zizkioten barrualdean zein kanpoaldean.

Neoklasizismoak antzinako mundua berreskuratu nahi zuen eta eragin handia izan zuen garaiko jauregien eraikuntzan. Aurreko garaietan ezarritako eskemei jarraituz, baina formak xahutuz eta monumentaltasuna irabaziz, jauregi neoklasikoa ugari aurki ditzakegu Europako lurraldearen zehar.

XIX. mendean zehar, eraikin mota honek lekua uzten hasi zen beste era bateko eraikinei. Funtzio administratiboak eta gobernuzkoak betetzen zituzten eraikin publikoen tipologia guztiz finkatuta dago (Udaletxea, Justizia Jauregia, Aldundiaren Jauregia, eta abar). Jauregiaren funtzio nagusia bizileku partikularra izatea da. XX. mendean zenbait jauregi pribatu eraiki ziren baina pixkanaka bizileku partikularraren kontzepzioa aldatuz joan zen. Orduz geroztik jauregia hitza beste eraikinekin lotu izan da (Kongresu Jauregia, Erakusketa Jauregia, Kirol Jauregia, eta abar), jatorrian izan zituen funtzioetatik aldenduz.

Arkitekturaren eremuan jauregia esaten diogun eraikinak oso hedapen handi izan den heinean, horren garapena gure lurraldean, hitzaren beraren garapena bezala, Europako arkitekturaren historian bertan txertatu da.

Estella

Gure artean aurkitzen ditugun lehen jauregien erreferentziek erromanikoaren garaietara eramaten gaituzte, bizigune zehatz batera, Lizarra alegia. Bertan aurkitzen da Nafarroako Erregeen Jauregia, erromanikoaren garaian burutu zen arkitekturaren eredu bikaina. Eraikinak neurri apaleko hainbat gune dauzka, eta bertan formen soiltasuna eta xumetasuna dira ezaugarri nabarmenenak. Egun, soilik fatxada dator bat estilo erromanikoaren ezaugarri nagusiekin. Beronek bi pisu dauzka eta hainbat orden arkitektonikoko arkuak eta zutabeak tartekaturik aurki daitezke bi horietan.

Arabako lurraldean adibide bikainak aurkitzen ditugu arkitektura gotikoan eginiko jauregien artean. Hiriburuan honako hauek nabarmentzen dira: Cordon etxea, Juan Sanchez de Bilbao merkatariak eraikia XV. mendearen amaieran, Andatarren dorre-jauregia, hau ere XV. mendearen amaieran eraikia, eta Arrieta Jauregia -Bendaña Jauregia ere esaten diote-, Juan Lopez de Arrietak eraikia XVI. mendearen hasieran trantsizioko estiloan, hots, gotikoa eta errenazimenduaren arteko estiloan. Probintziaren beste lurraldetan ere beste hainbat jauregi aurki ditzakegu. Horietako bat Guevaratarren jauregia da; oinplano laukizuzena dauka eta angelu bakoitzean lau dorrez babestuta dago, eraikinaren izaera militarra azpimarratuz. Beste adibidea Mendozatarren etxe-dorrea da. Hau ere babeserako eraikia, lau angeluetan dorreak baititu eta erdialdean ere lau solairuko dorre nagusia. Bi adibideetan elementu militarrak nabariak dira, besteak beste, babeserako modilloiak eta saeterak. Babeserako egitura, xumetasuna formetan eta apaingarri eskasak dira heldu zaizkigun beste etxe-dorre guztietan ageri diren ezaugarriak -Varona, Quejana, Martioda, Mursa, Orgaz Kondea eta Condestablearen jauregiak alegia-.

Muskizen Muñatones jauregia eta Orozkon Aranguren dorre-etxea dira jauregi itxura izanik Bizkaian zutik mantendu diren estilo gotikoko bi eraikin bakarrak.

Gipuzkoan, Mutrikun dagoen Berriatua dorrea eta Zarautzeko Dorre Luzea dira jauregi gotikoaren adibide onenak. Beste eraikin batzuk honako hauek ditugu: Guevaratarren etxea Seguran, Legazpitarrena Zumarragan, Enparan jauregia Azpeitian eta Lili Zestoan. Kasu horietan estilo gotikoaren ezaugarriak errenazimenduko elementuekin konbinatzen dituzte, eraikinak bukatu ostean gehitutako elementuak izanik alegia.

Palacio / Jauregia

Bi lurraldetan, Bizkaian zein Gipuzkoan, izaera militarra eta soiltasuna dira ezaugarri nabarmenenak. Hala ere, eraikinen kopurua, Arabako lurraldearekin konparatuz gero, ez da oso handia garaiko nobleziaren arteko borroken ondorioz horietako eraikin asko hondatu eta suntsitu zituztelako.

Nafarroa ere garai horretako hainbat jauregi mantentzen dira. Erriberako Errege Jauregia da horietako ba, Teobaldo II.a erregearen agindupean eraikitzen hasi ziren XIII. mendean. Gero, XV. mendearen amaieran, Karlos III.ak eraikinarekin jarraitu zuen, Europako errege jauregien trazei jarraituz. Jauregian patio karratua nabarmentzen da eta horren inguruan gela txikiak antolatzen dira izaera gotikoa duten elementu konstruktiboekin. Eragin frantsesa duten apaingarriak itxura kortesanoa ematen zioten eta jatorrizko izaera militarra nola edo hala estaltzen zuten. Egun, jatorrizko elementu gehienak desagertu egin dira eta ikusi daitekeena oso egokia izan ez den esku hartze baten ondorioa da multzoa hutsaldu duena. Lurralde berean eta garai berekoak honako beste eraikuntza hauek ere mantentzen dira: Javierreko gaztelua, Arazuri jauregia eta Zangotzako Viana Printzearen Jauregia.

Garai honetan, liskarren gutxitzearekin batera, oparotasun ekonomikoak giro berria sortzen lagundu zuen, asaldura gutxiagorekin eta aproposagoa jauregi berriak eraikitzeko. Tipologia berri honetan, babeserako izaera desagertzen da baina berezko zenbait ezaugarri mantentzen dira, esaterako, formen soiltasuna eta leiho eta apaingarrien urritasuna.

Araban daude eraikin esanguratsuenak. Lehen aipatutako Bendaña jauregia, adibidez, trantsiziozko eraikina da, bertan estilo errenazentistaren eragina hasiera hasieratik sumatzen baita. Barnealdean galeriak dituen patioa du, eta horren inguruan hainbat gela banatzen dira hiru solairutan antolatuta. Montehermoso jauregia beste eredu bikaina da. Oinplano angeluzuzena du eta erdigunean patio karratua dauka; kanpoaldean kantoiak errematatzen dituzten lau dorre nabarmentzen dira. Azkenik, Escoriaza-Esquivel jauregia aipatu behar da, Fernan Lopez de Escoriazak eraikia 1540ean. Eraikina patio karratu baten inguruan antolatzen da, eta hiru albotan arkeria bikoitza dauka eta eskailera bat. Fatxada nagusian portale platereskoa nabarmentzen da eta bertan ageri den multzo eskultorikoak errenazimenduko irudi tipikoak dauzka.

Palacio / Jauregia

Gipuzkoan, jauregien eraikuntzari dagokionez, oso eredu garrantzitsu eta ugari daude. Urolako bailaran hainbat adibide daude, besteak beste, Azpeitian Anchieta jauregia eta Azkoitian Floreaga jauregia. Horiek adreilua erabiliz eraiki zituzten, zona berean XV. mendearen amaieran Loiolatarren dorrea berreraikitzean erabilitako ereduari jarraituz. Beste jauregi modalitate bat Karlos V.aren jauregia litzateke, Hondarribian. Harriz burututako eraikina da, itxia eta trinkoa. Era berean, Zarautzeko Narros eta Zumaiako Ubillos jauregiak diseinu irekiagoa dute, patioak baitituzte eta fatxadan arkuteriak.

Nafarroan garai honetako bi adibide bikain mantentzen dira: Lizarran, San Cristobal jauregia, eta Tuteran, Marques de San Adrian jauregia. Azken horretan aleroa, arkuteria eta barnealdeko patioak nabarmentzen dira.

Estilo barrokoak gure lurraldean XVII. eta XVIII. mendeetan zehar presentzia handia izan zuen, nahiz eta mende bakoitzak bere ezaugarriak izan. Horrela, XVII. mendean zehar ikuspuntu estrukturalari eutsi zioten Errenazimendu garaiko ezaugarriak eta apaingarrietan urritasuna mantenduz. Aitzitik, XVIII. mendean hizkuntza barrokoa egituran bertan txertatzen da eta elementu apaingarriak ugaritzen dira.

Araban estilo barrokoko jauregi hauek ditugu: Zurbanon Otazutarren jauregia, Zalduendon Lazarraga jauregia, eta Gasteizen, Marques de la Alamedatarren jauregi-etxea eta Gobeo-Caicedotarren etxea.

Bizkaian hainbat jauregi barroko daude. Jarako jauregia nabarmentzen da, eta batez ere, Elorrioko Tola jauregia. Azken hori, XVII. mendean eraiki zuten harriz. Bloke baten itxura dauka, eta barrualdean hiru solairutan antolatuta dago; gainera leiho buruak duten leihoak dauzka eta kantoietan garitoi zilindrikoak. Nabarmendu beharreko beste eraikina Ermuan dagoen Valdespina jauregia dugu. XVIII. mendean eraiki zuten eta ezaugarri barrokoekin bat egin zuela nabaria da, hainbat elementutan barroko italiarraren eragina erakusten baitu, besteak beste, barnealdean duen eskailera hiru atalez osatua eta kupula batek estalia. Bizkaiko beste jauregi barrokoak honako hauek dira: Güeñesen Hurtado de Amezagaren jauregia, Mallabian Aranarena, Markina-Xemeinen Solartekuakoa eta Balmasedan Urrutiarena. Horiekin batera, beste hauek ere aipagarriak dira: Lezaman Larrako jauregia eta Lekeition Uriarte jauregia, non adierazgarriena logiak dira.

Usurbil

Honako estilo hau landu zuten jauregi gehienak Gipuzkoako probintziaren barnealdean daude. Esanguratsuena Lazkano jauregia da, Lazkaon. El Escorial jauregiaren eraginpean eraiki zuten XVII. Mendean eta bereziki nabarmentzekoak dira barnealdeko patio karratua eta fatxada nagusiko portalea. Azken hori, joera klasizistari so eginez gauzatu zuten, ordenak tartekatuz eta erremate gisa bi dorre ezarriz. Garai honetan zehar eraikitako beste jauregiak: Lardizabal Seguran, Portu Zarautzen eta Zuloaga Hondarribian.

Nafarroan estilo barrokoan eraiki ziren jauregi gehienak XVIII. mendekoak dira, harria eta adreilua konbinatzen dute eta barnealdean patioa dute. Garrantzitsuenen artean nabarmentzen dira Miranda de Argan Colomo jauregia, Barasoainen Azpilikueta jauregia, Tuteran Marques de Huarte jauregia, Corellan Kateen etxea, Elizondon Arizkuena, Iruritan Gastón de Uriarte, eta Iruñean apezpiku jauregia.

Pixkanaka, jauregien eraikuntzak arkitektura zibilaren baitan protagonismoa galtzen hasiko da eta horren lekuan beste tipologia batzuk sortzen dira, besteak beste, familia bakarreko etxebizitzak eta etxebizitza blokeak. Oro har, gure lurraldean joera neoklasikoak lotura estua izan zuen izaera publikoko eraikinekin, hots, funtzio administratiboak eta gobernuzkoak betetzen zituztenekin. Oso kasu utxitan erabili ziren eraikin horiek etxebizitza partikular bezala edota jauregi gisa. Adibide bezala aipatu beharrekoa da Gasteizeko Diaz-Espada jauregia, Justo Antonio de Olagibelek egina 1806an.

Palacio / Jauregia

Aurrekoarekin kontrajarria, eklektizismoaren ezaugarriek oso erraz egin zuten bat jauregi eta etxebizitza partikularrekin.

Araban Julio Saracibar arkitektoak jauregi izaera zuten hainbat erresidentzia eraiki zituen Gasteizen garaiko burgesiarentzat, esaterako, Zulueta jauregia, Villa Sofia, Villa Vergara, Casa de las Jaquecas eta Casa Heraclio Fournier.

Gipuzkoan, Miramar jauregia, Selder Wormun arkitektoak egina, eta Cristina Enea jauregia, Jose Clemente de Osinalderen lana, biak estilo pintoreskoan eginak arkitektura ingelesaren eraginpean, tendentzia arkitektoniko honen adibide bikainak dira.

Bizkaian, hainbat jauregi aurki ditzakegu estilo eklektikoan eraikiak eta burgesiarentzat eginak, besteak beste, Getxoko herrian bertan edota Algorta eta Neguri bezalako auzoetan. Garrantzitsu eta nabarmenen artean honako jauregi hauek aipatu behar ditugu: Manuel Maria de Smithen Arriluce, Lezama, Leguizamon, Artza eta Cisco jauregiak, Chatterton & Couch britaniar arkitektoen Ramon de la Sotaren landa etxea, Rafael Garamendiren Rosales erresidentzia eta Leonardo Rucabadoren Eguzki-Alde jauregia.

  • ANGULO IÑIGUEZ, Diego: Historia del Arte. 1. alea. Madril: Argitaletxea???. 1984.
  • BANGO TORVISO, I.; BORRAS GUALIS, G. M.; CERVERA FERNANDEZ, I.; DELGADO VALERO, C.; KIM, S-H.; NUÑEZ RODRÍGUEZ, M.; SUREDA, J. eta YARZA, J.. Juan Antonio Ramirezek zuzendua: Historia del Arte. La Edad Media. Madril: Alianza Editorial, 1996.
  • CENICACELAYA, Javier; ROMAN, Antonio eta SALOÑA, Iñigo: Bilbao. Guía de Arquitectura Metropolitana. Bilbo: Euskal Herriko arkitektoen elkargo ofiziala, Bizkaiako ordezkaritza, 2002.
  • FERNANDEZ, Aurora eta MOZAS, Javier: Vitoria-Gasteiz. Guía de Arquitectura. Gasteiz: Euskal Herriko arkitektoen elkargo ofiziala. Arabako ordezkaritza, 1995.
  • FERNANDEZ, Jose Javier: Euskal Herriko Arkitektura. [Bilbo]: Hariadna Argitaletxea, 2003.
  • YARZA, Joaquin: Arte y Arquitectura en España 500/1250. Madril: Ediciones Catedra, 1987.