Kontzeptua

Sozialismoa

Sozialismo marxistak garapen bikoitza izan zuen: aldaketa sozialaren eta iragana interpretatzeko modu gisa, batetik, eta langileek esplotazio kapitalistaren aurka egindako aldarrikapenen euskarri moduan, bestetik. Garapen teoriko marxista Europako beste herrialde batzuetan garrantzitsua izan zen arren, Euskal Herrian ez zuen apenas eraginik izan. Izan ere, gurean industrializazio-prozesua berandu hasi zen: XIX. mende amaieran estatuan, XX. mende hasieran Bizkaian eta geroxeago Gipuzkoan; Nafarroan eta Araban, berriz, 1955 eta 1975 artean, kapitalismoaren azkeneko loraldian, alegia. Horrez gain, Bizkaiko langile-klasea sortu zenean, II. Internazionalean langile-mugimenduak egoera berri hartan bete beharreko zeregina eztabaidatzen ari ziren. Europako herrialde gehienetan ondo errotuta zeuden irizpide ideologiko eta politikoak zituzten hizpide, baina hemen pentsamendu horrek ez zuen inolako tradiziorik. Sozialismo-bertsio ugarien artean, hasieran marxismoari lotutakoa -II. Internazionalean hegemonikoa zena, erabat- hedatu zen PSOEren aldeko bizkaitar langileen artean. Pentsamolde haren ahultasun teorikoa eta langileak antolatzeko indar eskasa nabarmenak ziren, ordea, eta horrenbestez, euskal lurretan hedapen txikia izan zuen. Jarduera hauetan oinarritu ziren: propaganda banatzea, langileak antolatzea eta manifestazioak egitea eta uneko bizi-baldintza zailari aurre egiteko, borroka sozial gogorra bultzatzea. Ondorioz, PSOEren euskal sozialismoak egitura sindikal eta politiko egonkortua eratu zuen XX. mendeko lehenengo hamarkadan, aurrera egiteko ahalmen eskasa izan arren. Ideologikoki, Frantziako sozialismo marxistarekin mendekotasun handia zuen. Sozialismo horren korronte guesdista-k langile-mugimendua muturrera eramaten zuen, eta, hortaz, alderdi errepublikanoekin itunak sinatzearen aurkakoa zen. Aitzitik, ez zeukan inguruko errealitatearen analisia egiteko gaitasunik. Langile-mugimenduaren lehenengo fase horietan, garaiko euskal nazionalismo politikoa sozialismoaren lehiakide zen hauteskundeetan, eta errefusatu beharreko elementutzat jo zuten. Teoria marxistaren oinarrizko testuetan, ez zen gai nazionalari buruzko hausnarketa sakonik egiten, eta PSOEren euskal sozialistek ez zioten gaiari heldu. Orokorrean, ez zuten berrikuntza teorikoekiko interesik, eta alderdi marxisten liderrek ez zituzten arazo sozial garrantzitsuak ulertzen, hala nola nazionalismoa eta baserritarren zeregina borroka iraultzailean. Hala ere, langile-antolamendua eta jarduera sindikala etengabean hobetzeko lan egiten zuten. PSOEk internazionalismoa aldarrikatzen zuen euskal nazionalismoaren gorakada politikoari ideologikoki aurre egiteko. Aldi berean, euskal nazionalismoak oso modu zehatzean ikusten zuen espainiar nazionalismoa. Azken hori garai hartan tradizio errepublikano federalistetatik kanpo zegoen, eta zentralismo kontserbatzaileak defendatutako tradizioen ildo berekoa zen.

Gerra Zibilera eta erbestealdira arte eskema horixe bera mantendu zen; baina, frankismoaren azken hamarkadetan eta monarkia konstituzionalera igarotzean, konplexuago bihurtu zen. Izan ere, herrialdeak industrializazio eta berrindustrializazio prozesu garrantzitsua igaro zuen, eta klase sozialek aldaketa handiak jasan zituzten. Horrez gain, baserritarren arazo historikoa desagertu zen, eta garaiko dinamika demografikoa positiboa izan zen, migrazio-saldoari esker. Halaber, langile-klase historiko berriak borroka sozialean nagusitasuna hartu zuen berriro, eta euskal nazionalismoa ere berritu zen, ezkerreko postulatu sozialista iraultzaileen ildoa jarraituz. Hainbat antolakundek sozialismoa -eta, zenbaitetan, marxismoa- hartu irizpide ideologikotzat: ETA bezalako antolamendu nazionalista berritzaileak, beren adar desberdinetan eta talde bereizietan; alderdi klasikoen barruko (PSOE eta PCE) antolamendu ezkertiarrak, 90eko hamarkadaren hasierara arte oso ugariak zirenak; baita nazionalismo historikoari lotutako sektore nazionalistak ere, ELA-STV sindikatua, esate baterako. Horrez gain, karlismo berrian ere antzeman zitekeen, nahiz eta mugimendu gutxitua izan ordurako.

Orokorrean, kolonizazioaren aurkako mugimenduei, Kubako iraultzari, mugimendu sozial berriei eta diktaduraren aurkako borrokei esker, sozialismoa berriz ere erreferente ideologiko izan zen, 70eko hamarkadatik aurrera. Oraindik ere, ez da hausnarketaren horizontetik desagertu, borroka politikoei eta laboralei dagokienez. Ikuspuntu teoriko batetik, sozialismoak, eta, zehazki, sozialismo marxistak, 1990etik sakonean aldatu den mundu kapitalista ulertzeko erronkari aurre egin behar dio. Aitzitik, azken urteotako aldaketa horien ondorioz, are zailagoa da azterketa soziala haztatua egitea. Gainera, ez dirudi sozialismoa bere hausnarketa eta euskal errealitate nazionala uztartzeko gai denik. Ekarpen teorikoak ez dira guztiz desagertu; baina testuinguru ezkertiar nazionalistan edo federalistan kokatzen dira, eta ez dute aldaketa sozialerako irizpide berritzaileak emateko adina sakontasunik.