Kontzeptua

Modernitatea

Metodo berria erabiliz, Deskartesek zalantzak uxatu nahi zituen: horretarako, deus ez zaio kendu behar bere barne begirada, zorrotz eta zelatariari. Balorazio bakar bat ere ez, aurreiritzi bakar bat ere ez, sentipenen asaldura bakar bat ere ez. Ziurtasuna kritikaren bidez erdiesten da, burua argi izanik; modu horretan, pentsamendu modernoari berezko zaion kontzientziaren paradigma abiatzen da. Deskartesek guztia jartzen zuen zalantzan, metodikoki, eta susmoaren estrategia horren bidez dena aztertzen zuen zorroztasun handiz, aztura txikiena, esperientziaren datu ezdeusena nahiz eskuratutako ezagutza ezdeusena.

Jarrera hori kritikoa zen sistematikoki eta bere asmoa, gezurrezko egiak suntsituz egiazko ezagutza berreraikitzea zen. Jarrera horrek dualismo bat eta banaketa urratzaile bat eragin zuen, Deskartesen ondorengo mendebaldeko arrazionalismo guztian nabaritu zena. Alde batetik, kaos material gisa hautematen den mundu bat dugu, arrazionaltasun formal baten mugimendu mekanikoak zuzentzen duena. Arrazionaltasun horretara gizakia aurreiritziz gabetutako zientzia berriari jarraituz irits daiteke. Beste alde batetik, deserrotutako subjektibotasuna dugu, espazioaz eta denboraz haratagoko instantzia kritiko gisa hautematen dena, naturaren premia itsuaren aurrean erabat aske.

Bestela esanda. Ordena feudala suntsituta, ordena kosmikotik eratorritako bere ahaidetasunezko lotura eta harremanekin, mundua eta harekin dugun harremana banatzen zuten antzekotasun eta korrelazio sare hori ere suntsitu egin da. Orain gizakia bere bakardadean dugu, indeterminazio hutsa, pentsatzeko bere gaitasunaren kemen eta indarraz konbentzitua eta gaitasun hori modu kritikoan erabiltzeko prest, atsedenik gabe. Munduaren aurrez aurre.

David Humek (1711-1776) berezko azterketa egiteari ekin zion, ordura arte ezagutzen ez zen koherentzia eta zintzotasunez. Haren emaitzek Deskartesek baino nahasmen gehiago ageri zituen, baina, aldi berean, are sakonagoa egiten zuen amildegi eta zatiketa hori. Britainiako filosofoaren arabera, kontzientziako datuak asoziaziozko printzipio psikologo baten bidez antolatzen dira, zeinaren arabera, iritzi igarokorrak koherentzia oso bilakatzen diren. Baina hori, bere ustez, kontzientziak egindako lanaren ondorioa da, eta zorrotzak bagara, ezer gutxi gainera dezakegu munduari buruz. Gizaki modura existitzen garenik ere ezin dugu ziurtasunez adierazi, izan ere, pertzepzio zehatz bakarra ere ez da gai identitate izendatzen dugun ohitura, mania, eragin, errutina eta buru-asoziazioen mosaikoa agertzeko. Hori iritzien bilduma bat besterik ez da, beti mugimenduan direnak irudimenak elkartuta.

Hortaz, Humek jakinduria argi eta berezia aurkitzeko apustu cartesiarra muturrera eramaten du eta, bere ustetan, ezin gara gure pertzepzioetatik urrundu milimetro bat ere. Pertzepzioak errealak dira pertzepzio gisa, baina islatzen dutenaz ezin dugu ganorazko ezer adierazi, izan ere, hor kontzientziaren azturak eta proiekzioak nahasten dira.

Alemanian, Königsberg hirian Kantek (1724-1804) lekukoa hartu zuen. Ezagutza baten zilegitasuna berrezartzen saiatu zen eta, bide batez, esperientziaren unibertsaltasuna; dena den, ez zuen subjektibotasunaren nagusitasuna aldatu, aitzitik, areagotu egin zuen: epai zientifikoen baliozkotasuna edo justifikazioa gugandik at, munduaren objektibotasunean, alferrik bila aritu beharrean, prozesu kognitiboan bertan bilatzeko iradoki zuen. "Kopernikoren iraultzarekin" duen antzekotasuna ageri-agerikoa da: Kopernikok zeruen ustezko mugimenduaren zergatia zeruan ez, baizik eta Lurrean bilatzea proposatu zuen eta, ildo beretik, Kantek esperientziari dagozkion epai unibertsal eta beharrezkoen oinarria esperientzian ez, baizik eta gugan soilik bilatzea proposatu zuen.

Zalantzarik gabe inflexio-puntu bat dugu modernitatearen barnean. Kantek arrazoi kritikoa hastapenetik autokritikoa izan behar zuelako printzipioa islatu zuen bere obran, eta gogoetatsu agertu behar dela bere epaiaren aurrean; modu horretan, ahaltasunaren baldintzak argitzeko eta, era berean, arrazoi kritiko hori gauzatzeko modu ezberdinetan ageri diren mugak argitzeko. Une horretatik aurrera, arrazoia bere baitan jarritako lege guztien mende izan beharko da, egonarri handiz, nekoso; horrenbestez, iritzi unibertsalista, guztien artean parteka daitekeen instantzia modura ulertuta, berez, beste arrazionaltasun bat bultzatzen ari da, irekia, interpretaziozkoa eta bere baitan gogoetatsua dena, bidearen amaieran hermeneutika bat, taxonomia bat eta bukaerarik gabeko kritika bat soilik izan ditzakeen begizta amaigabe baten barnean.

Hori dela eta, arrazoian leialki oinarritzen den batasun berri bat eraikitzeko Kanten ahalegin miresgarria ere zapuztu egiten da. Ez da lotura zuzenik mantentzen gure berezko esperientziarekin. Ezagutzea dagoeneko ez da datuak jasotzea soilik; aitzitik, haiek eratzea, sintetizatzea, antolatzea eta guztioi dagozkigun formazko (ez psikologikoak) egituren arabera berreraikitzea inplikatzen du. Dena den, Kopernikoren iraultza berriaren ondorioz natura gizakiaren subjektibotasunaren inguruan biratuko da, gizaldi bat geroago, Alemaniako lehen idealistek eta erromantikoek intuitu zuten moduan. Kanten ostean, berez, egiarekiko sarbide ororen ordez interpretazioa barneratu da, interpretazio kritikoa, beti gauzatu beharko dena. Interpretazio hori ez da mundutik iristen diren datuei eta astinaldiei buruzkoa, baizik eta izaki arrazional garen aldetik, haiek berreraiki eta gure irudikapenezko eskeman txertatzeko dugun modu bereziari buruzkoa. Munduan erabat ahitu zen bidean, dagoeneko ez zuen inolako esanahi objektiborik.

Gogoeta sozial eta politikoaren arloan ere modernitateak zerotik hasi nahi zuen. Etika eta balore moralen oinarri berri bat sortu nahi zen eta auzi publikoetan ere legitimitate berri bat ezarri nahi zen. Dena den, ikuspegi berri horietako asko dogma jakin batzuen eta teologia kristauak izandako jokabidearen ondorio ziren. Lotura hori ezin da gutxietsi. Aukeramenean sinetsi gabe ezinezkoa izango litzateke giza askatasunaren aldarrikapena gorpuztea. Kristautasunak Sorkuntzari dagokionez gizakiari esleitzen dion funtsezkotasunik gabe, ezinezkoa izango litzateke naturari dagokionez hark hartzen duen distantzia eta ageri duen mugigaiztasuna eta, horren ondorio den munduaren erlatibizazioa ulertzea.

Erreforma protestante ezberdinen eraginez morala askatu egin zen erlijiotik eta norbanakoa bakarrik geratu zen Jaungoikoaren aurrean, espekulazio filosofikoak munduaren aurrean bakarrik utzi zuen bezalaxe. Eta mundua desitxuratzen hasten bada, Jaungoikoa ere desitxuratu egiten da. Hark dagoeneko ezin zuen legitimatu ordena feudala desagertzean sendotzen ari zen estatu berria, zeina, era berean, arrazoiaren gidaritzapean egon beharko zen. Hala, arrazoian oinarritutako gizakien bizikidetza bat arautzeko beharrezkoak diren baldintzak artikulatzea zen hainbat autorek zuten helburua, esate baterako, Thomas Hobbes, John Locke, Baruch de Spinoza edo Kant berak.

Ziur aski Hobbes (1588-1679) izan da teoria krudel eta desatseginena garatu zuena, baina, era berean, eragin gehien izan zuena mendebaldeko pentsamendu politikoaren historian. Anitz laburbilduz gizakiaren berekoikeriatik abiatzen dela esan daiteke, naturaren egoera hipotetiko batean izaki anbizio handiko, moralik gabe eta gutiziatsu gisa azalduko litzatekeena. Halako egoera batek gerra sortuko luke guztion artean, eta zuhurtziaz gure antzekoekin itunak egitera behartuko gintuzke eta gure askatasuna botere zentral baten eskuetan uztera, hots, estatuaren eskuetan. Leviatan berri horrek guztion segurtasuna bermatuko luke, eta interes orokorrari men eginez nahimen oro bakar batera mugatuko luke.

Ordudanik, kontratu sozialaren teoria hori pentsalari moderno guztiek onartu zuten era guztietako xehetasun eta ezberdintasunak barneratuta. Orokorrean, estatuari lagatze ezinbesteko horretan norbanakoaren askatasuna mantendu nahi izan da. Dena den, badira adostasun horren aurka azaltzen diren salbuespen adierazgarriak. Humerentzat, adibidez, oinarri errealik ez duen eraikuntza teorikoa da, argitzea baino gehiago nahastea dakarrena. Gizaki bakar batek ere ez du bere subiranotasuna modu askean laga, erabaki arrazional eta zuhur baten ondorioz. Humeren arabera, botere politiko ororen jatorrian konkista, usurpazioa eta ez-borondatezko otzantasuna besterik ez dugu.

Jean-Jacques Rousseau (1712-1778) filosofo ezagunak Hobbesen argumentua irauli zuen trebetasun itzel bezain samurra erakutsiz. Haren arabera, kontratu soziala baliogabea eta absurdua da borondateak kanpotik baino ez baditu batzen, indarra eta bortizkeria fisikoa lehenetsiz, haien arteko batasun barnekoa bultzatu beharrean. Halako kontratu bat ez da legitimoa ez duelako inolako balore moralik. Rousseauk irizten zuenez, norbanakoen benetako batasuna berezkoa izan beharko da, eta adostasun askea eta norbanakoaren askatasunarekiko elkarren errespetua izan beharko dira haren sostengu. Hobbesek uste zuenez, gizakia berekoia eta suntsitzailea da berez eta estatuaren beharra du bizikidetza jakin bat erdiesteko. Frantziako ilustratuaren iritziz, ordea, gizakia berez ona da eta gizartea da hura aztoratzen duena. Hori dela eta, Rousseauk nekerik gabe salatu zituen bere garaiko hipokresia, bidegabekeria eta ustelkeria.

Kantek egin zuen bezala, Rousseauk ere beste inflexio-puntu bat ezarri zuen modernitatean, izan ere, inork baino hobeto asmatu zuen egoera berriak ekartzen zituen anbibalentziak erakusten.

Norbanakoaren askatasuna defendatzen zuen sutsu. Hala, bere ustetan, soilik borondate orokorra babesten duen estatua kokatu ahal izango da legitimoki borondate eta interes partikularren gainetik. Bestalde, aurrerabidearen ideiaren epelean sortutako gehiegizko baikortasunaz kutsatu gabe, bazekien historiak ezin zuela atzerako biderik egin. Dena den, bere ametsik barnekoena zoriontasun egoera batera iristea zen, naturarekin bat izanik.

Haren ideiak eta harekin lotzen diren ilustrazioko pentsalarienak ulertzea ezinbesteko izango da, modernitatearen bilakaeran eta garapenean hurrengo gertakizun adierazgarria izan zena ulertu ahal izateko: 1789ko Frantziako Iraultza, historiaren oroimenean jendetzaren oldarraldia iltzatuko duena betiko. Irudimena, ausardia, desengainua eta justizia, poztasuna nahiz aspirazio morala eskuratzeko grina elkartzearen ondorioz, lehen aldiz jendetzak bere buruaren kontzientzia hartu zuen eta Erregimen Zaharra zatitzen zuten zutabe sozialak erauzten saiatu zen. 1789ko abuztuaren 26an Frantziako Asanblea Nazionalak Gizaki eta Herritarren Eskubidearen Deklarazioa onartu zuen, gizaki guztien berdintasuna aldarrikatzen zuena. Hor Rousseauren eta Ilustrazioko pentsamendu guztiaren arrasto ezabaezina nabari da.

Ilustrazioa erradikalizatze gisa uler daiteke, modernitateko balore handiak dirdira handiz erakusgai jartzen dituen korronte gisa. Horrenbestez, merezi du hartako ezaugarri zehatz eta baliozkoenetan erreparatzeak:

  • Gizakien arteko arazoak argitu eta ebazteko arrazoiak duen gaitasunarekiko konfiantza, hala espekulaziozko arazoak nola zientzia, politika eta gizarte arloetako arazoak.
  • Iraganaren aurkako polemika bizia, arrazoiaren laguntzaz historiako aro berri baten hastapena gerta zitekeelako uste baikorra.
  • Estatuaren laikotasunaren aldeko joera eta ikuspegi deista erlijiozko gaietan, konfesionalismo ezberdinak gainditu eta guztiontzako izango den egiaren nukleo bat bilatu nahi duena.
  • Zientzia enpirikoen aurrerapenarekiko interesa, eta, dogmatiko izateagatik ukaturik, eraikuntza metafisikoak abiapuntutzat hartuta fenomeno ezagutza bidezkoak eta moralak azaltzeari muzin egitea.
  • Gizakiaren ikuskera unibertsalista, ezberdintasun guztiak gainditu eta nazio guztiak barneratzeko gai izango zen kosmopolitismoa ekarriko zuena.
  • Heziketaren aldeko eta orokorrean kultura hedatzearen aldeko apustu irmoa, hori aurreiritziak, intolerantzia eta obskurantismoa gainditzeko bide onena dela iritzita.

Programaren arabera, ilustratuak, batez ere, ignorantziaren eta sineskerien aurka agertu zirela uler daiteke, eta kultura sistematizatu eta hedatzeko ahalegin goresgarria Enciclopedia o Diccionario razonado de las ciencias, las artes y los oficios argitaratuta gauzatu zela. Giza jakinduriaren eta trebetasunaren argitalpen osoa, 1751-1772 bitartean argitaratu zena zazpi liburuxkatan, Denis Diderot eta Jean d'Alemberten bultzada sendoari esker.

Obra horren helburu nagusia, Atariko Diskurtsoan irakur daitekeenez honakoa da: "lurraren azaleran sakabanatutako ezagutzak biltzea, sistema orokorra garaikideen eskuetara eramatea eta gerora etorriko diren gizakiei helaraztea, joandako mendeetako obra ez dadin antzu geratu datozen mendeetan"; (itzulpen moldatua gaztelaniatik). Baliagarri izango da une batez deklarazio horretan erreparatzea, erabat modernoa dena, gizakiarekiko eta etorkizunarekiko konfiantzari dagokionez. Ilustratuen arabera, jakintzak guztiok elkartu egiten gaitu denboran zehar, konplizitate eta itxaropen lerro batean, eta ezinbestekoa da gizarteek aurrera egin dezaten. Egia eskuratzeko nahia estratu zentrokide gero eta zabalagoetan hedatu behar da. Nahimen horri esker, arrazoi gero eta zorrotzago baten aldeko begirada sortuko da, berdintasunaren, askatasunaren eta anaitasunaren erreinu berriaren aurrekaria izango dena.

Espekulaziozko mugimendu aparteko baten eraginez, hasiera-hasieratik, pentsamendu modernoan sortutako susmoak indartu egin ziren. Ikusi dugunez, kontzientziaren paradigma Deskartesekin sortu zen, modernitatearen hastapenetan. Georg Wilhem Friedrich Hegel (1770-1831) kontzientziari buruzko fenomenologia grinatsu bat ezartzen ahalegindu zen, hura historiaren iragaitearen arabera aztertzeko. Hegelen asmoak aparte utzita, bere ikuspegi panoramikoak eta bere ikuspegi dialektikoaren kritika soziokulturalak agerian uzten dute kontzientzia modu guztiak bakoitzari dagokion garaiaren baitakoak direla, eta kritikak ere ezin diola muzin egin bere sorkuntzari.

Hona iritsita, kontzientzia historikoa, berez, inolako zalantzarik gabe, aurkikuntza modernoa dela ohartarazi behar da. Modernitate aurreko gizarteak denbora ziklikoaren eternitatean murgildurik bizi ziren, aldizka errepikatzen direnak. Aldizkako erritu horiek ereite eta uzta garaiekin, solstizioekin eta eguzkiaren edo ilargiaren erritmo adierazgarriekin, jaiegunekin edo erlijiozko ospakizunekin zerikusia dute. Gizarte horietan denbora ez da neurgailu gisa erabiltzen, izan ere, ez da kalkula daitekeen zerbait; are gutxiago, historikoki kalkula daitekeen zerbait. Horrela, gizakia historiarik gabeko denboran harrapaturik dago, eta bere zikloak naturaren zikloetan eta, are, guztia barneratu eta arautzen duten ziklo kosmikoetan txertatzen ditu.

Zibilizazio judu eta kristauaren oinarrietan denbora zikliko hori topatzen dugu, baina, aldi berean, historiak norabide bakarra duelako ustea ere topatzen dugu, Jaungoikoarekin elkartzean amaitzen dena. Horrenbestez, denboraren ikuskera lineala topatzen dugu, munduaren sorreratik historiaren amaierara bitartean igarotzen den tartetzat hartzen dena. Bestalde, historia, erorketaren eta bekatuaren historia gisa hautematen da; soilik amaieran, esku-hartze jainkotiar bati esker, edo Kristoren eskutik teologia kristauaren berrerospenaren ondorioz, behin betiko salbamena izango da eta pauso bakoitzari esanahi emango dio. Ikuspuntu teologiko horrek Mendebaldearen patua eta, ondorioz, gizadiaren patua baldintzatu zuen betiko.

Eta, ikusten ari garenez, Aro Modernoa ere sekularizazio-prozesu batean barneratu zen. Izan ere, historiaren amaiera dagoeneko ez bada Jaungoikoarekin elkartzean gertatzen, modernitateak balizko ordezkoen berezko errepertorio sekularra eskaini beharko du, modernitateak berak irekitako zikloari esanahia eta amaiera emango dizkiona. Hegelek erronka onartu zuen. Nolabait denboraren izaera ziklikoa berreskuratu zuela esan daiteke, juduen eta kristauen tradizioan finkaturiko norabide bakar hura mantenduz, hari izaera dialektikoa eman ostean. Are gehiago, prozesu horren benetako garrantzia ez zion munduari esleitu, ez Hume eta Kant ostean esanahi oro galdu duen mundu objektiboari; aitzitik, gizakiaren kontzientziari ematen dio garrantzia, sistematikoki eta minez auto-kontzientziarantz abiatzen dena. Hots, esapide erlijiozkoa erabiliz, bere salbamenera abiatzen dena.

Hegelen mugimendu hori ustekabekoa izan zen eta arrasto itzelekoa. Ilustrazioko aurrerabidearen ideia sendotu zuen, kontraesan artean aurrera doan mugimendu gisa, denbora historiko batean murgildurik bizitzea esanahi duen harridura gainditu ostean, azken jomuga erdiesten duena, erabateko adiskidetzea. Espiritu Absolutuaren identitate erabatekoa. Salbamenaren sekularizazioa, beraz, eta aurrerabidearen mitifikazioa, aurreikusitako amaiera baterantz abiatzen dena. Baina, era berean, kritikari beste instrumentu bat ematen dio, bere postulatuak erlatibizatzea eragiten duena, izan ere, postulatu horiek historiaren mugimenduan barneratzen dira; horrez gain, instrumentu horri esker, kontzientziaren egoera ezberdinak baldintzatutzat ulertzen dira. Modernitate irekia da, eskatologiarik gabea, norabide zehatzik eta loriazko gauzatzerik gabeko zer gerta hutsala.

Garrantzitsua da bi alderditan erreparatzea. Hegelen eskutik, modernitatearen kontzientzia historikoa umatu egiten da, gogoeta guztietan ezinbesteko elementu bilakatu arte. Are garrantzitsuagoa, sistema horretatik eratortzen den jakinduria absolutua ezin daiteke arrazoiaren bidezko azterketarik gabe utzi: bereganatze mugimendu horretan dena xurgatu behar da ezinbestean, hala historiako gertakariak nola natura bera. Hegelen arabera, mundua subjektibotasunaren une bat besterik ez da, lipar bat bere auto-ezagutzaren garapenean.