Kontzeptua

Txuntxuneroa

XVIII. mendean klaseen arteko gizarte maila aldaketak nabariagoak egin ziren Euskal Herrian, eta horrekin batera musika ezberdinen tarteak ere. Hala ere, klase pribilegiatuen artean moda bukolikoa ere sortu zen Europa osoan, eta honen arabera musika-tresna herrikoi batzuk musika eruditoaren parametroetan sartzeko ahaleginak egin ziren. Beste alde batetik, Elizak benetako ofentsiba bat garatu zuen dantza desonestoen kontra, askotan benetan lizunak diren ala ez gehiegi ezberdindu gabe. Joera horretan barne literatura ugaria egin zen, agian adierazle nagusiak aita Palacios gaztelaniaz eta frai Bartolome Santa Teresakoa euskaraz izanik.

Kontestu horretan garatzen da, beste alde batetik, mugimendu ilustratu garrantzitsu bat Euskal Herrian, Euskalerriaren Errege Adiskideen Elkartean eta bereziki bere sortzailearengan, Peñafloridako kondearengan, zentraturik. Elkarte honek Euskal Errege Mintegi Aberkoia sortu zuen Bergaran, non euskal burukideen gaztediak nazioarteko hezkuntza har zezakeen, goi mailako musika eta dantza sarturik. Peñafloridako kondeak berak moda bukolikoa eta interes pedagogiko ilustratua konbinatuz, Azpeitiako danbolinteroari erakusten omen zion eta berak asmaturiko zortziko eta kontradantzak joarazten zizkion (Bagüés Erriondo 1990).

Nahiz eta batzuetan oso ziur ez dakigun euskal burukideak zein puntutaraino ziren ilustratuak, argi dago momentu horretan euskal udalak kontrolatzen zituztela, eta parte handia hartu zutela udal danbolinteroen kargua sortzeko. Europa osoan antzekorik ez duen berrikuntza honen arrazoien artean pentsa dezakegu gutxienez horietako bat une horretan hain garrantzitsuak ziren dantzak kontrolatzea izan behar zela, eta garbi agertzen da txuntxuneroen hitzarmen gehienetan. Izan ere, udal asko saiatu ziren horretarako neurri batzuk hartzen, bai Eliza bai herria baretzeko nahian, hala nola zapiak eskuen arteko kontaktu fisikoa ekiditzeko, dantzaren azken zatia (non ipurdikadak eta beste gehiegikeriak suertatzen ziren) kentzea, dantzak leku bakarrean egitea, agintarien agerpena eta iluntzerakoan bukatzea.

Erreforma hauek udal danbolinteroek dantzaldi horien arduradunak egin zituzten, baina honek ez du esan nahi soldata aski izan behar zenik, eta normalean borobildu behar zuten udal beste zeregin txiki batuk betez, hala nola pifanoarena, ehorzlerena, aldarrikariarena, postariarena, aguzilarena eta beste batzuk. Dantza-maisua ere izan zitekeen. Denbora pasa ahala udal txuntxuneroaren eginkizunak zehaztu ziren: jai-egunetako alboradak ematea goiko mailako pertsoneei, aginteei laguntzea prozesio, desfile eta ekitaldi ospetsu guztietan... edo beste modu batez esanda, hiri nagusietan klarinek zuten zeregina, dantza kontrol pean izateaz gain. Dantzaren onestasunaren arduradun eta udal ordezkari bihurtuta, neurri batean bere figura hobeki ikusita egon behar zen gizarte mailan.

Hori lortzeko, erabili zezaketen tresna bakarraz baliatu ziren: haien musika. XVIII. mendean, dakigun neurrian eta Europako beste leku batzuetan gertatu zen bezala, txistua ere musika eruditoaren parametrotan sartu zen pixkanaka. Iztuetaren arabera, Pepe Anton batek jarrizuen chilibitua musican. Segurik hitz hauekin adierazi nahi zituen bere garaian gure musikariek jasandako aldaketak. Laburbilduz, instrumentuen nagusitasuna txistuak (silbo gastelaniaz) hartu zuen danbolinaren gain; errepertorioa aldatu zen, minuetoak, kontrapasak, fandangoak, kontradantzak, baltsak, boleroak... integratuz, eta beste genero zaharragoak, zortzikoak kasu, biziki aldatu ziren, XVIII. mendeko musika eruditoen baliabide teknikoekin apainduz. Melodiak beraiek ere, jakina, aldatu ziren batzuetan. Aldaketa hauen adierazlerik hoberena Iztueta eta Albénizen doinu koadernoa, 1826an argitaraturik, da. Eta hobeki ezagutzeko, Jose Inazio Ansorenak 1995ean egindako edizioa ere oso interesagarria da.

Txistuaren eskala eta eremua handitu ziren, eskala luzatuz eta kromatismoak osatuz; esaldi melodikoek erregulartasuna hartzen dute, zortzi konpaseko esaldiaren eredua, aurrekari eta atzekariekin. Sistema tonal eta tenperatua hartzen da, benetako erronka txistuaren mugei begira; erritmika ere aldatu zen, eta orokorrean konpasaren inposaketa nabaria izango da. Eta polifoniaren lehen pausoak ematen dira: gero eta arruntagoa izanen da bikoteka jotzea, eta dakigun neurrian silbotea, txistuaren baxua, momentu honetan sortzen da. Garaiko ezaugarri teknikoak (bukaera femeninoak, apainduren narotasuna, eskala, kromatismoak... edo Iztuetaren hitzetan, fusac, semifusac, escala diatonicoac, trinaduac...) maiz agertzen dira.

Iztuetaren obra, jakina, ezinbestekoa da bere garaiko txuntxuneroak ezagutzeko, nahiz eta bere asmoa askotan errealitatea adieraztea baino joera bat inposatzea izan. Iztuetak, adibidez, euskal dantza zaharrak defendatzen ditu -nork esan zezakeen hori ehun arte lehenago- bere izaera onestoagatik: dantza lizunak kanpotarrak ziren, kontradantza eta fandangoa bereziki, eta bere liburuko orrialdeetan txuntxuneroak doinu zahar horiek mantentzera eta berriak ez erabiltzera bultzatzen ditu eten gabe.

Prozesu hau, noski, ez zen leku guztietan batera gertatu, eta danbolintero ilustratuak eta letragabeak elkarrekin esparru aski estu batekin biziko dira denbora luzez. Hala ere, udalek nahiko goiz hasi ziren musika irakurtzen eta idazten zekitenak nahiago izaten eta, ahal zen neurrian, konposatzen zutenak ere. Lehen interprete birtuosoak, hala nola Vicente Ibarguren edo Baltasar Manteli ezagutzen ditugu momentu hauetan. Batzuetan gure musikariek leku itxietan ere jotzen zuten, eta horretarako, soinua leuntzeko antza denez, thun-thuna edo hari-danbolina jotzen zuten danbolin arruntaren beharrean. Eta, Iztueraren hitzetan (1824:142), ez zuten danbolinatik eratortzen diren izen ohikoekin jendeak ezagutzea nahi, musika edo gizarte mailari begira konnotazio hobeak dituzten flautatik eratortzen direnekin baizik: primer silbo, segundo, músico mayor eta onelacoakin (Sánchez Ekiza 1999).