Kontzeptua

Mari

XIX eta XX. mendeetan bildutako euskal mitologiako materialak ez dira jatorri bakar eta berekoak, jatorri anitz eta anitz eraginpeko baizik. Ez da harrigarria beraz, pertsonaia beraren inguruan albiste diferenteak eta areago, albiste kontrajarriak agertzea. Alderantzizkoa litzateke harrigarria. Bildutako materialen azterketak eta indarrean dagoen testuinguruaren behaketak argi diezaguke pertsonaiaren hainbat nortasun kontrajarri horien artean zein izan litezkeen zahar eta jatorrenak eta zein berriz, azken orduko eta testuinguru berriaren eraginpekoak. Mariren kasuan, eta alde batera utzirik argi eta garbi kristautasunaren eraginez berriki sortutako sorgin gaizto bilakatze horiek, azterketak erakusten duen elementurik bitxi eta jatorrena, haren gogorik eta asmorik eza da. Izan ere, aspaldian indarrean dagoen testuinguruan, guk guztiok ulertzen dugun testuinguruan alegia, izaki gorenek, gogo eta asmo jakin batzuk izan ohi dituzte gizakien inguruan, eta gogo eta asmo horiek baldintzapetu ohi dituzte gizakiek haiekin dituzten harreman guztiak. Hainbat mendez nagusi ibili den kristautasunean, baina baita haren aurretik ere indoeuropar ideologian eta erlijio semitikoetan, izaki gorenek, jainkoek, badute plan bat gizakientzat: Jainkoek esaten diete gizakiei zer den ona eta zer ez, zer opari jaso nahi dituzten, zer bizimodu eraman behar duten, nor gurtu behar duten, nori obeditu behar dioten eta zer gertatuko zaien behar bezain esaneko jokatzen ez badute. Testuinguru horren eraginpean luzaroan egon ondoren, ez da harrigarria Mari ezagaz elikatzen ikustea. Egia eta zintzotasuna gizakien artean nagusi daitezen dihardu honela dabilenean, eta baditu, beraz, gizakiei erakusteko asmo eta ereduak. Hau ordea, kontraesanean dago Mariren beste hainbat agerraldietan suma daitekeen asmo eta eredu faltarekin. Izan ere, Marik ekarri ohi dituen kalteak aipatzen dituzten albiste gehienetan, ogen edo zigor kontzeptuek huts egiten dute, eta hori, biziki deigarria da aspaldian indarrean dagoen testuinguruan. Mariren eguraldiarekiko lotura deskribatzen duten albiste gehienetan Mari han edo hemen ibiltzea aipatzen da eguraldiaren gorabeheren adierazgarri. Mariren haserrea edo gizakien okerrak aipatzen duen albisterik egon, badagoen arren, gehiago dira, eta deigarriago, horrelakoak erabat huts egiten duten albisteak. Santa Barbara egunean Anbotoko Señorea koba barruan baldin badago hurrengo uda ona eta ugaria izango da, eta kanpoan badago berriz, sekulako ekaitzak eta triskantzak izango dira. Mariri senarra datorkionean bisitan egundoko kazkabarrak izaten dira. Mota honetako albiste sorta mardula dagoen arren, euskal mitologiako korpus osoan behin ere ez da ageri senarraren bisiten edota han edo hemen egotearen zergatia.

Eredu ezarlea ez den izaki gorenak ondorio ideologiko mamitsuak ditu. Lehenengoa eta nagusia, gizakiaren askatasun ontologikoa. Gizakia ez dago, bere gainetik dagoen gogo edo asmo baten menpe. Gizakia askea da. Bigarrena, eta txanpon beraren beste aldea dena, gizakiarena da ekimena. Hots, gizakia zigortuko duen jainkorik ez dagoenean, gizakiari babak eltzetik aterako dizkion jainkorik ere ez dago. Ekimena da askatasunari darraion korolarioa. Hein honetan, oraindik nabarmen bereiz daitezke euskal mitologiaren korpusean geratzen diren Mariren inguruko aztarnarik jatorrenak: Mariren gogorik eza eta gizakien ekimena azpimarratzen dutenak dira hain zuzen. Ekimen horren lehen adierazlea, herriak Mariren gorabeherei buruz duen ezagutza bera da. Ez da errebelaturiko egiaren moduan ikasitakoa. Behaketaren poderioz bildutakoa baizik. Gorabehera horien ezagutza da, eguraldiaren indarrak sinbolikoki kontrolatzen ahalegintzeko behar den lehenbiziko eta ezinbesteko oinarri ideologikoa. Mari, kontrolik eta asmorik gabeko naturaren indarren irudikapena da, eta gizakiak hura beren mesedetan menperatzen saiatzen dira. Beraz, lehenengo gorabehera horiek ezagutu, eta hurrena berriz, ahal den neurrian bideratu. Hona gizaki askeon ekimena.

Aipatu ezagutzaren jabe diren gizakiak eguraldia euren mesedetan bideratzen saiatzen dira hainbat albisteren arabera. Testuinguru kristauak hala aginduta, gehienetan apaiza ikusten dugu Mariren egoitzetako baten atarian konjurua eginez, atea indar magikoz itxi eta hura bertan harrapatuta uzteko. Baina kasu hauetan ere, ia guztietan herriak eskatzen dio apaizari lan hori bete dezan, honek hori gustuko lana ez bailuen. (Izan ere, Barandiaranek bere ohiko maisutasunez jasota utzi zuenaren arabera, apaizen konjuruen berriak jasotako lekuetan bertako apaizekin kontrastea egin eta hauetako inor ez zela inoiz honelako lanetan aritu erantzun zioten). Beste batzuetan berriz, kaltea gertatu eta gero joaten zaio kexati, bere garaian konjurua egin ez zuelako gertatu dela salatuz. Eta dena den ez dira falta, testuinguruaren traba guztiak gaindituta, herria apaizik gabe kobazuloko atarian erromerian konjurua egiten erakusten diguten albisteak, denetan jatorrenak.