Kontzeptua

Txuntxuneroa

XVI. mendean zehar, gure instrumentuen konnotazio baxuak biziki handitu ziren. Aspektu tekniko batzuk ere garrantzitsuak izan behar ziren, eta horien artean batez ere flauta hauen afinazio-arazoak, instrumentu talde homogeneotan interpretatzeko joera bereziki garatu zen garai batean. Horrelako zerbait gertatu zen geografikoki ere, praktika musikal hau Europako leku askotan desagertuz. XVII. mendeko organologia tratatu ia guztietan agertu arren, gure instrumentuei buruzko informazioa zehaztugabeak ere pentsarazten gaitu, beste erreferentzia batzuekin batera bakarrik leku gutxitako klase baxuen giroan gelditu zirela flauta eta danbor jotzaileak.

Euskal Herrian ditugun datuak biziki ugaritzen dira momentu honetan, eta hauekin batera udalek musikari hauekin egindako lehen hitzarmenak ere. Eta, euskal ikuspuntutik egindako lehen saiaera historiografikoan, Arnaud Oihenartek 1638an eginda, argi eta garbi esaten da euskaldunen artean asko erabiltzen dela; haien dantzetan ia beste musika-tresnetaz ez direlako baliatzen (1656: 140-141). Gure txuntxuneroak, beraz, XVII. mendean Euskal Herriko musikari arruntenak ziren iadanik.

Horrek ez du esan nahi, jakina, bere gizarte maila ere altua izan behar zenik. Ekintza profesionaltzat harturik, esku lana eta gainera musikaren artean baxuenetarikoa, txuntxuneroa izan zen, beste gauza batzuen artean, agoteek egin zezaketen lan bat. Bitxia da hau jakitea kontuan hartzen badugu askotan agoteei ez zitzaiela uzten beste pertsonekin dantzetan -jo zitzaketen dantza horietan hain zuzen ere- parte hartzen. Eta gure musikarien gizarte maila beherengoaren adierazle oso argia.

Euskal dantzak, hala ere, satanizatu izan ziren mende honetan sorginkeriaren kontrako prozesuetan. Pierre de Lancrek Iparraldeko sorgin ehiztari odoltsuaren ustez (1613) euskal dantzak bortitzak eta lizunak ziren, eta ipurdikadak deskribatu ondoren dudarik gabe Deabruaren seinaleak zirela esaten zuen. Dantza frantsesekin, jakina, ez zen gauza bera gertatzen, onesto, serio eta mugimendu lasaiagokoak baitziren. Egoera honetan, gure musikariak ezagutzen ditugun prozesu guztietan sartuta ikustea ezin da harrigarria izan. Batzuetan, akelarrerako seinalea egiten zuten haien instrumentuekin, askotan harreman oso estuak zituzten sorgin nagusiekin, beti haien dantzetarako jotzen zuten. Akusatuen artean andre bat ere bazegoen, XX. mendea arte emakumezko txuntxuneroei buruzko erreferentzia bakarra, eta kasu larriena Anotzibarreko txuntxuneroarena izan zen: Miguel de Xubiri 1575ean hil egin zuten garrotean.