Dantza

Makila Dantza

Horrela izendatzen da makilaz egiten den dantza. Horrelaxe egiten da Lanestosan (Bizkaia) Elurretako Ama Birjinaren ohorez egiten den prozesioan, abuztuaren 5ean. Horretarako, elorri zuriaren makilak erabiltzen dituzte, 2,5 eta 3 metro arteko luzera dutenak. Ekitaldirako koloredun zetazko paperez apaintzen dituzte makilak. Malguak direnez, dantzarien eskuetan uztai apainduak bilaka daitezke. Horregatik, Uztai Dantza ere izendatzen da.

Dantzari kopuruari dagokionez, bakoitia izaten da taldea. Gutxienez, zazpi kide izaten dira, buruan kapitaina dela. Bakoitzak bi makilaren muturrak eusten ditu. Modu horretan, makilari eutsiz, kideekin elkarlotzen dira, guztien artean talde batua osatuz. Taldeak bi posizio har ditzake. Lehen posizioan bi lerrotan jartzen dira, guztiak elkarlotuta eta kapitaina erdian dela, lerro bakoitzeko lehen bi dantzarien artean. Posizio horretan, kapitainaren aginduz, hainbat mugimendu egiten dituzte, zubiak eginez eta makila edo uztaien azpitik edo gainetik nahiz barnetik edo kanpotik igaroz. Beste posizioan ere elkarlotuta dantzatzen dute, kapitainak eta lerroaren buruan diren dantzarietako batek izan ezik. Kasu horretan, kapitainak, libre duen eskuan, makila laburrago bat hartzen du, gehienez 0,5 metroko luzera duena eta gainerakoak bezalaxe apaindua. Posizio horretan taldeak mugimendu gehiago egin ditzake, esate baterako, lerro bakarrean koka daitezke eta, kapitainaren aginduz, dantzariak elkarren artean gurutzatzen dira lerro horretan. Mugimendu horiek Ama Birjinaren irudiaren aurrean egiten dituzte, abuztuaren 5ean, Lanestosako zaindariaren omenezko festen barnean egiten den prozesioan. Irudia elizan utzi aurretik, prozesioak geldialdia egiten du plaza nagusian. Bertan, oro har, makila dantza dantzatzen da berriro Ama Birjinaren aurrean, dantzari batek egindako aurresku batekin batera.

Halaber, agintarien lagun izaten dira dantzariak, prozesiora bidean edo itzuleran haiei bidea irekiz.

Arratsaldez, auzotarren aldeko gorespen oihuak egiten dituzte. Goizeko handitasunik gabe, dantzariak etxez etxe abiatzen dira. Hala, etxe bakoitzaren aurrean dantzatu eta dantzarietako batek auzotar bakoitza urte askoan bizi dadila erregutzen du. Gainerako dantzariek gora oihukatzen dute, auzotarrek emandako opariak jasotzen dituzten bitartean. Festen amaieran, arratsaldez egindako gorespen oihuen trukean jasotakoa guztien artean banatzen dute.

Lanestosako udalerriari buruzko XVIII. mendeko datu batzuetan Elurretako Ama Birjinaren ohorezko dantza horien lekukotza jasotzen da jadanik. Ondoren ere badira horren inguruko datuak, gaurdaino tradizioa mantendu denaren adierazle.

Normalean txistuak eta danbolinak jarri izan dute dantzarien erritmoa. Iturri historikoen arabera, Karrantzako haraneko beste herri batzuetan ere dantzatu bazen ere, gaur egun, soilik Kantabriako mugakide diren herrietan dantzatzen dira antzeko piezak.

  • DÍAZ GARCÍA, Miguel Sabino. "Lanestosa: Notas para un estudio etnográfico de la Villa de Lanestosa". Tradiciones y costumbres del Pueblo Vasco.
  • DUEÑAS, Emilio. Condicionamiento festivo y tradición de danza. Estructura y celebración en Lanestosa y Este de Cantabria.
  • ETXEBARRIA MIRONES, Jesús y Txomin. Tradiciones y costumbres de las Encartaciones. Bilbo, 1997.
  • FELIU CORCUERA, Alfredo. "La Virgen de las Nieves en Lanestosa". Gure Herria. Donostia, 1987.
  • IRASTORZA, José Manuel. Lanestosa su danza y sus danzantes. Lanestosako udaletxea.
  • IRIGOIEN, Iñaki. "Danzas de Vizcaya". Dantzariak 3zbk . E.D.B.
  • IRIGOIEN, Iñaki. Danzas vascas en las escuelas. E.D.B. Bilbo, 1989.