Kontzeptua

Lizartzako Ihauteriak

Lizartzako Ihauteri dantzak egiteko oinarrizko dantzari taldea 12koa da, bi lerrotan kokaturiko sei bikotek osatuta. Dantzari taldea egitura militar batean oinarritzen da. Horrela, taldeko lehen bikotea kapitain eta sarjentu izenez ezagutzen dira. Taldearen eskuin aldean kapitaina kokatzen da eta ezkerraldean sarjentua. Ondoren lau bikote hilaran jartzen dira, eta azken bikoteko dantzariei espensero deitzen zaie. Hauen lana, taldea ihauterietan baserriz baserri puska biltzen ateratzen denean, puska jaso eta zaintzea da. Espenseroen ardura ere ihauteri dantzak edo brokel dantza dantzatzean makilak, palak edo brokelak banatzea da.

Oinarrizko 12 dantzariez osatutako talde hau handitu daiteke, baina, betiere, taldeari bi bikote gehituz.

Lizartzako Ihauteri dantzak zortzi dantzaz osatutako dantza sorta da: Paseoa, lehenengoa edo "primera", bigarrena edo "segunda", seigarrena edo "sesta", ostiko dantza, etxe dantza, lau ostiko, azken paseoa, makil dantza eta pala edo "brokel" dantza.

Dantza sortako dantza guztiak txistuz jotako dei batekin hasten dira.

Paseoa. talde osoak batera egiten duen dantza da, bikote guztiak elkarri begira eta txistu doinuaren arabera esku nahiz hankak gurutzatuz, belaun atzetik ostikoak emanez.

Lehena edo "primera. Sarjentua taldetik metro pare bat aldenduaz alboan jartzen da bere makil edo ezpata luzea eskuetan duela. Espenseroak ere taldetik zertxobait aldentzen dira, taldeak dantza egiteko lekua izan dezan. Sarjentuak eta espenseroek ez dute beste dantzarik egiten.

Lehenik kapitainak bakarrik dantzatzen du lehenengoa edo primera, taldeari nola egin erakutsi edo agindua emango balio bezala, dantzarien aurrean bi lerroen erdian kokaturik. Ondoren taldeak egiten du dantza bera errepikatuaz. Dantza taldeak dantza egiten duen bitartean, kapitaina sarjentuaren parean kokatzen da taldetik metro pare bat aldenduta.

Bigarrena edo "segunda". Kapitainak, aurrekoan bezala eta gainerako dantzetan egingo duen moduan, taldearen erdian, aurreko aldean kokatzen da eta berak bakarrik dantzatuko du bigarrena edo "segunda" dantza. Hanka mugimendu arinak eta ipurdia astinduz txapelarekin jendeari agurra eginez dantzatzen du. Kapitainak amaitu ondoren taldeak dantzatuko du.

Seigarrena edo "sesta". Beti bezala, lehenik kapitainak eta ondoren taldeak. Dantzariak, txistu soinuak horrela eskatzen duenean, belauna altxa eta belaun azpian txalo egin ondoren lekuz aldatzen dira. Dantzan zehar gurutze baten irudia osatu eta hasierako lekura itzultzen dira.

Ostiko dantza. Gainerako dantzen modura lehenik kapitainak eta gero taldeak egiten dute dantza hau. Talde militar batek martxa egin duenean pauso indartsuz martxa markatzen duen moduan dantza honek markatzen ditu lehen pausuak. Ondoren, txapela albo batera zein bestera mugitzen da jendeari agur egin nahian.

Etxe dantza. Lehenik kapitainak gero taldeak egiten dute dantza hau. Eskuinera hasi eta ezkerrera gero errepikatzen diren pausoak dira. Txapelaz agur eginez amaitzen da dantza hau.

Lau ostiko. Kapitainak bakarrik egiten du dantza hau. Eskuineko hanka poliki poliki altxatzen joaten da, musikaren doinuarekin batera ostiko txikiak ematen ariko balitz bezala. Ondoren ezkerreko hankarekin mugimendi bera errepikatzen du. Dantza jendeari lau albotara txapelaz agur eginez amaitzen da, burua makurtuaz txapela bera ere eskuetan duela.

Azken paseoa. Dantza hau ere kapitainak bakarrik egiten du. Musika doinuarekin batera kapitainak buelta eman eta atzeko aldera joaten da dantzan. Dantzari bakoitza agurtzen du, eskuak eta hankak gurutzatuz eta belauna atzean beste hankarekin ostiko bat emanez. Kapitaina taldearen atzeko aldera iristean buelta eman eta berriro taldearen burura itzuliko da jendeari agur egiteko eta dantza amaitzeko.

Makil dantza. Espenseroak lau bikotez osatutako taldeari makilak banatuko dizkio (dantzari bakoitzari bi makil). Taldea elkarri begira jarriko da eta txistu soinu biziz pareko bikoteari nahiz alboetakoari begiratuz makilak elkarren kontra astinduko dituzte, guzti hau buelta arinak emanez. Bikoteak lekuz aldatzen joaten dira, aurrekoak atzera eta atzekoak aurrera. Dantzari bakoitzak hasierako lekua hartzen duenean dantzari amaiera ematen zaio.

Pala edo "brokel" dantza. Espenseroak lehenik makil bat bildu eta ondoren pala edo "brokela" banatuko dio dantzari bakoitzari. Makil dantzaren modura, txistu soinuarekin batera makilak zein brokelak elkarren kontra joko dituzte, dantzariak lekuz aldatzen diren bitartean. Makil dantzaren modura, aurrreko bikoteak atzeko alderainoko bidea egin beharko du baina, oraingo honetan, joan etorria bi aldiz eginez.

Bukatzeko espenseroek makilak eta palak edo "brokelak" jasoko dituzte. Ondoren, musikaren doinuaz lagunduta eta militarren pausoa markatuz, talde guztia (kapitaina, sarjentua, dantzariak eta espenseroak) plazatik joango dira.

Taldeak daraman janzkera honako hau da, galtza zein alkandora zuriak, alpargata zuriak zinta gorriz apaindurik, eta zinta gorri hauek hanka gainean erronbo formak eginez gurutzatuak. Kapitaina eta sarjentuak hanka gainean artilezko bolatxoa edo ponpoia kolore desberdinez egina. Txapela eta gerriko gorriak, azken honen bi muturrak izterraren albo batean zintzilik direla. Bi mutur hauen alboan bi zapi, kolore bizikoak, gerriko gorritik buelta emanda eta dantzari bakoitzak kolore desberdinetako zapiak.

Alkandorako paparraren gainean bitxiak daramatzate zintzilikaturik (kateak nahiz brotxeak). Lepotik bueltan hiru puntako zapi handi bat, kolore bizikoa eta marrazki loredunaz apaindua. Zapiaren bi muturrak paparrean eraztun batez biltzen dira. Besoetan korapiloa eginda zinta gorri bana alboetara. Kapitainak eta sarjentuak txaketa bat daramate, motza, gerri parera iristen dena, bakoitzak kolore desberdinekoa, kapitainak gorria eta sarjentuak beltza. Kapitainaren txaketaren beso muturrean sei/zortzi puntako urre-koloreko izarra agertzen da. Kapitainak eta sarjentuak txaketa gainetik hiru puntako zapia daramate.

Kapitainaren makila edo ezpata. Egurrezkoa eta muturrean altzairuzko punta bat duena (erronbo itxurakoa). Guztira makilak edo ezpatak 70 zentimetro neurtzen ditu eta kapitainak beti eskuetan eramaten du. Ezpata honek muturrean, altzairuzko punta eta egurra elkartzen diren lekuan, kolore desberdinetako zintak zintzilik dauzka.

Sarjentuaren makila edo ezpata. Egurrezkoa da eta muturrean altzairuzko hiru puntako pieza dauka. Metro bat eta hirurogeita hamabost zentimetroko luzera du ezpatak. Honek ere, kapitainaren ezpatak bezala, egurra eta altzairuzko pieza elkartzen diren lekuan kolore desberdinetako zintak ditu. Sarjentuaren makila kapitainarena baino lodiagoa da.

Dantzarien makila: 54 zentimetroko luzera.

Dantzarien pala edo brokela: 18 zentimetroko diametroa.