Kontzeptua

Mari

Eguraldiaren gorabeherak izaki goren emakumezko batekin eta honen lurpeko egoitzekin lotzea, eta gorabehera horiek kontrolatu eta bideratze aldera lurpeko egoitza horietako atarira erromeriak egitea, Euskal Herritik kanpo ere aurki daitezkeen agerkariak dira. Tours-eko Gregoriok VI. mendean Okzitaniako Gevaudan herriko Helanus mendira egindako bat deskribatzen digu. Eta XIV. mendean Gobelinus Persona abade alemaniarrak, Westfaliako saxondarrei buruz diosku, euren jainkosa, Eguberri eta Epifania bitarte, ortzia zeharkatuz egin ohi zuen bidaiaren behaketa, eguraldia aurreikusteko baliatzen zutela. XV. mendean berriz, Antoine de Lasalle frantziarrak Italiako Norciako Vettero mendiko Sibilaren kobazulora bisita egin eta hari buruz idazten du. Sibila andere dotore eta jakintsua da, hildakoak piztu eta ugalkortasuna zabaltzeko indarra duena. Sorginen erregina hainbaten ustez. Lurpean sakon luzatzen den kobazuloan bizi da. Suge bihurtutako gizon batek zaintzen du atea. Bertan sartu direnak diotenez, haize bortitzak sortzen dira lurraren erraietatik. Lasalle Norcian delarik, zulotik sortutako ekaitzek uzta osoa hondatzen dute. Vettero mendia lainozko txapelaz estalita ikusita deskribapenen antzekotasunaz ez da harrituko itxura berdinez Anboto edo Txindoki ikusitakoa.

Mari ez da, beraz, Euskal Herrian baino bizi izan, euskaldunen artean beste inon baino osoago eta eraldatzeetatik libreago iraun ahal izan badu ere. Hedadura zabalagoa izan du, aurreko adibideek erakusten diguten modura. Horiek bezalako lekukotasun zehatz asko aurkitzea ezinezkoa den arren, aurrekook zilegi egiten dute zehaztasun gutxiagoko beste hainbat adibide enbor berekotzat jotzeko hipotesia. Hein honetan, Europaz gaindi Asia Txikiraino mundu klasikoan hain zabaldurik dagoen Lur-Ama jainkosak sugearekin duen lotura sinbolikoa gure gaiarekin loturikotzat jo daiteke oker handia egiteko beldurrik gabe.

Azterketa ideologikoa berriz, bat dator aurrekoak marrazten digun maparekin. Izan ere, eredu ezarle ez diren izaki gorenekin topo egin ahal izateko, jainko ez diren izaki gorenekin alegia,oso atzera egin behar da denboran gora. Kristautasuna eta indoeuropar kulturak bi mila eta bostehun urte inguruz dabiltza nagusi gurean, eta zerbait luzaroago Okzitanian, Westfalian edo Apeninoetako bailaratan. Zerbait atzerago egin behar da oraindik monoteismo semitikoak aurkitzeko. Esan liteke azken bospasei mila urteetan izaki gorenak eredu ezarle izateko joera izan dela nagusi. Eta hori baino atzerago egiten badugu, eta arkeologia oinarritzat hartuz, Neolitikoko nekazaritzaren iraultzaren garairaino iristen gara.

Biziki urrun dago garai hori, baina bertan ezin hobeto ezkontzen dira aztertu ditugun motiboen hedadura eta azterketa ideologikoaren konklusioak. Neolitikoko gizakia Naturaren zati izatetik Naturaren jaun eta jabe izatera pasatzen da. Bat batean, bera hasten da erabakitzen zein landarek aurrera egingo duen (laboreak eta orokorrean berak ereiten dituenak) eta zein landare galdu behar den (berak ereiten dituenari kaltetzen dietenak). Zein animaliak egingo duen aurrera (behiak, ardiak) eta zein galdu behar diren (otsoak, hartzak). Basoak soildu, lur azala zauritu, ... paisaia aldatu. Gizaki ehiztari-biltzailearen buruan sartuko ez litzatekeen ideologia berria. Bere burua Naturaren gainetik jarri duen gizaki Neolitikoa, eguraldiaren gorabeherak sinbolikoki kontrolatzen saiatzen da,- kate bereko beste maila baino ez da-, eta ez du bere buruaren gainetik legokeen inolako izaki adimendunik irudikatzen.

Hori da, bada, Mari. Nekazaritzaren iraultzak aspaldian sortu zuen Naturaren irudikapen emakumezko ez jainkotiarra, mundu neolitikoan zehar zabaldu eta geroko kultura berrien azpian leku guztietan galdu ondoren, Euskal Herriko bazterretan bizirik eta ezagutzeko moduan iraun duena.