Dantza

Txino-dantza

Dantzaren historia hiru alditan banatu daiteke, Gerra Zibilaren aurrekoa, ia ezezaguna, Frankoren garaikoa eta berreskuratu zenetik XXI. mende artekoa. Frankoren erregimenak (1936) inauterien ospakizuna eten zuen, eta honekin batera Txino-dantzarena.

Berreskuratze prozesua lehenago hasi zen arren (1967), txino-dantza ez zen berriz 1975eko otsailaren 1erarte dantzatu, Loramendi Dantza Taldearen eskutik, Ramon Eraña buru zuela. Juan Jose Garciaetxabek transmititu zituen gerra aurreko dantza-pausoak, jantzi eta melodiak. Hauek, Demetrio Iriarte txistulari eta konpositoreak transkribatu zituen, eta hitzak Ramon Erañak euskaratu zituen, Edurne Galdosen gaztelerazko bertsio batetik. Bertso gehiago zeudela uste da, eta melodia pixka bat ezberdina izan zitekeela. Hortaz gain, jasotako hitz horietan akatsen bat antzeman da.

Berreskuratu zenetik, koreografian ere aldaketa txikiak eman dira. Txino-dantzak bi momentu ditu, batean bikoteek osatzen dituzten ilarek kalean aurrera egiten dute, eta bestean bikoteek jokoak egiten dituzte lekuan geldi egonda. Ilarak aurrera doazela, hatz erakuslea gora seinalatuz dantzatzen dute, lehen aurrera seinalatzen zuten arren.

Gaur egungo ibilbidea ezberdina da, eta herriaren eta inauterietako karroza desfilearen beharretara egokitu da, ordutegiarekin gertatu bezala. Arropa, gerraurreko garaietan sinpleagoa zen: emakume kamisoi txuria, aurpegia kortxo-errez belztua, buru estalia (ohikoena lastozko txapela zen), abarkak eta galtzerdi ezberdinak. Orain zapatilak, edozein txapel mota eta sarritan ardo orbanak soinean eramaten dira, nahiz eta saiatzen den azken hau gerta ez dadin.

Igandean dantzatzen den arren, jatorriz egun gehiagotan dantzatzen zela uste da. Ardura gaur egun Santa Ageda neska-mutilek badute ere, aurretik Loramendi Dantza Taldearen esku egon zen, eta lehenago herriko gazte koadrilen esku. Dantza egitearen ardura Santa Ageda neska-mutilena izanda ere, antolakuntzan Aretxabaletako Udalak egiten du lan, eta honek ematen die janzkera gomendioak, arauak, etab.

1986. urtean Aretxabaletako Karnabala ofizialki berrasi zenetik, Txino-dantza programaren erdigunean izan da.

1998. urtean Txino-dantzan emakumeek lehenengoz hartu zuten parte, nahiz Santa Agedako kintoen ospakizunean emakumea ez zen 2005. urtera arte sartuko, Santa Ageda mutilak, neska-mutil bihurtuz.