Kontzeptua

Nazionalismoa eta hezkuntza Euskal Herrian

Frantzian eta Espainian, komunitate nazional bakarraren nozioa sortzeko funtsezkoa gertatu da kultur identitatea, sendotasuna ematen baitio nazioaren definizioari. Nazioa, subiranotasun politikoaren oinarria, herritarrek osatzen duten kolektiboak dituen ezaugarriekin identifikatzen da; kultur identitatea horien artekoa. Hala, Frantziak eta Espainiak, beharrezkoa izan zaien -eta zaien- batasunak neurri handi batean orokorra behar zuen -eta bilatzen zen- kultur batasunean aurkitu du oinarri garrantzitsua: mesedegarri gertatu izan diren kultur adierazpenen alde agertu dira, beraiek ezarritako mugaz haratago joan eta arriskutsuak gerta zitezkeenen aurka jo izan duten aldi berean.

Komunitate politiko handiaren, nazioaren, parte izatearen uste osoa indartzen saiatu dira Frantzia eta Espainia herritarrengan kontzientzia nazionala errotzen ahaleginduz hezkuntza-sistemaren bidez. Herritarrek dagokien komunitatearekin -nazioarekin bat egiten duen komunitatearekin- apurtu ezinezko lotura izango lukete, berak ahalbideratzen baitie hiritartasunaren aldetik ezinbestekoa zaien erreferentea. Kultura identitate elementu garrantzitsua den neurrian, Frantziak eta Espainiak beren muga barruko herritarrak politikoki soldatu izan dituzte -edo horretan saiatu- frantsesa/espainiarra (omen) den nazioaren inguruan nazioarena den (omen) kulturaren iturritik edanaraziz. Dena den, bi Estatuek kultur ezaugarri bereziko komunitate ezberdinak integratzen dituzte, irudikatu izan duten komunitate bakarraren ideia sarritan kinka larrian jarriz. Eta Estatu hauen aldetik jarduera sistematikoa igar daiteke, estrategia politikoak zein administrazio arlokoak direla medio, besteak beste urteetako hezkuntza-sistemaren monopolioa kultur asimilaziorako tresna gisa erabiliz. Frantzia eta Espainia kultura horien garapena baldintzatu, indargabetu edo itotzen saiatu izan dira beharrezkoa izan zaien kultur homogeneitatea kolokan jar zezaketen neurrian, beti ere Estatu-nazioari funtsezkoa zaion identifikazio oinarri indartsua ahultzeko arriskuan ikusi izan dutenean. Frantzian eta Espainian, barne kohesioa helburu, kultura erabili izan da Estatuaren aldetik sakoneko ezberdintasunik dagoenik ukatzeko, era horretan funtsean bakarra den komunitate frantses/espainiarra banaezinezko nazioaren zutabetzat hartuz.

Frantzia eta Espainiaren aldetik kulturaren erabilpena egon denik ezin da ukatu, hain zuzen gizarte-kohesioa sustatzea helburu duena (espainiarra/frantsesa den kultura, komunitate espainiarra/frantsesa; komunitate barruko elkartasun harremanak eta ezberdintasunak sortzen dituzten mugarik ez, kultur nortasuna duen entitate politikoa, Estatua). Alde horretatik, ikur nazionalak eta kultura nazionala (literatura, historia, hizkuntza bera) pertsonen bizitzaren parte izanarazteko eskolak duen gaitasuna azpimarratu behar da. Kultur ezberdintasunek identitate/nortasun ezberdinak sor ditzaketen heinean, Frantziak eta Espainiak -salbuespenak salbuespen- kultur uniformizazioaren bidea hartu izan dute eskolaren eremuan. Kultur aniztasuna ezaugarri nagusia den testuingurutan kultura batek edo bestek izan dezakeen estatusa edo prestigio maila oinarrizkoa bilakatzen da Estatuek gorpuztu nahi izan duten komunitate nortasunari dagokionez: hezkuntza-sistemaren barruan bere lekua izateak kulturaren estatusa erabat baldintzatuko luke (euskal kulturak hezkuntza-sistema frantsesean eta espainiarrean historikoki izan duen presentzia horren lekuko).