Matematikariak

Odriozola Oñativia, Jose

Militar eta irakasle gipuzkoarra. Zestoa, 1785-08-11 - Madril, 1864.

Jose Odriozola XIX. mendeko zientzia- eta teknika-alorretako idazlerik oparoenetariko eta irakaskuntza- eta zientzia-proiekziorik nabarmendun militarretariko bat izan zen. Hala ere, hemen ez dugu zientzia- eta teknika-hedapenean izan zuen bere protagonismoagatik biografiatzen, bere interesen-esparrua aldatzen den eragatik baizik; XIX. mendean eman zirela uste dugun oldozmen eta ekintza-eboluzioari buruzko aldaketetariko bat maisutasunez adierazten digulako: zientzia eta teknikaren bitartez miliziatik industriarako igarobidea.

Zestoan jaioa, Odriozola margolari izatera deitua zirudien eta, beharbada, marrazketa-irakasle zereginera, 1803rako Arte Ederretako San Fernando Errege Akademian (Cadiz) matrikulatuta baitzegoen. Izatez, Akademiak antolatutako lehiaketa eta erakusketetan koadroak aurkeztu zituen, 1805ean bigarren saria lortuz. Ezin izan zuen, hala ere, Akademiko bezala onartua izaterik lortu, -irakasle izateko baldintza zen; (1814an izango da)-, 1808ko maiatzaren 2ko altxamendu militarra izan baitzen, eta kausarekin bat etorriz, matxinatutakoekin bat egitea erabaki zuelako. Bere San Fernandoko egotalditik, heziketa artistikoaz gain, Ikastetxeak irakaskuntza mailan hainbeste zaintzen zituen matematika ezagutzak eskuratu zituen.

Berehala, esparru militarreko irakaskuntzak erne berria zen artista gazte huraren interesa erakartzen hasi zen. 1808an kadete bezala Borbonen bolondresetara sartu zen, Galizian. Geroztik hainbat gertaera izan zituen: atxilotua izanez, ihes egitea lortu eta Cadizen aldezpenean lankide izan zen eta Marbellan larri zauritua izan zen. 1810ean bere lehen irakaskuntza-kargua lortu zuen, kadeteen batailoiko irakasle gisa, Andalucian. Gerora, epe laburrean, teniente (1813) eta Sevilla, Segovia (1814) eta Badajozeko (1823) Artilleria Ikastegietako irakasle-laguntzaile izendatu zuten. Segoviar ikastegi ospetsuan, egitez, 1820an bere lehenbiziko zientzia-emaitza izango zena lortu zuen (arrakasta gutxi izanik baina): jaurtigaiak irteten zuten abiadura neurtzen zuen tresna asmatu izana alegia. Badajozeko Ikastegia (San Luisen 100.000 semeren inbasioagatik) itxi zen 1823tik Alcala de Henareseko Ikastegira joan zen 1830era arte, Odriozola "mugagabetasun" egoeran egon zen. Impasse egoera horretan, hain zuzen ere, izan zuen bere bizitzako unerik emankorrena, unibertsitate mailako idazlan ugari baina teknikoki urriak zirenen aurrean heziketa militarreko goi-ikastetxeetarakoak izanik teknika- eta zientzia-idazlan kopuru ugari prestatuz, zegoen eskabidea hornitzeari ekinaz.

Bere lehenbiziko Compendio de artillería idazlanarekin hasiko gara. Beste ondorengo batzuen aldera, idazlan hau lurreko ofizialak prestatzen ziren Ikastetxe Militar Nagusirako "egina" zen. Arma berriak garatzen ziren neurri berean artilleria erabiltzeko moduak asko aldatu ziren. Esperientziak, ikertzaileek euren idazlanetan txertatzen zituzten arauak adierazten zituen, eta ez ziren piezen ezarpenerako instrukzioen eta euren zerbitzurako arauak aldez aurretik zeuzkaten kanpainan erabilgarri izateko maximak baino besterik (aipatutako arauak artilleria-Ordenantzetan txertatzen ziren; ezinbesteko ziren). Irakasbideotaz eta beste teknika-gai batzuetaz -frantziar egileengandik [Jean Antoine Chaptal (1756-1832), adibidez, bolboragintzarako] ateratako kanoiak, fusilak, artilleria-taktikak, etab.,- dihardu Compendio izeneko idazlanak.

1827tik 1829ra bitartean, Odriozolak, Artilleriarako Errege Kidegoko Goi-mailako Teknikarien Batzordeak bere ingeniari militarrentzako testu-liburu berriagoak izan nahiez emandako agindu bezala matematika-ikasturterako idazlan mardula idatzi zuen. Idazlana, lau alez osatua, Curso completo de matemáticas puras izenburupean argitaratu zen, (1.385 orrialde zituen) aritmetika, aljebra, geometria eta kalkulu infinitesimala zeuzkana izanik. Bere meritu eta akatsak baloratzeko tokia hau ez den arren, Odriozolak, aljebra egiturapean kalkuluaren tresna garatuz Joseph Louis de Lagrangeren (1736-1813) jarraitzailerik argiena izan zela esan behar da. Matematiken historialari ospetsuenetariko baten, Morris Kline, ondorengo hitzak, -Matemáticas. La pérdida de la certidumbre bere liburuan (Madril, 1985); [aipamena J. Navarro y Mª A. Velamazán-ek egindako idazlanean jasotzen da, Odriozolari buruzko ikerketarik osatuena izanez]- euskal militarrari ezin hobeto ezarri dakizkiokeenak begitantzen zaizkit: "El siglo XVIII finalizó con la lógica del cálculo y de las ramas del análisis construidas sobre el cálculo en un estado de total confusión.... Algunos gigantes, especialmente Euler y Lagrange, habían dado una fundamentación lógica incorrecta. Dado que estos hombres eran unas autoridades, muchos de sus colegas aceptaron y repitieron acríticamente lo que proponían e incluso construyeron más análisis sobre esos fundamentos". Hori bai, Lagrangek ez bezala, Odriozolak diferentzialen erabilera onartu zuen, bereziki kalkuluaren erabilera praktikoan. Eta hau espainiar matematikan ezaugarri berritsua zen.

Idazlanak izan zuen balorazioaren, oso baikorra, ondorio bezala, Batzorde berak goi-mailako heziketa militarrerako beste liburu bat -oraingoan mekanika aplikatuari buruzkoa- agindu zion. 1832an, hidrodinamika, hidrostatika, dinamika eta estatikaren oinarrizko oinarriak zekartzan bi alez osatutako Tratado elemental de Mecánica argitaratu zuen. Odriozola, bere idazlana egiterakoan Lagrange, Simeon Poisson (1781-1840) eta Pierre Simon de Laplace-n (1749-1827) mekanika lanez baliatu zen. Zazpi urte beranduago, Europatik zehar egindako bidaia (gero hitz egingo dugu hortaz) baten jasotako esperientziengatik aberastuta, 1839an Mecánica Aplicada a las máquinas operando izenburupean argitaratutako originalagoa zen beste liburu bat idazten hasi zen. "Originaltasunaren" ezaugarri bezala -distantzia bider indarraren emaitzarentzako- lana hitza sartzen du eta -energia zinetikorako- ? koefizientea eransten du, G. Gustave Coriolis (1792-1843) frantziar fisikoak 1829an jada horiek proposatu izandakoei jarraituz. Bere beste liburu batzuen artean hauek ditugu: Ensayo sobre la ciencia y las artes del dibujo (1831); y Mecánica Racional e Industrial (1863).

1834tik 1835era bitartean, Odriozola, lehenengo Frantzian eta Alemanian eta 1835ean Ingalaterran industria- eta teknika-militarrik aurreratuenekin ohitu zen, aipatutako herri horietan ingelesen liberaltasunaren eta frantziarren antolaketa -burokratikoa baina- ona gorazartuz, irakaskuntza militarraren eta bolbora eta armagintza-gaietan egunean jarriz. Bere etorreraren ondoren, Odriozolak zintzotasun handiz, eta baita nolabaiteko inbidiaz ere, bisitaldi horiek eragin zioten inpresioa adieraztera datorren 1836an argitaratutako Memoria bat dago. Pena merezi du Ingalaterraz, zati baten besterik ez bada, zer dioen aipatzeak: "Los progresos de los ingleses no se han elevado sobre invenciones indígenas, sino que son debidos al sistema de averiguar todo cuanto se idea...y apropiarse lo que consideran útil para su negocio. Así han adoptado los mejores métodos de colonias, de comercio, de marina, de milicia, de artes...de modo que en el día sirven de modelo a todas las naciones. Ellos han dispertado (sic) al codicioso genio industrial".

Ekonomia- eta gizarte-inplikazio argidun industria-jeinu hori gorestean, Odriozolak nazio-indarraren oinarri lez industriaren zalantzaezineko (zalantzaezinezkoa de facto, kanoigintzan altzairuaren garrantziak erakustera ematen zuen bezala) pertzepziora garamatzan jakintza-teknikoa, zientzia-jakintzaren aurrean, lehenetsi egin zuen. Hortik aurrera bere idatzietan jakintza-teknikoa, zientzia-jakintzaren beste edo gehiago hanpatu zuen.

Europatik zehar egindako bidaiaz, nahiko inpaktantea izan ere, geroztiko hamarkadan zehar, Odriozola bere asmoak praktikara eramaten ahalegindu zen, bereziki Euskal Herrian, beste garai baten ospetsua -eta ilustratua ere-- izandako bere Bergarako Seminarioan, bertako irakaskuntza planak berrindartze asmoz egitarau eta ikasgai berriak aurkeztuz, jardunaz. 1840an lehen eta bigarren mailako irakaskuntzen sustapenerako Normas idatzi zuen, bertan norabide praktiko eta esperimental argidun zientzia-gaien aldezpena eginaz. Odriozolak, izatez, garai hartan (eta egun ere !) benetan ohikoa ez zen "Filosofía natural para dirigir establecimientos industriales" irakastea proposatu zuen. Ea berehala, Gipuzkoako Aldundiko Batzar Nagusietan bere egitaraua onartu egin zen. Hala ere, 1845ean Seminarioko zuzendari izendatuta, irakaskuntza ez zen bere lehen planen araberakoa izan, agian baliabiderik ezagatik, bere "instrucción con aplicación inmediata a la industria" asmoak porrot eginaz. Porrota, hala ere, ez zen erabatekoa izan, 1851an Bergarako Industria-Zientziarako Errege Seminarioa zabaldu baitzen.

Odriozola gehien erakarri zuen industrializazioaren ezaugarririk bereizgarriena bere bitartez nazio bateko gizarteak antolaketa berri bat, indartsu eta eraginkorrago bat, lortu izatearena izan zen; ezaugarri hori euskal industriako arlorik nagusienari ezarri ziezaiokeela uste zuen: metalgintza edota muniziogintzari alegia. Bere asmoen adierazpenik nabarmenena 1844an Tallogaga (Hernanin) eta Zubillagako burdinoletan egindako burdina-piezei buruz Memorial de Artilleria aldizkarian argitaratutako ikerketa izan zen.

Olaizolak, uste zen bezala, bere ekimen eraberritzailean, ez zuen amore eman. Jada, Madrilen, 1847an Zientzia Zehatz, Fisiko eta Naturakoen Errege Akademia sortzen lankide izan zen, berako lehen kideetariko bat izanez. Urte horretakoa da, hain zuzen ere, jaurtigaien norabidearen kalkuluak erraztu eta aplikazio praktikoa helburu zituen agian gazteleraz argitaratutako bere generoan lehenbizikoa izango den Ensayo de un tratado de balística bere ekarpen garrantzitsuenetariko bat dugun idazlana.

Bere azken egunetara arte, Odriozolak industrializazioaren bere aldezpen sutsuari eutsiko dio, eta baita zientzien eta tekniken oinarriak azalduz idazlanak idazteari ekinaz bere industria-zirrara besterenganatzen ahaleginduz ere. Ez zion bere gogo bizi horri inoiz utziko (izatez, heriotza bere argitaratu gabeko Memoria nacional e industrial idazten zegoenean etorri zitzaion).