Eleberria

Lertxundi Esnal, Anjel

Andu, Iñaki Aldai

1948ko martxoaren 9an Orion (Gipuzkoa) jaiotako idazle gipuzkoarra. Oso gaztetan Zarautzera joan zen bizitzera.

Zarautzeko (Gipuzkoa) ikastolan abiatu zuen irakasle ibilbidea. Han, ikasleengan literaturarekiko interesa pizteko programak gauzatzen saiatu zen. Donostiako Irakasleen Eliza Eskolan literaturako irakaslea izan zen itxi aurretik, XX. mendeko 80eko hamarkadan. Gerora Egin egunkariko erredaktore izan zen eta, handik Ere aldizkariko kultura sailera jo zuen. Euskal Idazleen Elkarteko sortzaileetako bat da eta bertako lehen presidente izan zen 1982-1985 bitartean. Iritzi-artikulu ugari argitaratu ditu hainbat egunkaritan. 1995ean kazetaritzako Rikardo Arregi saria eskuratu zuen iritzi-artikuluen atalean.

Liburuok argitaratu ditu: Hunik arrats artean (Lur, 1970); Ajea du Urturik (Etor, 1971); Goiko kale (Mensajero, 1973; 2000. urtean Aberdania argitaletxeak berrargitalpen eguneratua kaleratu zuen); Aise eman zenidan eskua (Erein, 1979); Negua (1980); Tristeak kontsolatzeko makina (Erein, haur-literatura, 1981; La máquina de la felicidad izenburupean gaztelaniaz eman zen); Hamaseigarrenean aidanez (Erein, eleberria, 1983, Kritikaren Saria); Tobacco days (Erein, eleberria, 1987); Carla (Erein, eleberria, 1989); Horrela bizi bagina beti. Umore antologia (Erein, 1991); Kapitain Frakasa (Erein, eleberria, 1991, Kritikaren Saria); Otto Pette (Alberdania, eleberria, 1994; Las últimas sombras izenburupean gaztelaniaz eman zen ); Piztiaren izena (Alberdania, ipuinak, 1995); Azkenaz beste (Alberdania, eleberria, 1996); Letrak kalekantoitik (Alberdania, hitz eta esamoldeen esanahiei buruzko glosarioa, 1996); Argizariaren egunak (Alberdania, eleberria, 1998; 2001ean Alfaguara argitaletxeak argitaratu zuen gaztelaniaz Los días de la cera izenburupean); eta Lehorreko koadernoa (Alberdania, gazte-literatura, 1999; 2001ean Alfaguara argitaletxeak argitaratu zuen gaztelaniaz Cuaderno de tierra firme izenburupean).

Honatx Xabier Letek Hunik arrats artean liburuaz esandakoa:

"Lertxundiren lehen lanarekin liburu fresko, berritzaile eta berezia heldu zitzaigun; liburu bitxi eta irakurtzeko modu hartan errealitatearen eta fantasiaren arteko harreman narratibo berriak proposatzen ziren".

Bigarren liburuaren inguruan (Ajea du Urturik) Iñaki Aldekoak honakoa idatzi zuen (Mendebaldea eta narraziogintza, Erein, 1998):

"Hegoamerikako prosa berritik hurbil kokatzen den eleberria. Sinbolikoa baino alegorikoa da. Hauxe da argumentua: olatu erraldoi baten antzeko zerbaitek urazpian utzi du Urturi herria. (...) Urturin aldaketa sakonak ari dira gertatzen, eta berrikuntza horren aurkako indarrak altxatzen dira. (...) Urturi=Urduri (artega) Euskal Herriaren izendapen literarioa da".

Geroago Goiko kale argitaratu zuen Lertxundik. Lan horrekin aurreko bi liburuen bidea alde batera utzi eta Orion bizitako haurtzaroa islatu zuen. Liburuaren amaieran protagonistak seminariora joateko erabakia hartzen du.

Hurrengo paragrafoetan Marijose Olaziregi irakasleak Lertxundiren lanari buruz egindako ikerketa (Historia de la literatura vasca, UHUN, 2000) laburbiltzen da. Hala, Hamaseigarrenean, aidanez (1983) liburuak 1982an Eusko Jaurlaritzaren Mirande Saria eta Kritikaren Saria jaso zituela aipatu behar da. Liburu oso irakurria izan zen eta lan hark berretsi zuen idazlea. Apustu izugarri bat kontatzen da. Protagonista lurrean etzan eta lagun batek haren bular gainean egiten dituen jauziei eutsi behar die. Marijose Olaziregi irakasleak idatzi duenez "Landa-ingurunean kokatzen den istorioa izan arren, hari buruzko ohiko irudikapenetatik aldendu egiten da". Marcelina, apustulariaren emaztearen trataera da, zalantzarik gabe, istorio horretako gauzarik bikainenetakoa da. Istorioak oso ongi neurtutako suspensea mantentzen du, horren ondorioz, polizia-generotik hurbil kokatzen da.

Tobacco days (1987) eleberrian itsasontzietatik egiten den tabakoaren kontrabando munduan barneratzen da Lertxundi. Istorioak erritmo bizia du eta zinemagintzan erabiltzen den antzeko egitura dauka. Bi eleberri horiek idatzi ostean, Lertxundik bestelako norabidea hartu zuen. Jadanik ezagutzen dituen giro eta narrazio-egiturek ez dute oriotarra kilikatzen.

1989an, krisialdi baten ostean, Carla argitaratu zuen. Gortari izeneko komikigile baten istorioa kontatzen du. Gortari artistikoki eta pertsonalki krisialdi batean murgilduta dago eta errealitatetik at mantentzea erabakitzen du, modu horretan, sortzen jarraitu ahal izateko; azkenean, berak sortutako pertsonaia batekin identifikatzen da eta Carla izeneko beste pertsonaia batekin maitemintzen da. Artista plastikoen erreferentziei dagokienez, margolan asaldagarriak egiten dituen G. Grosz (1893-1953) pintore espresionistari egindakoa nabarmendu behar da.

1991n, gerora Kritikaren Saria jaso zuen Kapitain Frakasa eleberria argitaratu zuen. Bertan talde klandestino bateko -agian mafioso- kide baten istorioa kontatzen da. Behinola, emakume ezezagun erakargarri batek Frantziatik irtetea ahalbidetzen dion pasaportea ematen dio. Protagonista zalantzak harrapatzen du; ez daki benetako laguntza edo taldeko buruzagiak prestatutako segada ote den.

1994an argitaratu zuen Otto Pette: hilean bizian bezala eleberriak oihartzun handia izan zuen. Literatura Sari Nazionaleko finalista izan zen. "Prosa berritzaile batekin idatzita dago eta estilo aldetik aberastasun ikaragarria barneratzen du" aipatu zuen Marijose Olaziregi analistak. Eleberriaren hasieran ezezagun bat agertzen da Otto Pette baronetaren ate aurrean. Elkarrizketan murgilduta, ezezagunak solaskidearen iragana ezagutzen duela erakusten du, eta pixkanaka iraganeko gertaerak azaleratzen dira. Itxuraz Aba Yakue fraidearekin etengabeko borrokan aritu zen erregearen kontseilari da Otto Pette. Borroka horien ondorioz, fraidea izurritearen erruduntzat jo zuten eta iloba eta Grazibel maitalea galdu zituen. Bi eguneko solasaldian bi narratzaile-protagonisten ikuspuntuak txandakatzen dira. Eleberria Erdi Aroan kokatzen bada ere, ez da eleberri historikoa. Eleberri hori gaztelaniaz argitaratu zen beranduago, Las últimas sombras (Seix Barral, 1996) izenburupean.

1995ean Alberdania argitaletxeak Ifrentzuak bilduma sortu zuen Lertxundirentzat bereziki. Bilduma horren bitartez, ahozko eta idatzizko tradizio euskaldunak eta, orokorrean, europarrak ekarri eta sakondu nahi ziren, irakurketari kutsu modernoa emanez. Bilduma horretan barneratzen dira hurrengoak: Piztiaren izena, Azkenaz beste, Argizariaren egunak eta Letrak kalekantoitik. Piztiaren izena Faustoren mitoari eta ongiaren eta gaizkiaren arteko harremanari buruzko ipuin-bilduma da. Urte batzuk geroago, Lertxundik ipuin horiek berridatzi zituen eleberri bakarreko egitura emanez. El huésped de la noche izenburupean argitaratu zen lan berria (Alfaguara, 2001). Azkenaz beste eleberrian (gaztelaniazko bertsioan Un final para Nora; Alfaguara, 1999) Nora eta bere aita, betierekotasunean, kalesa beltz batean noraezean ibiltzera derrigortzen dituen kondena misteriotsu bat kontatzen du. Bartzelonan, Salemen, Bostonen, Baionan eta Zarautzen lekutzen da istorioa. Argizariaren egunak eleberrian (gaztelaniazko bertsioan Los días de la cera; Alfaguara, 2001) heriotzari, obsesioei eta idazketari buruzko gogoeta egiten du. Eleberriak bi plano ditu: Alde batetik, protagonista-narratzaile bat dago, telebistarako free-lance modura lan egiten duen gaztea, lankide batekin bizi duen maitasun istorioa kontatzen duena. Amaiera tragikoa dauka istorioak; beste alde batetik, urte batzuk beranduago, protagonista bera agertzen da eroetxe moduko batean giltzapetuta eta aurrez kontatu duen maitasun istorioari buruz ari da. Dena den, ez da sekula argitzen protagonista eroa ote dagoen edo delitu bat egiteagatik preso dagoen.

1999an saiakera argitaratu zuen Gogoa zubi (Alberdania) izenburupean. Bertan 112 artikulu labur jasotzen dira hiru gai nagusi ardatz hartuta: euskara, euskal nortasuna eta euskarazko kulturaren etorkizuna.

Baina Lertxundi euskarazko haur-literatura nahiz gazte-literaturan ere mugarri izan da. Tristeak kontsolatzeko makina (Erein, 1981) euskarazko haur-literatura modernoaren aitzindaritzat jotzen da. Errealismo fantastiko modura kataloga daitekeen ipuina barneratzen da aipatutako liburuan, gerora, gaztelaniaz ere argitaratu zena La máquina de la felicidad (Alborada, 1988) izenburupean. Halaber, aipagarriak dira Portzelanazko irudiak (Erein, 1981; Iñaki Aldai goitizenarekin argitaratu zuena) nahiz Maria Goikoarenak sortako hiru liburukiak eta Maria Goikoarenak eta bi sortako lau liburukiak (Erein, 1981 eta 1985). Azken horietan haur-folklorearen inguruko material ugari erakutsi zuen Lertxundik. Halaber,literatura-tradizioaren iturriari eragin zion Peru eta Marixe, mila eta bat komerixe (Erein, 1993) lanean. Liburu horretan, beti umore kutsu batekin, Europako tradizio zabalago batetik jasota, ahozko literaturari dagozkion hainbat ipuin eta bitxikeria jartzen ditu neska-mutikoen eskura. Orobat, 1993an Tresak eta kordelak (Zarautzeko Udala) argitaratu zuen. Han, Zarautz ardatz hartuta elezaharrak, benetako pasarteak eta asmatutako narrazioak tartekatu zituen; liburu hori herriko ikasleen artean banatu zen. Madame Kontxesi-Uribe, Brigada & Detektibe bildumako sei liburukiek ere arrakasta izan zuten. Gazteentzat egindako umorezko liburu hori polizia-literaturan koka daiteke. 1986 eta 1990 bitartean argitaratu zuen Erein argitaletxeak. Eta XX. mendeko 90eko hamarkadaren amaieran gazteentzako beste liburu sorta bati lotu zitzaion. Maxe izena eman zion sorta horri, protagonista nagusia zen neskatoaren izena, hain zuzen. Haurrentzako beste lan batzuetan bezalaxe, sorta horretan ere hizkuntzarekin jolasean aritzeko grina nabari zaio Lertxundiri; hala, bide batez, aurreko belaunaldietatik jasotako esaera eta esamoldeak paratzen ditu, zenbait kasutan gainera, gaur egungo neska-mutikoen hizkerara egokituak.

Lertxundi zinema-zuzendaria ere izan da. 1985ean Hamaseigarrenean aidanez zuzendu zuen, izen bereko bere eleberriaren egokitzapena. 1986an Kareletik filma estreinatu zuen helburu horrekin idatzi ostean. Telebistari dagokionez, Euskal Telebistako Goenkale saioko lehen kapituluetako gidoiak berrikusteko arduraduna izan dugu Lertxundi.

2003ko maiatzaren 5ean, 2002ko Beterriko Liburua Aipamena saria jaso zuen Zorion perfektua eleberriari esker.

Alberdania argitaletxearen eskutuik obra ezberdinak argitaratu ditu azken urteotan. 2004. urtean Konpainia noblean, 2006.ean gaztelerara itzulitako Ihes betea eta 2008.ean aldiz Zoaz infernura, laztana.

2010. urtean Eskarmentuaren paperak argitaratu ondoren gaztelerara itzulia izan zen, urte bereko Saio Nazional Saria eskuratuz. Gainera, bere ibilbide literarioarengatik Rosalia de Castro Saria ere eskuratu du.