Literatoak

Urkizu Sarasua, Patri

Patricio Urkizu Sarasua, Patri Urkizu, 1946ko irailaren 2an jaio zen Lezon (Gipuzkoa). Filologia Erromanikoan lizentziaduna (Salamancan ikasi zuen) eta Euskal Filologian doktorea da Pierre D'Urteren hiztegia. Londres, 1715 (1989) doktorego-tesiari esker. Deustuko eta Bordeleko unibertsitateetako irakaslea izan da, eta Espainiako UNEDen euskara eta euskal literaturako irakasle da gaur egun.

Hainbat erakundetako kide eta zuzendari izan da: politikan, Lezoko alkate izan zen. Kultura-mailan, aldiz, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari (1898-1993), Eusko Ikaskuntzako Hizkuntza eta Literatura arloko zuzendari, Espainiako Narratiba Sari Nazionaleko epaimahaikide izan da. Euskaltzain urgazlea da, eta literatur lanekin batera, hainbat ikerketa-lan argitaratu ditu, tartean hainbat testu zaharren edizioak.

Kultur jardunean hasi zenetik, asko dira lezoarrak irabazitako sariak: Unamuno (ipuin-sariketa, 1989), Pío Baroja (ipuin-sariketa), Gipuzkoa (saiakera-saria, 1974 eta 1975), Kritika Saria (poesia-lan batekin, 1984) , Azkue saria (doktorego-tesiarekin, 1987), Irun Hiria (saiakera-lan batekin, 1988), Becerro de Bengoa (saiakera-lan batekin, 1994), Txomin Agirre (eleberri-saria, 1994), Koldo Mitxelena (ikerketa-saria, 1996 eta 1998), etab.

Patri Urkizuren lehenengo literatur lan luzeak, bere ibilbideko garrantzitsuenak direnak, 60ko hamarkadako zenbait testu albo batera utzita, 70eko hamarkadan kaleratu ziren. Hamarkada hartan bertan hainbat euskal egilek literatur eredu berri eta muturrekoak baliatu zituzten, abangoardien bideetatik. Horren lekuko, gogoangarriak dira, besteak beste, Joxean Artzeren poesia- eta plastika-lanak, Ramon Saizarbitoriaren hasierako eleberrigintza, Bernardo Atxagaren Ziutateaz (1976) eta Etiopia (1978) edo Koldo Izagirreren Zergatik bai (1976) lanak. Bada, aldeak alde, joera abangoardista horren baitan kaleratu zuen Patri Urkizuk Sekulorun sekulotan (1975) eleberria.

Sekulorun sekulotan izan zen Urkizuren lehenengo eleberria, eta gaur egunera arte lezoarraren lanen artean literatur kritikariek gehien aipatu izan duten obra da. Eleberri esperimentala da Sekulorun sekulotan. Lan horretan, pertsonaia baten bakarrizketa luze eta etengabea ageri da, eta ez daukagu ez lekuaren, ez denboraren koordenadarik, bakarrizketa ezerezetik zintzilik balego bezala. Alabaina, edukiak baino, formak eman izan du zeresana; izan ere, lan osoan ez da ageri puntuazio-zeinu bakar bat ere. Idazlearen asmoa XX. mende hasierako Europako egile arrakastatsu batzuek erabilitako (James Joycek, esate baterako) stream of consciousness (kontzientzia-korrontea) euskal literaturara ekartzea zen. Lezoarraren eleberria Saizarbitoriaren hitzaurre luzearekin kaleratu zen, non eleberria luze-sakon aurkezteaz gain, bere Ene Jesus (1976) lana ulertzeko (artean argitaratu gabe zegoen) zenbait argibide eman baitzituen.

70eko hamarkadan bertan Dorrejilko kanta (1977) argitaratu zuen Urkizuk, eta zenbait urtez ez zen bere beste literatur lanik kaleratu.

1984an agertu ziren lezoarraren argitalpen berriak, hiru, hain zuzen ere: Zeren azken finean (poema-liburua), Nola Kursaal berria suntsitu zen (narrazioak) eta Etsipenez. Jon Txahoren memorioizunak (nobela). Azken lan horren helburua zen Jon Mirande euskal idazlearen biografia nobelatua egitea, baina badirudi, orduko kritikarien esanei jarraiki, Urkizuk ez zuela helburua bete, obran biografia bera nobelari gailentzen baitzaio behin lehenengo atalak (Miranderen gaztaroari dagozkionak) igarota. Hiru lan horiek kaleratu ondoren, hamarkada bateko isilaldia iritsi zen berriro ere Urkizuren literaturgintzara.

Azkenik, 1995ean Zoazte hemendik! nobela kaleratu zuen. Denboran atzera egin zuen Urkizuk lan horretan, kontakizuna Espainiako Gerra Zibilaren sasoian baitago kokaturik. Euskal Herriko herri txiki batean bizi diren abertzale sutsuek (tartean Urkizuren aita izan zitekeena) herria utzi behar dute Gerra hastean, eta Ipar Euskal Herrira doaz ihesi. Han ere giroa ez da ona, eta, hain zuzen ere, lan horretaz idatzi dutenek giroa era sinesgarrian eraikitzeko lezoarrak eduki zuen abilezia nabarmendu izan dute.

Sekulotan sekulorun eleberria bezalako salbuespenen bat kenduta, literaturaren eta hizkuntzaren ikerketa-esparruan lortu ditu Patri Urkizuk emaitza onenak.

70eko hamarkadan bertan hainbat saiakera labur kaleratu zituen, hala nola, Literatura eta kritika (1970) eta Euskal teatroaren historia (1975) erreferentziazko lana. Hain zuzen ere, euskal antzerkia izan da Urkizuren ikergai garrantzitsuenetako bat. Ikerketa-ildo horri jarraiki kaleratu zituen handik urte batzuetara Zuberoako irri teatroa: Astolasterrak (1984) eta Euskal antzertia (1984) lanak ere. Ahozkotasunaren esparrua biziki gogoko izan du lezoarrak, eta herri-antzerkiez gain, bertsolaritza eta kantutegi zaharrak ere arakatu, aztertu eta argitaratu ditu. Horren lekuko dira Bertso zahar eta berri zenbaiten bilduma (1798) (1987) eta Bertsolaritzaren historia (1991) lan sakona, bi liburukitan emana, nahiz azken urteotan argia ikusi duten Balada zaharrez (2005) eta Agosti Chahoren kantutegia (2006).

Biografiak ere landu ditu Urkizu, eta bereak dira, besteak beste, Garbizu anaiak: "Zubigar", "Iruzubi", "Tege" (1921-1936) (1991), Claudio Otaegi olerkaria (1836-1890) (1991, Xabier Azurmendirekin batera), Jon Mirande. Orhoituz (1925-1972), Anton Abbadia. 1810-1897. Biografia saioa (2002), Maria Dolores Agirre eta euskal antzerkia (2004) obrak.

Ikerketaren esparruan, orain arte aipatutako materialez gain, eta arestian esan den bezala, hainbat literatur lanen edizioak prestatu ditu, baita zenbait idazleren gutun-bildumak ere. 80ko hamarkadan Gauaz parke batean. Ipuin izugarriak (1984) bilduma osatu zuen Jon Miranderen testuekin, eta urte hartakoa da, halaber, Santa Jenibeba (pastorala) pastoral itxurako antzerki-lana ere. Klasikoak bildumarako Jean Duvoisin -en Telemake (1988) obraren edizioa atondu zuen, baita gerraosteko Jean Pierre Iratchet -en Antton eleberriarena ere. Piarres Laffitteren literaturari buruzko idazkiak biltzen dituen Euskal literaturaz liburua eta Patxi Altuna Deustuko Unibertsitateko irakaslearen omenezko lana (Patxi altunari omenaldia, 1990) prestatzeko ardura ere lezoarrarena izan zen.

Beste literatur idazle askoren obra eta gutunen argitalpenak ere prestatu ditu Urkizuk, hala nola, honako hauenak: Agosti Chahoren Azti-begia eta beste izkribu zenbait (1992), Jean Elissalderen LVII.a gerlan (1995), Jon Miranderen gutunak (1995), Erbestetik barne-minez: Andima Ibiñagabeitiaren gutunak, 1935-1967 (2000).

UNED erakundearekin, bestalde, hizkuntzari eta literaturari buruzko zenbait lan kaleratu ditu. Bereak dira Antología de la literatura vasca: guía didáctica (1992), Historia de la literatura vasca (2000. Edizioaren prestatzailea izan zen eta liburuko ataletako bat idatzi zuen), Introducción a las lenguas y literaturas catalana, gallega y vasca (2004).

2004an Borja Aginagaldek Joan Perez de Lazarragaren XVI. mendeko eskuizkribua aurkitu zuen, larrearraren zenbait poema eta artzain-eleberri laburra biltzen dituena. Bada, eskuizkribuaren paperezko lehenengo argitalpena Urkizuk prestatu zuen eta Dianea&Koplak argitaratu zen urte hartako abenduan.

  • ALDEKOA, Iñaki. Euskal literaturaren historia. Donostia: Erein, 2008.
  • KAMINO, I. "Etsipenez. Jon Chahoren memorioizunak". Argia, 1984-12-23.
  • L.A.A. "Sekulorum sekulotan". Zeruko Argia, 1975-04-20.
  • LANDA, J. "Zuberoako irri teatroa: astolasterrak". Argia, 1989-12-31.
  • PERUGORRIA. "Sekulorum sekulotan". Anaitasuna, 1975-11-30.
  • SAIZARBITORIA, R. "Aitzin-solas", URKIZU, P. Sekulorum sekulotan. Donostia: Kriseilu, 1975.