Arkitektura

Motako gaztelua. Donostia

Urgulleko, Donostiako edo Motako gaztelua deritzona Gipuzkoako hiriburuko Urgull mendiaren gailurrean kokatzen da, hiriaren iparraldean hain zuzen ere.

Mendia hegoaldeko muinoei lotua zegoen garai batean, hondarrezko mingain baten bitartez, baina orain zeharo aldatua aurkitzen dugu, hiria bertaraino hedatu baita gaur egun. Mendiaren hiru laurden labarrak dira, ur gainean, Kontxa badiatik Urumea ibairaino, iparraldetik begiratuz gero. Laugarren aldean berriz, hegoaldean, hirigunea aurki dezakegu eta, beraz, hiria hesituz, gotortu egiten zen gaztelua zegoen mendia ere. Urgull mendia Donostia zaintzeko leku aproposa zen tontorretik daukan ikuspegiaren ondorioz eta horregatik bihurtu zen Motako gaztelua hiriaren defentsarako ezinbesteko elementua. Karlistadetan adibidez setio eta bonbardaketak pairatu zituen gazteluak. Bertan gaur egun oraindik ere nabariak dira etsaien aurka erabilitako kanoiak. Urgull mendian, baita Santa Klara uhartean ere, isolamendu geografikoa dela eta, iberiar sugandilaren mota berezi eta endemiko bat dago, balore ekologiko handikoa duena.

Eraikuntza itsas mailatik 88 metro ingurura aurkitzen dela esan daiteke, eta bertan Jesusen Bihotzaren estatua dago besteak beste. Donostiako alde Zaharretik oso gertu dago gaztelua, eta hiriaren izaera militarraren aztarna garrantzitsua da, garai bateko Euskal Herriko historiaren era arkitektura zibilaren islada izanik.

Nafarroako Antso Jakitunak eraikiarazi omen zuen Motako gaztelua. Hiriaren defentsa bermatzeko erabili ziren XII-XIX mendeen artean gaztelua eta baita bertako gainerako gotorlekuak ere. Garai haietan, harresiz inguratutako hiria zen Donostia eta Motako gaztelua berriz, itsasotik zein lehorretik hel zitezkeen arerioak zelatatzeko toki guztiz egokia zen, babeserako toki estrategikoa beraz. Donostiako hiriaren iragan militarraren lekuko zuzenak dira gaur egun talaietan ikus daitezkeen kanoiak. Lehen aipatu dugun bezala, mendia 1921 urtean eskuratu zuen udalak, eta orduantxe ireki zitzaion eremua publikoari. Beraz garai hontan eman zitzaion gaur egun duen erabilera eta izaera publiko eta naturalagoa. Gaur egun berdegune eta aisialdirako eremu garrantzitsua da donostiarrentzat eta ez du zerikusi handirik garai bateko izaera itxi eta babes funtzioarekin. 1950 urtean ezarri zen bertan Jesusen Bihotz erraldoia, 30 metro inguruko altuera duena.

Esan bezala, XI. mendean Antso III.a Gartzez Nagusia Nafarroakoak Urgull mendian defentsa-dorre bat eraikitzeko agindua eman omen zuen lehendabizi. Beranduago, 1194an Antso VII.a Azkarra Nafarroakoak gaztelua mendiaren gailurrean berreraiki zuen, defentsarako gotorleku gisa egin zuelarik. Hurrengo mendean berriz, Alfontso VIII.a Gaztelakoaren erregealdian gazteluaren inguruko eraikitze lana desberdinak burutu ziren. Honen ondoren etorri ziren Fernando IV.a Gaztelakoa eta Joanes II.a Gaztelakoak gazteluaren mantentze eta hornitze lanak gauzatu zituzten.

Esan genezake XIII eta XIV. mendeetan zehar gazteluaren egiturak ez zuela aldaketa handirik jasan. Baina ez zen berdina pasa XVI. mendean zehar, izan ere garai honetan hainbat kubo gehitu zitzaizkion jatorrizko eraikuntzari. Ekaitz batek 1688an bolborategian eragindako sutearen ondoren, berreraikitze lanak egin behar izan zituzten. Garai hartan Hercules Torrelli arkitektoa izan zen plano berriak gauzatzeko ardura izan zuena eta ondoren XVIII. mendean zehar ere hainbat eraikitze lan burutu ziren, izan ere gotorleku haien praktikotasuna mugatua zela ikusi zuten.

1863an Donostiako harresien eraispena eman zenean hiria babesik gabe gelditu zen, hortaz, mendearen azken laurdenean Urgull mendia gotortzeko eraikitze lan ugari egin behar izan ziren. XX. mendean defentsa sistemak zaharkituta gelditu eta gainera albo batera utziak izan ziren. 1921eko abuztuaren 25ean Donostiako udaletxeak Espainiako armadari Urgull mendia erosi zionean sortu zen parke bat bertan eta beranduago, 1925ean Monumentu Nazional izendatu zuten.

Eraikinaren deskribapenari dagokionez, honela bana genezake bere gotorlekuen izaera: alde batetik "El Macho", bestetik "Urka" XVI. mendean hegoaldeko gortinaren horma gainean jarria eta azkenik "Baluarteak eta bateriak" hiria eta gaztelua defendatzeko oso garrantzitsuak izan zirenak.

"Macho" izenez ezaguna den eremua, ziurrenik XI. mendean gaztelua kokatzen zen harkaitzean bertan eraiki zen, gaur egun Jesusen Bihotza kokatzen den tokian. "Matxo" eremu honetan, Motako Kristoren omenezko kapera bat ere badago. Noiz eraikia izan zen ezezaguna da, baina 1688ko bolborategien eztandaren ondorioz suntsitua gelditu zela jakina da. El "Macho" plataformaren gainean dago De la Motako kristoa gurtzen den kapera eta honi buruz dakigun bakarra 1688an bolbora xehearen leherketaren ondoren bizirik jarraitu zuela da.

Begiratokiko baluarteari dagokionez berriz, XVII. mendean eraiki zen. Erreginaren eta Napoleonen bateriak frantziar armadaren okupazio garaian eraikiak dira, baita Damenak, Santa Clarakoak, Gobernadorearen Baratzakoak eta Bardocasekoak ere, besteak beste.

Espanochi-ren harresiari dagokionez berriz, XVIII. mendean eraikia hau, gaur egun portuko gortina gordetzen da "Apaizen Pasealekua" izeneko tokian, eta Santa Teresa komentua eta begiratokiko baluartearen arteko zimentuen hondar batzuk. Espanochi harresitik atearen horma atal bat besterik ez da zutik gelditzen, Apaizen pasealekua deritzon zonaldean, bai eta Santa Teresako komentua eta Behatokiko bastioiaren artean aurki ditzakegun zimendu batzuk ere. Eremu honetan Ingelesen hilerria ikus daiteke, mendiaren iparraldean kokatzen dena. Hemen Espainiako Independentzia Gerran aliatutakoen gudarostean nahiz Gerra Karlistetan ingeles legioetan borrokatu ziren ingeles ofizialen hilobiak daude.

Eraikin hauek duten defentsarako izaera eta arkitekturaren izaera militarra nabaria da. Gaur egun, zenbait erakusketa areto prestatu dira bertan Donostiako historia ezagutzera emateko.