Konposatzaileak

Tejada Villaverde, Gonzalo

1960ko otsailaren 14an Donostian jaiotako konpositore, moldatzaile, baxu elektriko-jotzaile eta kontrabaxista.

Kontrabaxuko irakasle titulua edukitzeaz gain, Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofia eta Hezkuntza Zientzian lizentziatu da (Psikologia arloa).

Bere karrera guztian zehar jaso dituen sarien artean esanguratsuenak hauek dira: 1982ko Donostiako Jazzaldian "Eiderjazz" duoarekin lehen saria, 1987ko Jazzaldiko hirugarren saria "Kursaal" taldearekin, 1990an Eusko Jaurlaritzaren Lehen Saria "Triptico"-rekin, urte berean Luna lanari Eusko Jaurlaritzaren Konposaketa Hoberenaren Saria eta 1993an Getxoko Jazzaldian Bakarlari Hoberenari saria. Era berean, 1998, 1999 eta 2001an Tránsito, Motivos eta Divertimento konposaketengatik Eusko Jaurlaritzaren Musika Sormena Laguntza jaso zuen.

1981ean "Eiderjazz" bikotea sortu zuen. Urteetan, bere kabuz ikasi zuen eta zine, publizitate eta musika komertzialerako lanak egin ondoren, 1990ean bera buru zen "Tríptico" taldea sortu zuen. Ondorengo urteetan errepertorio ezberdineko taldeak sortu zituen: "Gonzalo Tejada Quartet", "G.T.Q. Quartet II" etabar. Era berean "Pirineos Jazz Orquesta" sortu zen momentutik, bertako baxu-jotzaile, kontrabaxista eta moldatzaile izan zen.

Gonzalo Tejadak instrumentista bezala lan zabala garatu zuen (kontrabaxista eta baxu elektriko-jotzaile), beti jazz munduko musiko esanguratsuenez lagundurik, besteak beste, Pedro Iturralde, Javier Garayalde, Perico Sambeat, Andrej Olejniczak, Jean Marie Ecay, Ove Larssen eta Peer Wyboris. Noizean behin Slide Hampton, Dizzie Gillespie eta Archie Sheep bezalko musikoekin jo izan du. Iñaki Salvador pianistaren Trioko ohiko kontrabaxo jotzailea da.

1998 eta 1999an zuen Lalo Schifrin konpositore eta zuzendariak zuzenduriko Euskadiko Orkestra Sinfonikoan kontrabaxo jotzaile gonbidatua izan zen Zineko musika-kontzertuetan jotzeko. 2001ean berriz ere Euskadiko Orkestra eta "Golden Apple Quartet" taldeetan esku hartu zuen kontrabaxista bezala.

2003an zenbait talderen buru zen, besteak beste, 2001eko Getxo eta Iruñea-ko jazzaldietan gonbitatuak izan ziren "Tejada Electric Quartet" baxu elektrikoadun laukotea eta "Gonzalo Tejada New Quintet" boskotea. Azken hau, kontrabaxuaz gain akordeoi-bibrandoneon, gitarra akustikoak, perkusioak eta saxoaz osaturiko ezohiko talde zen.

Irakaskuntza munduan, armonia-garaikide eta inprobisazioko irakaslea izan da. Donostiako Jazzle musika garaikideko eskolan kontrabaxuko eskolak eman ditu bost urtez eta "eskola magistralak" irakatsi ditu Getxoko Jazzaldiko III. Ikastaroen barnean.

Era berean, Pasaiako (Gipuzkoa) "Pasaia Musika" Musika eskolako irakaslea da eta baxu-elektroniko eta konbo irakaslea izan da Donostiako Musika Eskolan. Zarauzko III. Nazioarteko Jazz Mintegiko 3. maila zuzendu izan du Gary Bartz, Bruce Barth, Jay Newman, Seamus Blake eta beste irakasle batzuekin batera.

2003an Musikeneko kontrabaxua jazz joleentzat eta Inprobisazioaren teoria eta praktikako irakaslea zen.

Konpositore bezala jazzeko "Big-Band" taldeentzat berezkoak diren edo beste konpositoreen lanen orkestrazioak egin izan ditu "Jazzle Big-Band" bezalako taldeentzat. Jazzekoak ez diren, baina musika garaikidea jorratzen duten, taldeentzat honako lanak konposatu ditu: En Tránsito (I eta II. zatia), harizko orkestra eta jazzeko kontrabaxu bakarrerako fantasia; Kontzertu Zuria (Saxofoi bakarlari, tinbalak, bibrafono eta orkestrarako kontzertua); Motivos haizeko Kintetoarentzat; Concierto Breve klabezin eta koru mistorako; Concierto para un Amigo jazz-eko piano trio eta orketra sonfonikorako; Vida de SK formakuntza mistorako; Gabon Kanta arpa, flauta, perkusio eta hari orkestrarako; Gure Aita soprano, tenore eta orkestrarako; Fiesta de Luna hari kuartetorako eta Divertimento flauta eta pianorako.

PSG 2004.