Kontzeptua

Nazionalismoa eta hezkuntza Euskal Herrian

Informazio osagarria



XIX. eta XX. mendeetan ardatz nagusia izan zen irakaskuntzaren estatalizazioaren testuinguruan, Estatua eta Nazioa bat etorraraztean eskolak bete izan duen funtsezko zeregina nabarmena izan da. Alde horretatik, kulturan zein hizkuntzan oinarritu nahi izan den komunitate-nortasuna gorpuzteko eginahalak garrantzia izan du. Bestalde, Estatuaren jardunbide politikoaren aurrean euskal nazionalismoak -naziogintza helburu- irakaskuntzari buruz azaldu izan duen ikuspegi orokorrak hiru ardatz nagusi ditu: hezkuntza-sistemaren kontrola, euskal kultura eta euskara. XIX. mendeak irakaskuntzaren estatalizazioari eman zion hasiera Estatu-Nazioaren eraikuntza prozesuaren testuinguruan. Jokoan, besteak beste, irudikatzen zen nazioa -subjektu politiko gisa harturik- gorpuztea zegoen eta horretarako eraiki beharreko hezkuntza-sistema. Irakaskuntzaren gaineko erabateko kontrola ezarriz, Estatuek zeregin integratzailea eman zioten eskolari, tresna nazionalizatzaile eraginkorrenetarikoa bihurtuz. Eginahal horretan Estatuek nazioak eskaintzen zuen komunitate-nortasunean oinarri sendoa izan zuten: hezkuntza-sistemaren eremuan kokaturik, irudikatzen den komunitate-nortasuna eta bertan kulturak eta hizkuntzak duten lekua dira oinarri nagusi.

Espainian zein Frantzian bete-betean islatzen da Estatu-Nazioaren sorreraren inguruan gertaturikoa: bi Estatuek hizkuntza amankomunak eta hezkuntza-sistema amankomunak sortu zituzten argi zehaztuta zeuden estatu-mugen barruan, lege sistema amankomunak ezartzen saiatu eta ezarri zituzten aldi berean. Eta kulturak eta hizkuntzak garrantzi nabarmena hartu zuten hezkuntza-sistemaren bidez Estatuek buruturiko nazionalizatze-prozesuan. Estatu frantsesak eta espainiarrak etengabe bilatu izan dute Estatu eta herritarren arteko lotura Estatuarekiko identifikazioa sortuz eta indartuz. Etengabeko harremana sortu izan dute -edo horretan saiatu izan dira- herritarra eta Estatu-Nazioaren artean honek dituen ordezkarien bidez (postaria, polizia, eskolako irakaslea, armada, ...), identifikazio gune nagusia, leialtasunarena barne, nazioan aurkitu behar delarik. Bi Estatuek komunitate-nozioa gauzatu beharrean aurkitu dira eta helburu horrekin frantsesak zein gaztelerak, baita amankomuneko kulturak, funtsezko garrantzia izan dute: Nazioa osatzen omen duten herritarren batasunera zuzendutako Estatu-jardueraren testuinguruan kokatzen dira Frantziak eta Espainiak buruturiko hezkuntza-politika eta alde horretatik hizkuntza/kultura batasunak Estatu bakoitzaren politika errazten du.

Euskal Herriari dagokionez, bilatu izan den batasuna ez da erabatekoa suertatu; eta Frantziak eta Espainiak irudikaturiko batasuna egon ez denean, batasuna helburu bihurtu izan da. Asmo horrekin, ezarri izan dira hezkuntza-sistema nazional uniformeak, uniformizazioak erraztu egin baitie Estatuei kultur eta hizkuntza batasunaren aldetik beharrezkoa izan duten integrazioa, hain zuzen ere Estatua bera indartzen duena. Alde horretatik, bai herri batasunari dagokionez, baita Estatu indarrari dagokionez ere, nabarmena da eraginkortasun maila ezberdina izan dela Euskal Herriari dagokionez, Frantzia indartsuagoa agertzen delarik, Espainia, aldiz, ahulago.