Kontzeptua

Sozialismoa

Die deutsche Ideologie (Ideologia Alemana) idatzi zuen arte, ez zuen historiaz zeukan ikuskera materialista moldatu. 1845eko uda amaieran hasi zen obra idazten, Engelsekin. Aurreko idazkietan beste mota bateko interesak ikus daitezke, familian edo eskolan jasotako eraginen eta haren emaztearen etxean ohikoak ziren zaletasun intelektualen mendekoak. Haren ideiak nabarmen aldatu ziren Berlineko egonaldian, 1836an. Izan ere, hegelianismoarekin egin zuen topo, eta hori izan zen, zalantzarik gabe, bizitzako pausorik garrantzitsuena, Hegelen dialektika idealistari egindako kritiketatik harago, analisi-metodo haren balioa aitortu baitzuen. Hegelek arrazoiaren ardatzetik eratu zuen gizakia, eta mundu erreala eraikitzeko inspirazio gisa erabili zuen. Izpirituaren garapena adierazteko, hau da, adimenaren garapena adierazteko, erabateko ezagutza izateko ahalmena ematen zion adimenari, historia eta filosofia ere hartzen zituen eremu batean. Gizakiak giza kontzientziaren ibilbidea ezagut zezakeen, autokontzientzia lortzeraino, hots: mundua ezagutzeko eta aztertzeko gai zen, eta, ondorioz, bere ekintzak antolatzeko gaitasuna zuen, arrazoiaren beraren faseak ezagutzen zituen heinean. Ondoz ondoko fase bakoitzean giza izpiritua identifikatuz, aurreko faseko elementuak antzeman eta gainditu zitezkeen, hau da, Hegelek ukapenenaren garrantzia azpimarratu zuen, gauzen uneko egoeran eta etorkizunen izan dezaketen egoeran barneratutako tentsio dialektikoa bailitzan.

Marx bat zetorren neohegeliano batzuk Hegelen filosofiari buruz egiten zuten irakurketarekin. Irakurketa hori sekularizatu, eta erlijioaren, politikaren eta gizartearen kritika eratu zuen. Gizarteari dagokionez, Marxek harreman zuzena izan zuen benetako lan-munduarekin, Rheinische Zeitung egunkarian lankidetzan aritu baitzen. Izan ere, garai hartan zenbait gatazka sozial ezagutu zituen parez pare, egur-lapurretak eta Mosela zonako mahastizainen miseria, esate baterako. Haren ustez, gertaera haietan ekonomiak ukaezineko garrantzia zuen. Ordudanik, hegelianismoaren eta neohegelianismoaren zentzu metafisikoan oinarritu zuen bere kritika, autore sozialista frantsesen eta Frantziako iraultzaren historiaren ezagutza oinarri hartuta. Erlijioaren kritikari dagokionez, Feuerbach-en -neohegelianoa- ideiek Marxengan eragina izan zuten. Ondorioz, izate-pentsamenduaren jatorriari eutsi zion, eta ez kontrakoari, hau da, gizakiak Jainkoaz duen ideia gizakien nahien eta gaitasunen proiekzioan kokatu zuen. Ildo beretik, giza kontzientzia objektiboki adierazteari dagokionez, Hegelek Estatuari ematen zion nagusitasuna, gizakiaren benetako askatasuna eman ziezaiokeen goi-mailako erakunde soziala baitzen. Marxek horri buelta eman zion, eta herriari eta pertsonari eman zien garrantzia, erakundeen eta askatasun-statusaren sortzaile moduan. Beraz, hegeliar filosofian Konstituzioari eta Estatuari emandako lehentasunari buelta eman zion. Feuerbach-en gizatasunaren eragina agerikoa da Hegelen filosofiari buruz egin zuen lan kritikoan, ordura arte argitaratu gabe zegoena.

Deutsch-französische Jahrbücher aldizkarietan lankidetzan aritu zen, eta Estatuaren kritikan pixka aurrerapausoa zuen, norbanakoaren eskubideak salatuz, esaterako. Hala ere, ez ziren gizakiaren eskubideak, gizarte burgesa osatzen zuten indibiduo atomizatuenak baizik. Modernotasunaren bereizgarri den interes indibidual hori lortu nahi duen izaki pribatuaren -hau da, gizarte kapitalistaren- eta izaki komunitarioaren artean zegoen hausturaren jakitun, Marxen giza burujabetzaren ereduak haustura hori desagerraraztea helburu zuen. Horretarako, erlijioari, Estatuari eta gizarteari kritika egin behar zitzaien, mundua desitxuratzen zuen kontzientzia horri zegokionean. Uneko filosofia politikoa kritikatu eta gainditu ostean, etorkizunean garapen sozialerako ikuspegi berriak jorra zitezkeen, esklabutza-mota guztiekin amaitzeko eta gizartean burujabetasuna finkatzeko. Marxek langileengan aurkitu zuen beraren helburuak egi bihurtzeko klase sozialik aproposena. Izan ere, langileriaren burujabetasuna ezin zen gainontzeko gizarte-eremuetatik bereizi, eta, horrenbestez, zeregin unibertsala zuen. Politikak zama handia zuen haren argumentuetan, baina bazekien errealitatearen analisi orokorra egiterakoan hutsune bat zuela. Engelsekin bildu ostean, ekonomiarekiko interesa piztu zitzaion. 1844an, ekonomiaren inguruko gogoetak Ökonomisch-philosophische Manuskripte (Idazki Ekonomiko-filosofikoak) izeneko lanean bildu zituen, hainbat hamarkadetan ezezaguna izan dena.

Idazki horretan, ekonomia klasikoa kritikatu zuen, Adam Smith eta David Ricardo ekonomialarien ekarpenak eta mugak onartu zituen, eta besterendutako lanari buruzko idazkia erantsi zion. Lan horrek garai hartan komunismotzat hartzen zenaren barruan sartu zuen, eta gizon komunistatzat jo zuten, besterendu gabeko bizitza soziala edo "erabatekoa" zuen gizontzat, alegia. Testuaren zati batean, Hegelen filosofiari kritika egiten zion; baina, oinarri eragile eta sortzaile zen heinean, ezezkotasunaren dialektika errealitatea azaltzerako garrantzitsua zela aitortu zuen, dialektika hegeliarra pentsamendu abstraktuaren barruan mugitzen bazen ere. Marxek Hegelekiko zuen harreman kritiko/positibo hori ezezaguna izan da luzaroan, eta ondorio garrantzitsuak izan zituen mugimendu sozialistaren pentsamenduan eta jardueran.

Aldaketa historikoa jorratzen duen historiaren ikusmolde materialista 1844 osteko obrari hobeto egokitzen zaio, Marxen lehenengo idatziei baino, Die deutsche Ideologie (1845-1846) lanak erakusten duen bezala. Orduz geroztik, Bruselan bizi zela, Marxentzat Feuerbach-en humanismoak indarra galdu zuen (Thesis über Feuerbach - Feuerbach-i buruzko tesia,1845), eta ekonomiaren azterketak garrantzia handiagoa hartu zuen. Historiak egiaztatzen zuen pertsonen izaera haien ekoizpenaren baldintza materialen araberakoa zela, hau da, izaera ez zela bakarrik batek ekoizten zuenaren araberakoa, baizik eta baita ekoizteko moduaren araberakoa ere. Lurralde baten indar ekoizleen garapen-mailak lotura zuzena zuen ekoizpen-prozesuko lana banatzeko moduarekin. Hortik aurrera, gizarteek historian zehar izan beharreko bilakaera-faseen eskema proposatu zen, antolamendu soziala gizonen obra zela nabarmenduz, hots, gizonek egindako lanaren emaitza. Antolamendu sozial hori ez zen gizonek buruan zutena bakarrik, baizik eta haien kontrolez kanpoko baldintzen pean benetan egindako lanaren emaitza. Kontzientziak ez zuen bizitza sortzen, alderantziz baizik, eta, bitartean, lan-banaketa oinarri hauekin eraikitzen zen: jabetza pribatua, ezberdintasun sozialak, klaseen arteko borrokak eta egitura politikoak.

Ideia horiek zabaltzean, Marx eta Engels harremanetan jarri ziren langile-talde ezberdinekin. Londresen egoitza zuten langile aleman etorkinen sektoreak biltzen zituen League of the just (Bidezkoen elkartea) izan zen horietako bat. Elkarte horretako buruek enkargatu zuten Manifest der Kommunistischen Partei (Agiri Komunista) obra ezaguna. Aldarrikapenaren garaikide dira ingeles langileek Eskubide politikoen gutuna lortzeko abiarazitako mugimendua, eta 1848ko iraultzak kontinentean. Saiakera haiek porrot egin ostean, Marxek ekonomiari buruzko azterketetan jarri zuen arreta osoa. Dena den, azpimarratzekoa da haren pentsamendua ondo errotuta zegoela ordurako, Die deutsche Ideologie idatzi zenetik, eta urte haietan ezarritako oinarriak izan zirela haren hausnarketen gidari, hil zen arte. Ekonomia politikoari egin zion kritikaren emaitza dira, besteak beste, lan hauek: Grundrisse der Kritik der Politischen Ökonomie (Ekonomia Politikoaren Kritikaren Zirriborroa) eta Das Kapital (Kapitala).