Literatoak

Urkizu Sarasua, Patri

Sekulotan sekulorun eleberria bezalako salbuespenen bat kenduta, literaturaren eta hizkuntzaren ikerketa-esparruan lortu ditu Patri Urkizuk emaitza onenak.

70eko hamarkadan bertan hainbat saiakera labur kaleratu zituen, hala nola, Literatura eta kritika (1970) eta Euskal teatroaren historia (1975) erreferentziazko lana. Hain zuzen ere, euskal antzerkia izan da Urkizuren ikergai garrantzitsuenetako bat. Ikerketa-ildo horri jarraiki kaleratu zituen handik urte batzuetara Zuberoako irri teatroa: Astolasterrak (1984) eta Euskal antzertia (1984) lanak ere. Ahozkotasunaren esparrua biziki gogoko izan du lezoarrak, eta herri-antzerkiez gain, bertsolaritza eta kantutegi zaharrak ere arakatu, aztertu eta argitaratu ditu. Horren lekuko dira Bertso zahar eta berri zenbaiten bilduma (1798) (1987) eta Bertsolaritzaren historia (1991) lan sakona, bi liburukitan emana, nahiz azken urteotan argia ikusi duten Balada zaharrez (2005) eta Agosti Chahoren kantutegia (2006).

Biografiak ere landu ditu Urkizu, eta bereak dira, besteak beste, Garbizu anaiak: "Zubigar", "Iruzubi", "Tege" (1921-1936) (1991), Claudio Otaegi olerkaria (1836-1890) (1991, Xabier Azurmendirekin batera), Jon Mirande. Orhoituz (1925-1972), Anton Abbadia. 1810-1897. Biografia saioa (2002), Maria Dolores Agirre eta euskal antzerkia (2004) obrak.

Ikerketaren esparruan, orain arte aipatutako materialez gain, eta arestian esan den bezala, hainbat literatur lanen edizioak prestatu ditu, baita zenbait idazleren gutun-bildumak ere. 80ko hamarkadan Gauaz parke batean. Ipuin izugarriak (1984) bilduma osatu zuen Jon Miranderen testuekin, eta urte hartakoa da, halaber, Santa Jenibeba (pastorala) pastoral itxurako antzerki-lana ere. Klasikoak bildumarako Jean Duvoisin -en Telemake (1988) obraren edizioa atondu zuen, baita gerraosteko Jean Pierre Iratchet -en Antton eleberriarena ere. Piarres Laffitteren literaturari buruzko idazkiak biltzen dituen Euskal literaturaz liburua eta Patxi Altuna Deustuko Unibertsitateko irakaslearen omenezko lana (Patxi altunari omenaldia, 1990) prestatzeko ardura ere lezoarrarena izan zen.

Beste literatur idazle askoren obra eta gutunen argitalpenak ere prestatu ditu Urkizuk, hala nola, honako hauenak: Agosti Chahoren Azti-begia eta beste izkribu zenbait (1992), Jean Elissalderen LVII.a gerlan (1995), Jon Miranderen gutunak (1995), Erbestetik barne-minez: Andima Ibiñagabeitiaren gutunak, 1935-1967 (2000).

UNED erakundearekin, bestalde, hizkuntzari eta literaturari buruzko zenbait lan kaleratu ditu. Bereak dira Antología de la literatura vasca: guía didáctica (1992), Historia de la literatura vasca (2000. Edizioaren prestatzailea izan zen eta liburuko ataletako bat idatzi zuen), Introducción a las lenguas y literaturas catalana, gallega y vasca (2004).

2004an Borja Aginagaldek Joan Perez de Lazarragaren XVI. mendeko eskuizkribua aurkitu zuen, larrearraren zenbait poema eta artzain-eleberri laburra biltzen dituena. Bada, eskuizkribuaren paperezko lehenengo argitalpena Urkizuk prestatu zuen eta Dianea&Koplak argitaratu zen urte hartako abenduan.