Kontzeptua

Nazionalismoa eta hezkuntza Euskal Herrian

Frantsesak eta gaztelerak hezkuntza-sisteman azkeneko mendeetan izan duten, eta duten, presentziak protagonismo ukaezina izan du nazioa/hizkuntza nazionalaren inguruko diskurtso ideologikoa eraikitzeko garaian. Euskal nazionalismoak, bere aldetik, osatu izan du hizkuntza/hezkuntza-sistema binomioaren gaineko ikuspegia nazio eraikuntzari dagokionez ardatz nagusia bilakatuz. Euskarak oso indartsua den identitate efektua du eta izan du euskal gizartean; eta hau horrela izan den -eta den- heinean, bai Estatu espainiarrak bai Estatu frantsesak bilatu izan duten identitate uniformearen aurka egin du. Horrela uler daiteke, euskal nazionalismoak historikoki salatu duenez, bi Estatu hauek -Estatu-Nazioaren hizkuntza ez den neurrian- euskararen konpetibitate politikoa ezabatzeko egin izan dituzten saiakerak -baita irakaskuntzan lekua izan duenean (egoera hoberenean ere, euskara eskubideen linboan baino ezin da kokatu)-; jokatu izan dute euskara gatazka-iturri balitz bezala, gatazka politikorako iturri, nazioaren izana bera ere arriskuan jarriko lukeen meatsua.

Estatu-Nazioari -ez berez Estatuari - aurre egiteko giltza indartsua izan da euskara euskal nazionalismoaren eskuetan; identitate kontrajarriak -zenbaitetan uztartu nahi izan badira ere- azalarazteko baliagarria, euskal nazioa eta nazio frantsesa/espainiarra bereizteko bidea eskaini izan dio. Sarritan maila ideologiko hutsean geratu bada ere -kultur nortasunaren elementu ideologiko apaingarria-, euskara euskal nazioaren funtsezko ezaugarria izan da euskal nazionalismoarentzat. Ondorioz, hezkuntza-sistemarekiko ezinbesteko erreferentzia puntua izan da euskara eta, kultur asimilazioari begira Estatuek ezarri nahi izan duten monopolioari amaiera emateko asmotan, irakaskuntzarena borraka gune politiko garrantzitsua bihurtu izan da. Euskal nazionalismoak aurre egin behar izan die urteetan eskolak eragindako euskarekiko amnesia eta gutxiesteari edota urruntasun afektiboari, honek euskal komunitate-nortasunaren apurketarekin duen loturarekin. Izan ere, euskal nazionalismoaren ikuspegitik, nola bada iraun bizirik, nola izan frantsesa eta gaztelaniarekin lehiatzeko gai (hau da, Estatu-Nazio frantsesa edota espainiarraren kultura nazionaleko hizkuntzekin lehiatzeko gai) hezkuntza-sisteman euskarak presentziarik ez badu?. Nahitaez, aurrez aurre egin beharra dago hezkuntza-sistemaren kontrolaren gaiarekin eta, ondorioz, kontrolak duen dimentsio politikoarekin: euskal nazionalismoaren aldetik argi azaldu da babes politikoa guztiz beharrezkoa zaiola euskarari, horrek soilik eskain eta ziurta baitiezaioke bizirik irauteko premiazkoa zaion hezkuntza-egitura.

Alde horretatik euskal nazionalismoak, sortu izan zenetik, hautu politiko ezberdinak egin izan ditu. Eskema orokor baten barruan, hiru sekuentzia nagusi nabarmendu daitezke. Alde batetik, euskal nazionalismoa sortu zen unean Estatu-Nazio espainiarrak (Espainiari begiratu baitio bereziki) bere legitimaziorako erabiltzen zuen hezkuntza-sistemaren aurkako erreakzioa. Bestetik, gizarte hedapen handiagoa lortu izan duen neurrian, hezkuntza-sistemaren kontrola lortzeko edota alternatibak sortzeko asmoz eginahal ezberdinak bideratuko dituen fasea (testuinguru honetan ulertu beharko litzateke autonomiaren defentsa, izan ikuspegi politiko batetik edota irakaskuntza erakundeen aldetik). Azkenik, euskal nazionalismoa bere hezkuntza-proiektu nazionala gauzatzera zuzenduko litzatekeen sendotze fasea (irudikatzen dena baino ez). Sortu zen garaitik, euskal nazionalismoa hezkuntza-sistema nazionalaren eragin nazionalizatzaileaz jabeturik, irakaskuntza Estatuaren kontrolpean egoteak euskal nazioaren dominazio armatzat hartu izan du, euskal nazioaren oinarri nagusiak diren euskal kultura eta euskararen arerio. Estatuari aurre egiteko borrokan, eskolari dagokionez, ikasleria, curriculuma, irakaskuntzaren kontrola, ..., eraso helburu nagusienetarikoak izan dira euskal nazionalismoaren diskurtsoan. Erreakzioaz gain, aipatutako bigarren fasera pasatuz, hezkuntza-sistema kontrolatu ahal izateko -neurri batean bederen- edota, nazioaren biziraupena helburu, aukerak sortzeko eta bultzatzeko jardun politikoa nabarmendu behar da: horra hor Autonomia Estatutuaren aldeko euskal nazionalismoaren apustu historikoa -zenbait herrialdeetan neurri bateko arrakasta lortu duena- edota, esate baterako, gerora agortua geratuko zen Bizkaiko auzo eskolen sorrera, EIBren inguruan antolatuko ziren euskal eskolak eta ikastolen mugimendua. Bestalde, euskal nazionalismoaren aldetik unibertsitatearena arazo nazionaltzat jo izan da, euskal unibertsitatearen aldeko adierazpenak ugariak izan dira edo, adierazgarriagoa izan daitekeena, gaurkoak ez diren euskal hezkuntza-sistema nazionalaren aldekoak. Dena den, ageriko asmoak bere horretan utzita, ezin da esan hezkuntza-proiektu nazionala gauzatze aldera urrats argirik eman duenik euskal nazionalismoak; irakaskuntzaren auzia herrigintza eta naziogintzaren eremuetan kokatu izan ditu, baina aipatu sendotze fasera iristeko ibilbidean ezinbesteko litzatekeen alderdia ez du aintzat hartu: estatugintza.